Ibilbideak

Bernedo, Villafria, Nafarrete

  • Herrialdea: ARABA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Bernedo, Villafria, Nafarrete
  • Distantzia: 13 km. 3 ordu.
  • Ingurunea: Ibilbide honetan, antzinako ogibide batzuen arrastoak aurkitu ditugu Bernedo inguruan, betiere osteratxo atsegina egiten dugun bitartean.
  • Abiapuntua: Bernedo

Ikaztobi eta gisu labeak hizpide

Ibilbide honetan, antzinako ogibide batzuen arrastoak aurkitu ditugu Bernedo inguruan, betiere osteratxo atsegina egiten dugun bitartean.
Txondor bat.
Txondor bat. JOSEAN GIL-GARCIA

2021-04-20 / Josean Gil-Garcia

Bernedoko (Araba) herriko plazan hasiko gara ibilian. Hegoalderantz abiatuko gara lehenik eta behin, Herreria kaleari begirik kendu gabe. Suso iturria parez pare, Toloño mendilerroaren aldera egingo ditugu urratsak, beti ere Villafria herrira doan GR 1 zidor historikoari hertsiki oratuta. Maldan gora, hilerriaren paretik igaro, eta begiak itzuliko ditugu aurrez aurre goititzen den gaztelu zaharrerantz. XII. mendekoa dela esaten da, baina gaur egun arrasto batzuk besterik ez ditugu ikusiko han goian.

Talaia historikoa bazter eginda, ezkerrera jo, eta Peñalta horma pintoreskoa hartuta duen magalera ekingo dugu. Basoaren atarian, Egurbidea izeneko basabidearekin topo egingo dugu. Mendian gora egin gabe, ordea, basoa alderik alde zeharkatzen duen basabidea baliatuko dugu mendebalderantz abiatzeko, bai eta Okon baseliza eta parke aldera egiteko ere.

Karobiak eta txondorra

Arte polit baten inguruan, ikusiko dugu Bernedotik datorren zidor bat batzen zaigula eskuinetik, baita Kripan (Araba) aldera jauzi egiten duen xenda historiko bat ere. Aukera horiei muzin eginda, ordea, zehar-zehar egiteari eutsiko diogu guk, GR 1 zidor samurra gogaide. Berehala ohartuko gara Okon baseliza eta parkea beherago geratu zaizkigula. Unea iritsi zaigu etnografiaz gozatzeko. San Tirsorako bidexkatik pittin bat aldenduta, Karobien eta Txondorraren ibilbideari helduko gatzaizkio orain. Ezpeldiak galanki dekoraturiko bidexkan aurrera egingo dugu, eta goxo-goxo ibiliko gara txorien kantuek lagunduta. Lau bideko elkargune batera iristean, ezkerrera hartu, eta Villafriara jaisten den basabide batera irtengo gara. Basabide horretan, ezkerrera egin, eta gora egingo dugu. Bidearen eskuinaldean karobi zulo bat ikusiko dugu, baita ikaztobi xume bat ere. Horien ondoan, gainera, ikazkinek erabili ohi zuten larreko etxola bat dago. Molde horretako babeslekuak ohikoak izan ziren behiala Mendialdeko eskualdean; izan ere, ikazkin saiatuek jardun luzeak ematen zituzten basoan, egurraren egoste prozesua zaintze aldera. Bidean aurrera egin, eta berehala gisu labe bat atzemango dugu bideaz beste aldean. Bazter horretatik ateratzen zuten karegile nekaezinek kare preziatua, eta herriz herri saltzen zuten.

GR 1 zidor historikoak baliatzen duen basabidearekin topo egitean, eskuinera egin, eta San Tirsora bidetik jarraituko dugu. Gorago, ordea, tontorrera doana alde batera laga, eta Villafriara jaisten hasiko gara. Pagaditik irtenda, legar hobi zabala zeharkatuko dugu. Beherago, eskuinera hartu bidebanatzean, eta Villafrian sartuko gara.

Errepide nagusia gurutzatu, eta, Beheko auzoko plazatxoa zeharkatu ondoren, eskuinera hartuko dugu bidebanatzean. Silo parajearen inguruan, nekazaritza bide nagusiak ezkerrera okertu, eta, Ega ibaia zeharkatu ostean, zuzen-zuzen joko dugu Nafarrete herrira. Herriko elizara iritsiko gara berehalakoan, Sagardiko bideari jarraituta.

Herriko plazan ezkerrera hartu, eta, kale nagusiari segika, A-4153 errepidera irtengo gara. Hilerriaren ondotik igaro, eta labore soroak aldamenean direla, errepide nagusira helduko gara. Errepideaz bestaldetik doan basabideari oratu ostean, errekasto bat zeharkatuko dugu. Galzarra parajean gaindi jarraituko dugu gero, erkameztiaz bapo gozatuta. Hurrengo bidebanatzean, ezkerrera egin, eta gora egingo dugu San Andres abelbidea baliatuta. Basoa atzean utzita, belarraz janzten den bide batekin topo egingo dugu. Orduan, bai, eskuinera egin, eta, Karrantza bideari men eginda, ibarrean behera abiatuko gara. Desbideratzerik hartu gabe, beraz, bidexkak sigi-saga bideratuko gaitu erkameztian gaindi. Azkenik, nekazaritza zabalari men eginez, Bernedo herrian amaiera emango diogu ibilbide honi.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather