Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Mendi ibilbidea

Oketa mendiko herrixka

36ko Gerra garaiko ondare aparta ikusiko dugu Oketa mendian, iparraldera begira dagoen hegalean. Hara igo eta jaisteko ibilbidea da hau.
Gerra garaiko arrastoak daude Oketa mendian.
Gerra garaiko arrastoak daude Oketa mendian. JOSEAN GIL-GARCIA

2021-01-05 / Josean Gil-Garcia

Euzkadiko Gudarostearen milizianoak jo eta su ibili ziren defentsa lanak prestatzen Oketako mendi gailurrean. 84 urte joan badira ere, paisaia ondulatuak gudu zelaia gogora ekartzen du, betiere magalean eragindako zauri historikoak ongi irakurriz gero. Sigi-saga forma duten lubakiak, tiro postuak, babeslekuak eta harriez osaturiko hainbat eta hainbat etxola ikusiko ditugu Oketako tontorraren inguruan.

Josu Santamarina EHUko arkeologoak koordinatu du gailurrean eginiko indusketa lana. Bere aburuz, Zigoitiko gainaldean kontserbatzen diren arrastoak oso egoera onean daude, eta tontorreko etxola sorta guztiz aparta da. Herrixka miliziano baten antzera eraikita dago-eta. Nolanahi ere, Oketa mendian egindako hausnarketa ez da modu isolatuan interpretatu behar, ondarea aztertzeko asmoarekin metodologia zehatz bat jarraitu behar izaten baitute arkeologoek. Azken urteotako lan eskergak ildo horri ekin dio. Adibide batzuk aipatzearren, Aramaio (Araba) eta Arrasate (Gipuzkoa) udalerrien artean altxatutako Murugain mendian osatu zen lana goraipatzekoa da. Adituek ezagutzera eman dutenez, Erdi Aroko herrixka bat izan zen han goian, eta, gero, 36ko gerratean, defentsarako berrerabilia izan zen. Askuren (Uzkiano, Araba) mendiko kasua ere deigarria da, guda-paisaia irudikatzeko talaia oso egokia baita.

Oketara, Ziskino etxolatik

Ubide (Bizkaia) herria abiapuntutzat hartuko dugu Oketarako bideari oratzeko. Gorbeiako parke naturalean goititzen da gailur ezaguna, eta gerra garaiko arrastoen bila abiatuko gara Araba eta Bizkaia mugakide dituen herri pintoreskoan hasita. Herrira gerturatuta, Zubizabal ibaia gurutzatu eta lerrootan deskribatuko dugun ibilbidearen nondik norakoak irakurtzeko parada izango dugu taula batean. Kiroldegia igaro bezain laster, ezkerrera egin eta Undabe erreka gurutzatuko dugu. Ibaian gora egin ordez, ezkerretik segitu eta baserria inguratuta, porlan bidean gora hasiko gara. Lehen bidebanatzean, porlanari eutsi eta haritz amerikarrek hartutako basoan sartuko gara pitin bat gorago. Barrera gurutzatuta, Gorbeiako natur parkeak ongietorria emango digu.

Iniaragana azpiko sakanera doan bidea lagata, goratasuna hartzeari helduko diogu, eta altzifreak hazten diren muinorantz egingo ditugu urratsak. Bide sardan, ezkerreko bidea hartu eta nagusiari heltzen jarraituko dugu. Iniarako ibarrarekin bat egitean, erreka gurutzatu eta ezkerrera egingo dugu, basabideak egiten duen legez. Alertzeak, pagoak eta altzifreak lagun, magalean aurrera egiteko paradaz gozatuko dugu, paisaia bikaina da-eta. Hurrengo bidebanatzean, eskumara jo eta alertzediak bete-betean hartuko gaitu. Arrikurze eta Olagoitiaga muinoen arteko lepora helduta, Ziskino mendia bistaratuko dugu aurrean, gandorreko harkaiztegi karstikoa bistan delarik. Bide nagusia alboratu gabe nahiz pago sendoen artean bapo-bapo murgilduta, Ziskinoko txabolara helduko gara. Ubideko azken artzainen omenez berreraiki berri dute etxola Zigoitiko (Araba) Abadelaueta elkarte etnografikoko kideek.

Ziskino etxolatik aukera ederra dugu izen bera daraman tontorrera igotzeko, etxolaren atzealdean goititzen baita. Tontorretik jaitsi eta pagadian sartuta, Batallon Disciplinario izeneko haitzulo edo sakonunera iritsiko gara. Gerra garaia dakarren haitzulo ezkutua da. Haitzuloan abenturatu gabe, baina, ezkerrera jo eta Oketako magala zeharkatzen jarraituko dugu. Pagadi ederrean gaindi hego-ekialdera joko dugu. Denbora laburrean Oketako bizkarrera helduko gara. Zelaian, eskuinera okertu eta, hegiz hegi doan xendari men eginez, tontorrera iritsiko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather