Ibilbideak

Sarria, Baia ibaia, Aldarro etxola, Larreakortako ur jauzia

  • Herrialdea: ARABA
  • Zailtasuna: Oso erraza
  • Tontor eta leku izenak: Sarria, Baia ibaia, Aldarro etxola, Larreakortako ur jauzia
  • Distantzia: 10 km. 2 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Gorbeiako natur parkean amiltzen da Larreakortako ur jauzi apala, Baia ibai ezagunarekin topo egin aurretik.
  • Abiapuntua: Parketxea (Sarria)

Mendi ibilbidea

Larreakortako ur jauzi ezkutua

Gorbeiako natur parkean amiltzen da Larreakortako ur jauzi apala, Baia ibai ezagunarekin topo egin aurretik.
Basoak maskaratuta ikusiko dugu Larreakortako ur jauzia.
Basoak maskaratuta ikusiko dugu Larreakortako ur jauzia. JOSEAN GIL-GARCIA

2020-11-10 / Josean Gil-Garcia

Gorbeiako mendiguneak hamaika altxor gordetzen ditu bere sabel handian. Orain arte basoak jantzi duen kolore aniztasunak, protagonismo osoa emango dio urari. Ibaiko urari. Izan ere, udazkena azkenetan dago, eta negua ate joka dabil. Euri jasa mardulak gertatzen direnean, makina bat ur jauzi dotorek zipriztintzen du han eta hemen 20.000 hektarea dituen eremu babestua. Orduan, bai ikuskizun aparta! Parkeko tontor sonatua gutxietsi gabe, baina, ibiltari asko ibili ohi dira halakoen bazter ezkutuetan barrena, betiere jauzika eta boteka doazen ur emariek sorrarazitako paisaiarekin gozatzearen kariaz. Zaldibartxo, Aldabide, Sintxita eta Uguna jauzi akrobatiko batzuk dira. Ederrak denak. Baina ez guztiak.

Gorbeiako natur parkearen hegoaldea korritzen duten ibaietan ezaguna, akaso, Baia da. Entitate handiko ur-lasterrei egozten zaien moduan, Baia ibaiak ez du hegoalderako zeharkaldia bakardade tamalgarrian egiten. Lagun emaritsuak ondo-ondoan hartu, eta sakanetik behera egiten du ibilbidea.

Larreakorta ibaia Herrerias sakana deskubritzen laguntzen dutenetako bat da. Ur jauzi otzana sorrarazten du basoan. Umila eta esanekoa izanda ere, ikuskizuna, zinez, arras polita da. Bukolikoa bezain liluragarria. Inguruan pago sendoak ikusiko dira, jauzi xumeari azken agurra eman nahi izango baliote bezala. Uraren ihesa samurtze aldera-edo, zuhaitzon erroak bustita agertuko dira. Sustraiok, ordea, ez daukate galtzeko ezer. Erro sakonekoak izan ez arren, ehunka urte eman dituzte bertan, ibaiaren ertzean, kontakizun eta pasarte ugariren lekukoen moldean. Jauzia, bat-batekoa da. Eta minutu gutxiren buruan, magia trikimailu bat balitz bezala, Larreakortak daraman ur emariak Baia erraldoiarekin egingo du topo. Ederra da ikusmira.

Parketxetik aurrera

Larreakortako ur jauziaz gozatzeko asmoz, Gorbeiako natur parkeko harrera etxera doan errepidea segituko dugu, Murgia herrian (Araba). Hala, Sarrira iritsita, Markinara doan bidea laga, eta zuzen joko dugu. Baia ibaiaren paraleloan doan bideari eutsita, parkeko informazio gunera iritsiko gara.

Ibaian gora hasiko gara ibilian. Zaldibartxo ur putzuaren ondoan igarota, Igas zubira iritsiko gara berehalakoan. Ibaitik pitin bat aldenduta, igotzen hasi, eta minutu gutxiren buruan, Aldarro etxolara helduko gara. Burbona mendira doan basabidea lagako dugu han, eta ibaiaren ondoan jarraituta, Arkaraiko zubiraino jarraituko dugu. Ibaia gurutzatu gabe, ordea, eskuinetik doan basabideari ekingo diogu. Arkaraiko harrizko zubi zaharra segituan bistaratuko dugu zoko-moko batean, landaretzak ederki maskaratuta. Larreakorta ibaia gurutzatzeko eta, beraz, Gorbeiara igotzeko aukera izango dugu berehala. Bidegurutze horretan, ertzaz aldatu gabe, uraren konpainian jarraituko dugu, baita goratasuna hartzen ere. Basabideak paraje eder batean gaindi bideratuko gaitu.

Herrerias sakanaren gaineko ikuspegi ederra izango dugu orduan. Ibaiarekin bat egin aurretik, ur jauzi dotorea entzun eta ikusi egingo dugu, pago galantek babestuta.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather