Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Mendi ibilbidea

Athekaleun

Urkillaren gandorrean dagoen igarobide honek Larhun mendiaren magalen ikuspegi bat baino gehiago ematen ditu.
Athekaleun igaro eta gero, Sarara jaisten.
Athekaleun igaro eta gero, Sarara jaisten. MIKEL ARRIZABALAGA

2021-02-16 / Mikel Arrizabalaga

Larhun mendiaren magalean hedatzen den ibilbide zirkular honek mendi ezagun horren ingurune ezkutuak eta ezezagunak erakusten ditu. Igarobideak, arroka pudingak eta Olhaingo kapera zaharraren hondakinak. Bide batez, Athekaleungo igarobidetik Xaretako ikuspegi zabalaz gozatu ahal izango dugu.

Sara (Lapurdi) herrian emango diogu hasiera ibilbideari, bertan dagoen igerileku ondoko aparkalekutik. GR-10aren bide seinaleek erakusten duten norabidea hartu, eta, errepide nagusia gurutzatu ondoren, Larraldea bidetik aurrera egingo dugu landetxe ederren artean. Bide asfaltatua amaitu, GR-10aren seinaleak utzi, eta Zurgitzeko lurrezko bidea hartuko dugu lehen aldapa gogorrari aurre eginez. Hortik aurrera, harri eta enborretan margotutako marra hori batek erakutsiko digu gure ibilaldiaren norabidea. Borda baten ondora iritsi, hari bizkarra eman, eta basotik aterako gara. Xenda zabalak, luzeak eta erosoak gora erraz egiten lagunduko digu, Larhungo trenbideraino.

Altsanga mendiaren paraleloan hedatzen den trenbidearen ondotik 800 bat metro ibili eta gero, hori utzi, eta ezkerretik pinudiaren ondotik marrazten den xenda hartuko dugu. Hasieran erraz, baina metro batzuk aurrera goazen heinean, aldapa pikoak moteldu egingo du gure ibilera. Athekaleungo igarobidera igotzeko azken metroak arroka eta lur artean beteko ditugu. Ikuspegia erabat aldatzen da hor. Beste aldera pasatu, eta xenda nabarmen eta erosotik goi ordoki batera jaitsiko gara. Ibilaldiaren zati horretan, Pirinioetako mendien artean zabaltzen diren Xaretako lurrak bere osotasunean ikusi ahal izango ditugu, lau herrien (Sara, Ainhoa, Zugarramurdi eta Urdazubi) lurrek bat egin eta harmonia perfektuan osatzen duten irudi paregabea.

Goi ordokia zeharkatu, eta Fageko Harriaren leporaino zuzentzen den bidezidorretik aurrera egingo dugu. Bi pago handien artean, magaletik jaisten hasi, eta erraz egingo dugu behera, Olhaingo leporaino. Malda motz eta piko batek bere tontorrera eramango gaitu, eta bertan kapera zahar baten hondarrak ikusi ahal izango ditugu (20 m x 8,8 m). Bertako zaharrek diotenez, ermitau baten aterbe izan omen zen 1793 eta 1813 urteen artean. Kapera, gotorleku pentagonal baten hondakinen artean dago kokatuta.

Lepora jaitsi, eta marra horiek erakutsiko diguten norabidean jaisten jarraituko dugu asfaltatutako bidearekin bat egin arte. Landetxe eta soro bikainen artean pasa, eta errepide nagusira iritsiko gara. Bertatik abiapuntura helduko gara, baina aurretik errota, Argaineko turrusta eta bi oratorio edo otoizleku San Antonio Paduakoa eta Fatimako Ama Birjina— ikusi ahal izango ditugu. Sara herriak haran eta muinoetan banaturik ditu auzoak, eta guztietan bertako arkitektura tradizionalaren adibide ugari aurkitu ahal izango ditugu. Horien arten hamalau oratorio edo otoizleku.

Tradizioaren arabera, oratorio horiek XVII. mendean altxatu ziren dginez. Oratorio bat monumentu erlijioso txiki bat da eta santu bat gurtzeko eraikita dago. Sara da gaur egun eraikin erlijioso gehien duen Euskal Herriko herria.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather