Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Mendi ibilbidea

Urduña, urrezko paisaia

Urduñatik abiatuta, Arrastariko zoko-mokoak arakatuko ditugu, ibarreko ondare historikoaz ez ezik, urrezko paisaiaz ere gozatzeko asmoz.
Liborioren meategia Gartxera doan bide ertzean ikusiko dugu.
Liborioren meategia Gartxera doan bide ertzean ikusiko dugu. JOSEAN GIL-GARCIA

2021-04-27 / Josean Gil-Garcia

Urduñako (Bizkaia) Foru plazan emango diogu hasiera ibilbideari, Aduana eraikin neoklasikoaren ondoan. Ezkerraldetik doan kalea hartu, eta bananondo sendoek jantzita duten Antiguako Andre Mariaren pasealekuan aurrera egingo dugu. Trenbidearen gainetik igaro bezain laster, hosto txikiko ezkaiek, altzifre ilunek, pago lirainek, magnolia loredunek, palmondo zabalek, Indiako gaztainondoek eta, batik bat, tamaina ederreko hainbat sekuoiek ederragotzen duten parke sonatura iritsiko gara. Urduña Zaharreko Andre Mariaren santutegia bertan dago, Urduñako eta Arrastariako zaindariari babesa ematen dion eraikin aparta.

Liborioren meatzea

Errepidea zeharkatu eta maldan gora abiatuta, Txarlazo mendira igotzeko egokitu berri den aparkalekura iritsiko gara. GR 284 zidorrari jaramon egingo diogu hasieran, Gartxeta ur baltsara doan bidea agertu arte, bederen. Horiek horrela, porlanezko bidean gora, barrera bat igaro eta hari elektrikoaren paraleloan jarraituko dugu, leun-leun. Hariztian sartu eta berehala, Txarlazora bide maiztua laga, eta ezkerrera joko dugu, betiere Gartxeta eta Tertanga aldera ekitearen kariaz. Hasieran zehar-zehar eramango gaitu basabideak. Laster batean, ordea, jaitsiera bizia egingo dugu, harrobi baten ondoan jartzeko. Ezkerraldeko zokoan, zenbait metro beherago, edanleku batzuk ikusiko ditugu. Alboan dagoen meazulo batetik isuritako ur hotzez bete ohi dira. Aspaldiko meategi bat da berez, eta Liborioren meatzea du izena. Itxura denez, eskualdean aski ezaguna da, bertantxe topatutako zainak, berun eta zink meak ez ezik, urrezko promes hitzak ere ekarri baitzituen garai batean.

Bide nagusira irtengo gara berriz, eta mazela zeharkatzeari eutsiko diogu. Markesaren baserri eria atzemango dugu hesiaz harago, berdegunearen erdian. Ondoko bidebanatzean, eskuinera eta gora doanari muzin eginda, sestra kurbari oratuko gatzaizkio. Arrastariko diapiroa bete-betean hartuko dugu talaia horretatik, baita ordokiaren gainean ezarritako Urduña hirigunea ere. Gartxetako hezegunea bistan delarik, bidezidorrak artadi ederrean sarrarazi, eta behialako iturburu baten ondoan jarriko gara. Bide sarda batera helduko gara aurrerago, behin basotik irten ostean. Ezkerrera egingo dugu orduan, eta langa baten aurrean izango gara. Belarra zapalduta, Tertanga herrira iritsiko gara.

Artomañako txakolindegia

Herriko lehen eraikinera iritsita, ezkerrera joko dugu. Urduñara doan zidorra bazter utzita, eliza aldera egingo ditugu urratsak. Gero, XVII. mendeko Zaldibar etxetzarraren arkitekturaz bapo gozatuta, errepidera irtengo gara. Metro batzuk baino ez ditugu bertatik egingo. Izan ere, haren eskuinetik doan langa bideari oratuta, Urduñako mendatera igotzen den errepidera irtengo gara. 100 bat metro gora egingo ditugu asfalto gainean, eta, bihurgunera iritsi baino lehen, ezkerretik doan nekazari bideari jarraituko diogu. Madarguri bidean aurrera eginda, Paul auzora iritsiko gara. Bidebanatzean, ezkerrera hartu, eta Zamarro auzorantz abiatuko gara jarraian. Zamarro alderik alde zeharkatuta, Delika herrian sartuko gara. Dorretxea eta trenbidearen gaineko zubia gurutzatu, eta ezkerretik jaisten hasiko gara. Laster egingo dugu bat Arabako Foru Aldundiak egokitutako Nerbioiko Parke Linealarekin. Eskuinera egingo dugu han, eta jolas eremua duen plazan, ezkerrean ikusiko dugun zubia gurutzatuko dugu. Trenbidearen gainetik igaro aurretik, ezkerretik irteten den Zalduarteme bideari jarraituko diogu. Mahastiak eta labore soroak bide bazterrean ditugula, Artomañara iritsiko gara.

Dorretxea eta eliza paretik igarota, ezkerrera hartu, eta txakolindegi sonatura iritsiko gara, atseden hartzeko. Cascajos bidean behera segituko dugu, eta, bidebanatzean eskuin-ezker eginda, Santa Klara monasterio paretik igaro, eta Urduñan sartuko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather