Ibilbideak

Urbasako mendatea, Larrakarte, Pagobakarra, Santa Marina ermita

  • Herrialdea: NAFARROA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Urbasako mendatea, Larrakarte, Pagobakarra, Santa Marina ermita
  • Distantzia: 12 km. 3 ordu eta 10 mn.
  • Ingurunea: 1595. urteko agiri batean ageri denez, Santa Marina ermita Burundako herrien artean eraiki zuten.
  • Abiapuntua: Urbasako mendatea

Mendi ibilbidea

Santa Marina, Urbasako mendatetik

1595. urteko agiri batean ageri denez, Santa Marina ermita Burundako herrien artean eraiki zuten.
Santa Marina ermita angelu zuzeneko bi eraikinez osatuta dago.
Santa Marina ermita angelu zuzeneko bi eraikinez osatuta dago. MIKEL ARRIZABALAGA

2021-03-02 / Mikel Arrizabalga

Santa Marina ermitara eta tontorrera igotzeko hamaika bide dago. Erabiliena Iturmendik igotzen dena da, baina badira beste aukera batzuk ere. Ibilaldi hau Urbasako mendatetik abiatzen da; pagadi ederren artean sartu, eta mendiaren gandorrera ateratzen da, ikuspegia erabat aldatuz: harana eta lautada, basoak eta larreak. Erliebe eta itxura desberdinak, baina paisaia osagarriak.

Abiapuntua Urbasako mendatean dagoen informazio guneko aparkalekuan izango dugu, edo, hau beteta egonez gero, aurrerago dagoen beste batean. Berehala, berdez eta gorriz margotutako egurrezko hesola txiki batzuek (mendizaleen ibilbidea gorriz eta Pagadi sorginduaren berdez) erakutsiko digute egin beharreko bidea. Metro gutxi ibili eta berehala, ibilbide egokituarekin bat egingo dugu. 850 metroko luzera duen bide honetan, aurrera egin, eta trenbide zaharraren errail baten ondotik pasatuko gara: garai batean trenbidea egiteko zurezko trabesak handik ateratzeko erabiltzen zuten trenbidearen lekuko isila. Txabola zaharra ezkerrera utzi, eta bukaerara heldu baino lehen, eskuinera egingo dugu marka berdeei eta gorriei segituz. Basoan sartzean, lantegia deitzen zioten txondorra eta ikazkinek aterpetzat zuten txabola erakusgai daude. Ordoki berdea gurutzatu, eta berriro pagadian sartuko gara, bi ibilbide bereizten diren lekuan, hain zuzen ere.

Ordokia igaro eta berehala, Larrakarte inguruan, ezkerrera, pagadi sorgindura doan bide balizatua utzi, eta eskuinetik ateratzen den xendatik aurrera egingo dugu, pagadian erabat sartuz. Bide erosoak erraz gerturatuko gaitu lehen maldetara. Pagoen itzalpe goxoan bi kilometro pasatxo igaro eta gero, eskuinean aska bat ikusi, eta ezkerreko xendatik igotzen hasiko gara malda bizian. Malda amaitzean, Pagobakar izenez ezaguna den lekura (pago bakarti bat dago) igoko gara. Pagadia atzean utzi, eta pinudian sartzen den bide zabaletik aurrera egingo dugu, eskuinetik datorren pista zabal batekin bat egin arte. Pistari jarraituz Santa Marinako ermitara helduko gara.

Ermita angelu zuzeneko bi eraikinez osatuta dago. Kontrahorma lodiak ditu, egurrezko ate batez itxita. Ermitaren parean, hirugarren eraikin bat ikusiko dugu, aterpe funtzioa betetzen duena. Eraikinei bizkarra eman, eta gertu dagoen tontorrerantz joko dugu. Euskaraz Bizi lema duen Argitxo-ren buzoi bat aurkitu dugu haitzetan txertaturik. Iparraldera begira jarri, eta gure mendean Sakanako haran luzea dugu, eta hegoaldean, berriz, Urbasako ordeka amaigabea. Atzealdean, gailurraren siluetari begiz jarraituz, harkaitzetan zulo bitxiak ikus ditzakegu, Iruaitzeta edo Hiru Haitzak deituak.

Ikuspegi paregabe honetaz gozatu eta gero, ermitari bizkarra eman, eta, gandorretik, Urdiaingo porturantz abiatuko gara; apur bat jaitsiko gara. Gure eskuinera, Sakana, eta, ezkerrera, berriz, Urbasako lautada baso ederrez jantzirik. Gertu, Urdiango tumulua eta zutarria ikusiko ditugu. Balankaleku eta Bargagain aldera zuzentzen den gandor belartsua eskuinera utzi, eta hegoalderantz hedatzen den pistatik jarraituko dugu.

300 bat metro beteko ditugu, eta igotzeko erabili dugun bidearekin bat egingo dugu orduan. Abiapuntura itzultzeko, Pagobakarretik igaro, Larrakartera berriro itzuli, eta aparkalekura helduko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather