Ibilbideak

Arakilgo Etxeberri, Axita, Axitako gaztelua

  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Oso erraza
  • Tontor eta leku izenak: Arakilgo Etxeberri, Axita, Axitako gaztelua
  • Distantzia: 5,2 km. Ordu 1 eta 50 mn.
  • Ingurunea: Agiri zaharretan, Nafarroaren eta Gaztelaren arteko mugan zegoen gaztelu hau Aixita, Axieta, Ayceta, Aiceta, Aycita, Aicita izenez ere idatzia ageri da.
  • Abiapuntua: Arakilgo Etxeberri

Axitako gaztelua

Agiri zaharretan, Nafarroaren eta Gaztelaren arteko mugan zegoen gaztelu hau Aixita, Axieta, Ayceta, Aiceta, Aycita, Aicita izenez ere idatzia ageri da.
Axitako tontorra, eta han dagoen Nafarroa Bizirik-en oroitarria.
Axitako tontorra, eta han dagoen Nafarroa Bizirik-en oroitarria. MIKEL ARRIZABALAGA

2014-10-21 / Mikel Arrizabalaga

Axitako gazteluak Larraungo iraganbide estrategikoa kontrolatzeko eraiki zuten, eta, bide batez, gertu zeuden Orarregi eta Garañoko gazteluekin komunikazioa izateko. Biaizpeko Harratea izenez ezagutu aurretik, tokikoek bertakoek Axitako malkorrak edo Axitarte izenez izendatzen zuten paraje hori. Hemen deskribatuko dugun ibilbide zirkularra guztiz balizaturik dago (SL-NA 131), eta itzuli osoa egiteko bide-seinale zuri eta berdeei jarraitu besterik ez dugu. Gotorlekua zegoen muinora doan bidea balizatu gabe dagoenez, arrisku guneak daude.

Arakilgo Etxeberri herrixkan hasiko dugu ibilbidea. Herriaren goialdean eskuinetik ateratzen den porlanezko pistatik, kanposantu txikiraino igoko gara. Porlanezko pista amaitzean, langa pasatu, eta bide zaharrari helduko gatzaizkio haritz gaztez osatutako basoan sartuz. Abiapuntura itzultzeko erabiliko dugun xenda eskuinera utzi, eta, sigi-saga, goraka egingo dugu. Toki laua igaro, eta mendilerroaren bizkarrera ailegatzean, bide seinaleak utzi, eta eskuinetik ateratzen den bidezidorra hartuko dugu.

Ehiza postu batzuen ondotik hedatzen den zidorrak harizti txikia zeharkatuko du; ondoren, basotik atera, eta malda gogortu egiten da. Bide seinalerik gabe, haitz artean marrazten den xenda ikusgaitzetik lehen balkoira iritsiko gara, eta gure mendean Larraun ibaiak zeharkatzen duen ibar estua ikusiko dugu. Aire-ikuspegi zoragarria bezain zorabiagarria. Hortik, txikia da tontorreraino dagoen distantzia; teknikoki, ez da zaila, baina leku airetikoetara ohituta dagoen jendearentzat da soilik gomendagarria; are gehiago, bustita badago. Tarte batzuetan, eskuez baliatuz lortuko dugu kaskora igotzea, Axitako gazteluaren hondakinen ondora alegia. Indusketen arrastoen ondoan, Nafarroa Bizirik ekimenaren oroitarria.

Gaztelu horren izena 1210. urtean agertu zen lehen aldiz, Antso VII.a Azkarra-k ¬ęCastelum de Aycita¬Ľ aipatzen zuen, inguruko hainbat herritako foruetan. Juan de Eraso ezkutariak esanda, gatazka zibiletan beaumontarrek 1462an konkistatu zuten gaztelua, eta, mendi erdi geroago, 1512an suntsiturik zegoela ageri da dokumentuetan, Nafarroako konkista gertatu eta aste gutxira. Gazteluak hiru maila zituen, eta oraindik hantxe ikus daitezke gazteluaren eta dorrearen hondakinak. Harriz eta zurez eraiki zuten gaztelua, eta sarrera leku helezinean dago, amildegiaren ondoan.

Balizatutako ibilbidera itzultzeko, etorritako bidetik atzera egingo dugu, eta, lepora ailegatzean, GR 20aren seinale zuri-gorriak bazter utzi, eta eskuinetik beherantz joko dugu egurrezko hesolak erakusten digun norabidean. Bide zabala, Haitz Nagusiaren iparraldeko malkarrean hedatzen den pagadian murgildu, Arrantzaleen ibilbidea gure ezkerrera utzi, eta Larraun ibaiaren ondora eramango gaitu. Behatoki moduko batera ailegatzean, Axitarteko pareta bertikalen ikuspegi bikaina izango dugu, eta baliteke eskalatzaileren bat edo beste hantxe izatea. Bidezidorra, ibaiaren paraleloan eta pareta bertikalen azpitik doa, eta, jarri berri dituzten baranden laguntzaz, kontrako ibaiertzera doan egurrezko zubiaren ondora iritsiko gara. Geureari eutsi, eta seinaleei jarraikiz, berehala pinudi batera heldu, aldapa pikoa igo, azerien iturriaren ondotik pasatu eta kanposantutik gertu ikusitako bidegurutzera igoko gara, herritik gertu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather