Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Mendi ibilbidea

Urdaibai, hegaztien pausaleku

Urdaibaiko biosfera erreserba inguruan jarritako web kamerei esker, aukera dago padurara bisita egitera datozen hegaztiak ikusteko.
Urdaibaiko padura naturgune aberatsa da.
Urdaibaiko padura naturgune aberatsa da. JOSEAN GIL-GARCIA

2020-11-17 / Josean Gil-Garcia

Bizkaiko kostaldeak hamaika altxor ditu. Hegaztien antzera alegiazko hegaldi bat egingo bagenu ekialdetik mendebaldera, Urdaibaiko parajean geldialdi premiatsu bat egingo genuke. Dudarik gabe. Ingurumenari eta kulturari erreparatuta, interes handiko ekosistema ugarik egiten dute bat Urdaibaiko paradisu oparoan: besteak beste, estuarioak, padurak, ibaiak eta sistema karstikoak. Naturgune guztiak, gainera, Natura 2000 sare ekologikoaren barruan daude. UNESCO erakundeak biosfera erreserba izendatu zuen 1984an, eta, geroztik, mundu osoan osaturiko sare garrantzitsu baten ezinbesteko bidelaguna da naturgunea.

Azken urteotako kontserbazioarako lanak direla medio, ezinbesteko museo bizi bilakatu da Mundakako itsasadarrak itxuratu duen natur-mosaikoa. Ekosistemarik deigarriena, akaso, bertoko padurak osatzen du; hots, Oka ibaiko ur gezak eta itsasoko ur gaziak bat egiten duten eremu aberatsak. Ikasleek parada ezin hobea dute Urdaibaiko estuarioa bertatik bertara ezagutzeko, Madariaga Dorretxeko Biodibertsitate zentrotik antolatu ohi diren hezkuntza jarduerak baliatuta.

Oruetako padura

Konfinamendu egoerari izkin egite aldera, ikasleek ez ezik, ibiltariek ere aukera dute biosferako zoko-mokoetan osteratxo bat egiteko; etxetik atera gabe, gainera. Dokumental batez gozatzearen kariaz, Gautegiz Arteagako udalerrian (Bizkaia) dagoen Urdaibai Bird Center ikerkuntzarako etxeak modua eskaintzen du egunotan bisita egiten ari zaizkigun hegazti migratzaileak eta bertakoak isil-gordeka ikusteko. Adituen hitzetan, 250 bat hegazti espezie ikusi daitezke urdaibaiko erreserban urte osoan. Koronabirus gaitzak ohiko jarduerak eta aurrez aurreko bisitaldiak aldi baterako eten baditu ere, zentroko zerbitzu teknikoa martxan dago. Web kamerak baliatuta, hegaztien gaineko kontsulta pausatua egin daiteke egunez egun, bisitarien zerrenda luzea baita: ubarroiak, kopetazuriak, mokozabalak, zikoinak, ahateak, lertxunak...

Hegaztien zentroaren ezkerretik abiarazten den zidorrari jarraituta, Oruetako behatokira iritsiko gara ziztu bizian. Ibilbidea erraza da oso, konplikaziorik gabea. Harizti xumean altxatutako behatokia bapo-bapo dago atonduta barrutik. Leiho luze eta estuetatik Gautegiz Arteagako hezegunea bete-betean harrapatuko du bisitariak.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather