Ibilbideak

Artesiaga, Araongo harria, Astabizkar, Iparraldeko kaskoa, Okoro

  • Herrialdea: NAFARROA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Artesiaga, Araongo harria, Astabizkar, Iparraldeko kaskoa, Okoro
  • Distantzia: 12,8 km. 3 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Kintoako lurrak bi estatuen arteko mugatik gertu daudenez, tirabira askoren sorlekua izan dira: batik bat, jabetzarekin lotutako liskarrak.
  • Abiapuntua: Artesiagako mendatea (Baztan)

Mendi ibilbidea

Okoroko gaina

Kintoako lurrak bi estatuen arteko mugatik gertu daudenez, tirabira askoren sorlekua izan dira: batik bat, jabetzarekin lotutako liskarrak.
Ikuspegia Araongo harritik.
Ikuspegia Araongo harritik. MIKEL ARRIZABALGA

2021-05-18 / Mikel Arrizabalaga

Kintoa Nafarroako iparraldeko mendi eta oihan gunea da, baso ederrez estalia. Aldude iparraldean, Auritz ekialdean, Erroibar hegoaldean eta Esteribar eta Baztan mendebaldean dira bere mugak. Bi estatuen arteko mugatik gertu dagoenez, tirabira askoren sorlekua izan da: batik bat, lurren jabetzari dagokionez. Izena nafar monarkiaren zergak ordaintzeko zuten sistematik datorkio, bazka garaian errege-mendietan sartzeagatik ordaintzen zen zergatik. Hainbat ahalegin izan dira lurren ustiaketak sortzen zituen liskarrak konpontzeko, eta, azkenean, Baionan, 1856ko abenduaren 2an sinatutako Mugen Tratatuak finkatu zituen egungo estatu arteko mugak. Itunak Espainiari ematen zion lurraldearen jabetza, eta Frantziari, iparraldeko aprobetxamendu zatiezina eta Baigorriko haranaren hegoaldeko zatiaren aprobetxamendua artaldeentzako, urteko errenta baten truke.

Kintoako lurretan goititzen diren mendi eta muino biribilen artean, Okorokoa da kotarik gorenena. Artesiaga eta Urkiaga mendateen artean hedatzen den kordal txiki honetan Kantauriko eta Mediterraneoko uren banalerroa marrazten da (GR-12), eta bertan dauden larre aberatsak zeharkatuko ditugu.

Artesiagako mendatean dagoen aparkalekutik abiatu, eta, berehala, GR-12aren bide balizatua bilatuko dugu, Saioa mendiari bizkarra emanez. Alanbrezko hesiaren beste aldera pasatu, eta Larrakarte mendiaren magalean zabaltzen den xendan barrena abiatuko gara. Zagua mendiaren magala zeharkatzen duen bidezidorrak Araongo Harriko leporaino eramango gaitu, eta bertan GR12aren egurrezko hesola bat dago. Horra iristean, bide balizatua utzi, eta ezkerretik joko dugu, Araongo Harriko tontorrera igotzeko.

Mendi edo gain horren magala zeharkatzen duen xenda batek bide balizatura itzuliko gaitu. Pista oso zabal eta erosoan barrena, Astabizkar muinoaren oinera eramango gaitu. Hemen, berriro bide nagusia utzi, aldapa motz baina piko bati aurre egin, eta gora igoko gara. Beste aldetik jaitsi, eta GR-12arekin bat egingo dugu berriro. Hemen ez dira maldak amaituko; seinale zuri-gorriek erakutsiko diguten norabidean, Iparraldeko Kaskoraino zuzentzen den malda biziari aurre egin beharko diogu segidan. Azken zatia GR-12tik kanpo egingo dugu.

Artsal eta Argintzu mendien artean dagoen tontorretik, eta alanbrezko hesiaren ondotik, bide balizatura itzuliko gara, GR-12a Urkiaga mendatera jaisten den lekuraino. Bertan, Buztanberroko trikuharri, harrespil eta tumuluak daude. Puntu honetan seinalerik ez duen bide nabarmenetik egingo dugu aurrera. Artsal mendiaren magala zeharkatzen duen pistatik, Okorora igotzeko azken maldari ekin baino lehen dagoen lepora igoko gara. Azken malda belartsuan ikusgaitz den xendan barrena, Okoroko tontorrera igoko gara. Harrizko zirkuluerdi formako harresi txiki batez babesturik, 1982an SCDR Anaitasunak jarritako buzoia dago. Abiapuntura itzultzeko, etorritako bidetik atzera egingo dugu, baina oraingoan GR-12aren bide balizatua utzi gabe.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather