Ibilbideak

Bakio, Jata, Belategi

  • Herrialdea: BIZKAIA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Bakio, Jata, Belategi
  • Distantzia: 12 km. 3 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Bizkaiko kostaldeko mendi sonatuenetako bat da Jata mendia. Zumetzagako San Migel eliza alde batean utzita igoko dugu.
  • Abiapuntua: Bakio

Mendi ibilbidea

Jata, bazter guztietara

Bizkaiko kostaldeko mendi sonatuenetako bat da Jata mendia. Zumetzagako San Migel eliza alde batean utzita igoko dugu.
San Migel baselizak ikuspegi ederra eskaintzen du.
San Migel baselizak ikuspegi ederra eskaintzen du. JOSEAN GIL-GARCIA

2021-02-09 / Josean Gil-Garcia

Jata mendia tontor sonatuenetako bat da Bizkaian, gainaldeak panoramika itzela eskaintzen baitu: soa edozein tokitara luzatuta ere, inguruko paisaiaz bapo-bapo gozatzeko aitzakia izaten da. Zumetzagako San Migel baselizaren ondotik igaroko gara Jatako mendi gainera iritsi aurretik; hori bai, ehunka metroko desnibela gainditu ostean. Adituek diote baseliza hori Bizkaiko zaharrenetariko bat dela, akaso XII. mendean eraikia. Tenpluari darion erromaniko kutsuaz gozatze aldera, ezinbestekoa da monumentua babesten duen arkupean atseden hartzea.

Zumetzaga baseliza

Bakio (Bizkaia) herrian emango diogu hasiera Jatako tontorreraino eramango gaituen ibilbideari. Herriko udaletxe parean lagako dugu autoa, Urkitzaurrealdeko auzoan. Mungia aldera ibilian hasiko gara, errepide bazterretik. GR 280 kodea daraman Uribe ibilbide luzeari jarraituta, urrats apalak egiten hasiko gara, inguru berdeaz bapo gozatuta. GR zidorra oso-osorik jarraituko ez dugun arren, San Migel ermitaraino iristen ederki lagunduko digu. Horrela, Santa Maria elizara igotzen den kalea lagata, turismo bulego paretik igaro, eta, Artza baserria eta zubia igarotakoan, gasolindegira iristeko metro gutxi falta direlarik, eskuinera hartu, eta Zumetzagako San Migelerako bide pikuari oratuko gatzaizkio. Ezkerreko bidea lagako dugu bidebanatze batera iritsita, eta, asfaltoari helduta, San Migel ermita eta baserrira helduko gara. Mungiako udalerrian gaude.

Baselizaren aurreko baserriaren eskuinetik doan bide zabalari ekingo diogu jarraian. Bide zabala amaitzean, aurrera segituko dugu, betiere aldats gora eramango gaituen zidorrari men eginda. Pinudiaren babesean ibiliko gara hasieran. Basabide batekin topo egitean, harrizko lauzak erakusten dituen bidexkatik jarraituko dugu. Eskailera mailak bukatuta, otaka, txilarra eta garoa gogaide egingo dugu aurrera, noranzkoa aldatu gabe.

Tontorretik hurbil, mugarri baten ondoan utziko gaitu bidexkak. Mungia eta Maruri-Jatabe udalerriek bat egiten duten lekuan gaude. Bakioko bazterrak zein Mungiakoak bete-betean harrapatuko ditugu talaia horretatik. Eskuinera egingo dugu mugarrian, eta, Ameriketako haritzek bapo babestuta, Jatako tontorrera helduko gara. 360 graduko ikuspegia du tontorrak, eta ezin egokiagoa da gainaldean atseden hartzea, batik bat Gaztelugatxeko biotopo babestuaren eremu pribilegiatuaz gozatzeko; baita Getxo aldera doan kostalde luzeko zoko-mokoez ere.

Jatatxikerrari gorte eginda

Iparraldera begira jarrita, mendi hegitik segituko dugu Bakiorako itzulerari hasiera emate aldera. Jatabienerdiko lepoan, eskuinetik doan basabide zabalari men egingo diogu. Jatatxikerra mendiko ekialdeko magala zeharkatu ondoren, Belategiko lepora iritsiko gara, ziztuan. Bertoko bidebanatzean eskuinera hartu, eta, bide nagusiari muzin egin gabe, zeharkaldi luzea egingo dugu pinudian barrena. Amutzanga eta Mintegietako errekastoen gainetik igaro ostean, Larrazabal baserriaren parean izango gara. Porlan bidea bertan hasten denez, altzifreek osatzen duten ilara paretik maldan behera jarraituko dugu, arin-arin. Goitisoloaldeko atseden gunea aldamenean lagata, beherantz abiatuko gara. Goitisolo auzoa zeharkatu bezain laster, Armintzara doan errepidera irtengo gara. Metro batzuk egingo ditugu asfaltoaren bazterretik. Errepideko 45. mugarri kilometrikoa igarotakoan eta Uriartebarri baserria aurrez aurre dugula, asfaltoa utzi, eta eskuinetik jotzen duen bidea segituko dugu errepide nagusira iristearen kariaz. Joanean egindako bide bera eginez, Urkitzaurrealdeko auzoan emango diogu amaiera Jata mendiko ibilbideari.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather