Ibilbideak

Ibarrangelu, Bermokiz, Laga hondartza, Atxurkulu, Ogoño

  • Herrialdea: BIZKAIA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ibarrangelu, Bermokiz, Laga hondartza, Atxurkulu, Ogoño
  • Distantzia: 11,5 km. 3 ordu.
  • Ingurunea: Paisaia karstikoaz eta artadi kantauriarraz gozatzeko, Ogoñoko mendigunean barrena ibiliko gara oraingo honetan, Bizkaian.
  • Abiapuntua: Ibarrangelu

Mendi ibilbidea

Ogoñoko talaia

Paisaia karstikoaz eta artadi kantauriarraz gozatzeko, Ogoñoko mendigunean barrena ibiliko gara oraingo honetan, Bizkaian.
Ikuspegi ederra dago Ogoñoko talaiatik.
Ikuspegi ederra dago Ogoñoko talaiatik. JOSEAN GIL-GARCIA

2020-10-06 / Josean Gil-Garcia

Ogoñoko lurmuturra kare haitzek modelaturiko lautada zabal eta gogor bat da. Hala ere, mendigunean suertatzen diren zulo, arrakala eta pitzadurak, besteak beste, artadi kantauriar trinko batek maskaratu egiten ditu. Hosto iraunkorreko landaretzak paisaia apur bat leundu arren, arreta guztia itsasora begira dagoen horma bertikalak eskuratuko du. Izan ere, Ogoñoko hormatzarra berriketan ipintzeko bidea ematen duen altxor geologiko interesgarria da. Laga hondartzako ofitazko harkaitz azalera gerturatu besterik ez dago lurmuturraren handitasunaz ohartzeko. Mendigunea itsasoaren joan-etorrien mesedetan izanagatik ere, haren gainazal sendoa hagitz lehorra da. Esan nahi baita, errekastoen arrastorik ez dela ikusiko han, kare haitzak pairatzen duen haustura zinez galanta delako. Hegoaldean, berriz, Atxurkulu tontorra altxatzen da, sumendi baten antzera. Kraterreraino igoko gara bidexkan sigi-saga egin ostean. Aurrena, beraz, Atxurkuluraino bideratuko ditugu gure pausoak; hurrena, Ogoñoko talaiara gerturatuko gara; eta, azkenik, Lagako bazterren inguruan ibiliko gara.

Atxurkulu arraildua

Ibarrangeluko (Bizkaia) elizaren aurrean hasiko gara ibilian, magnolia eta arte kantauriar bikainak dauden plazatxoan. Ogoñoko talaiaraino lagunduko digun PR-Bi 165 zidorraren nondik norakoen berri ederki izango dugu bertan jarritako informazio taula batean. Kalean gora egingo dugu bide seinaleei jarraituta, Elantxobera doan errepidean gora. Apenas ohartu gabe, Ibinaga auzora helduko gara. Bidebanatzean, ezkerrera jo eta samur-samur ibiliko gara GR 123 eta PR-BI 165 zidorrek lagunduta.

Aldatsa amaituta, ezkerreko bidea hautatu, eta Ogoñorako urratsak egiten jarraituko dugu. Sarrua bidean aurrera eginda, Elantxobe herriari dagokion Bermokiz auzora iritsiko gara. Bide osasungarriarekin bat egingo dugu bertan, inguruko zidorrak dakartzan mahai panoramikoan irakur daitekeenez. Bermokizko bide sardan, eskuin-ezker egin gabe, Atxurkulu eta Ogoño aldera joko dugu.

Ogoñora igotzeko bi aukera baitaude; Ogoñomendi izena daraman landetxerantz abiatzen den bidea lehenetsiko dugu. Bidean gora ekinda, azken baserrira helduko gara. Bidexkak, ordea, bertan amaitu gabe, ezkerretik jarraituko du. Hala, terraza batean zehar ibiliko bagina bezala jarraituko dugu, kostaldeko paisaiaz bapo gozatuta. Arteak, urkiak, Ameriketako haritzak eta gaztainondoak gogaide, lepo batera bideratuko gaituen xendari men egingo diogu. Lepora iritsi aurretik, ordea, basoaren iluntasunean barrena doan xendari men egingo diogu. Ogoñoko talaiara heltzeko 300 metro falta direlarik, bide seinaleak Atxurkulu tontorrera igotzeko aukera emango digu. Guk halaxe egingo dugu. Artadi kantauriarrak ezkutaturiko lapiazean gora egingo dugu, sigi-saga, eta tontorrera helduko. Gailurra arrakala handi baten ertzean goititzen baita, tentu handiz ibiliko gara gainaldean, batik bat lainoa edo zoru bustia denetan.

Tontorretik panorama eder batez gozatzeko aukera dugu: Urdaibaiko zoko-mokoez gain, soa inguruan altxatzen diren tontor ezagunetara bideratuko dugu. Besteak beste, Oiz, Sollube...Tontorreko panoramaz bapo-bapo aseta, leku beretik egingo dugu jaitsiera. Zidor nagusian, eskuinera egin, eta Ogoñoko bisitatzera abiatuko gara.

Tontorretik Bermokiz auzora itzuliko gara, eta eskuinera hartuko dugu bidebanatzean, betiere Laga aldera jaisteko. Ibarrangelu eta Laga lotzen dituen errepide nagusira heldutakoan, errepidean behera segitu eta hondartzan izango gara. Ibarrangelura bueltatzeko nahikoa da jarraitu dugun errepidearen alboan egokitutako ibilbide berdeari segitu. Igoera xumea da, eta 45 minutu nahikoak izango dira itzulia ixteko.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather