Ibilbideak

Samaniego, Montecillo, Eskuernaga

  • Herrialdea: ARABA
  • Zailtasuna: Oso erraza
  • Tontor eta leku izenak: Samaniego, Montecillo, Eskuernaga
  • Distantzia: 7 km. 2 ordu.
  • Ingurunea: Samaniego eta Eskuernaga lotzen dituen bidea gogaide, egungo ondareaz ez ezik iraganekoaz ere jabetzeko parada izango dugu ibilbide honetan.
  • Abiapuntua: Samaniego

Mendi ibilbidea

Eskuernagako iraganean barna

Samaniego eta Eskuernaga lotzen dituen bidea gogaide, egungo ondareaz ez ezik iraganekoaz ere jabetzeko parada izango dugu ibilbide honetan.
Montecilloko trikuharria.
Montecilloko trikuharria. JOSEAN GIL-GARCIA

2021-06-01 / Josean Gil-Garcia

Samaniego herria (Araba) aukeratu dugu ibilbideari hasiera emateko. Samaniego eta Eskuernaga lotzen dituen landa-bideari jarraituko diogu ibilbide honetan, betiere paisaian zizelkatutako ondare aberatsez gozatzearen kariaz. Samaniego bolatoki estaliaren aurrean jarriko gara abian. Pauso batzuk eman, eta XVIII. mendean eraikitako jauregi miretsia ikusiko dugu bat-batean. Jauregiaren monumentaltasunari dagokionez, ezer gutxi gaineratu genezake. Nekez topatuko genuke horrelako etxetzarrik inguruko herrietan. Azken urteotako egokitze lanak direla-eta, eraikin apartaren aurrealdeko harburuak, armarria eta moldaduren xehetasunak are ederragoak irudituko zaizkigu.

Samaniego herria alderik alde zeharkatu, eta, errepidera irten gabe, eskuinera hartuko dugu Bekolarrain kalean. Pascual upategiaren aurretik igaroko gara bizkor, Santa Luzia bideari oratu bezain laster. Asfaltoa utzi gabe, jaisten hasiko gara berehala. Arrasto more-zuriak (Arabako Errioxako GR zidorra) dituzten zutoinak gogaide, hegoalderantz urratsak egingo ditugu, mahastiek kolonizatzen dituzten bazterrak aurrez aurre direla. Bide nagusia bitan banatzean, ezkerrera egin ordez, pintura arrastoa laga, eta zuzen jarraituko dugu, noranzkoa aldatu gabe.

Harri zirraragarriak

Ibarrean behera egingo dugu astiro-astiro, nekazaritza bidetik urrundu gabe. Eskuernaga herria ibarraren hondoan dagoenez, ez dugu hiribilduaren berri izango ia-ia bertan izan arte. Hala ere, bide nagusitik irtengo gara pitin bat lehenago, hots, aldamenean daramagun errekastoa geldiarazteko xedez eraikitako presa xume bat ikusi bezain agudo. Orduan, ezkerrera jo, errekastoaren gainetik igaro, eta 150 metro inguru egin ostean, maldan gora abiatuko gara. Ibaola Harriak izena hartu duen parajera iritsiko gara berehalakoan. Joseba Ibañez mahastizainaren harrizko artelan zirraragarriak ikusteko parada izango dugu orduan. Aire zabaleko museo baten moldean agertuko zaizkigu artelan denak. Hamaika eskultura megalitiko ikusiko ditugu, den-denak aspaldiko mahasti baten eremu batean ezarrita. Harria bera artelan baita, ederki asmatu zuen Eskuernagako harginak Montecilloko gainaldean bake eta meditaziorako gune bat sortzean. Izan ere, Toloño mendilerro malkartsuaren irudi harroak ez ezik, mahastien kolore aldakorrak ere bat egiten dutela irudi bailezake.

Parkea zeharkatu ondoren, Montecillo trikuharria agertuko zaigu berariaz egokitutako talaia polit batean. Roberto Ibáñez bizilagunak eman zuen megalitoaren berri, 2009. urtean. Indusketa lanak egin ostean, bisitarako atonduta utzi dute. Denbora hartuko dugu bertan, betiere trikuharriaz edo hilobi sarreradunaz jabetzeko asmoz. Hilobia aspaldi-aspaldi hustuta zegoenez, arrasto batzuk baino ez zituzten topatu arkeologoek: giza hezurrak eta kanpai itxurako zeramikazko bi zati, besteak beste. Monumentua noiz eraiki zuten zehazten zaila bada ere, indusketa lanez arduratutako Eraso eta Mujika arkeologoek ezagutzera eman zutenez, aurkitutako materialek adierazten dute kalkolitikoaren eta Brontze Aroaren hasiera bitartean erabilia izan zela.

Montecillo tumuluko harri pilaketan, eskuinera 90 gradu hartu, eta erromeroen artean doan bidexkari helduko diogu. Talaiatik jaitsiko gara ziztu bizian. Etxola baten ondora iritsitakoan, ezkerretik jarraitu, eta, mahastiek lagunduta, Leza eta Eskuernaga lotzen dituen nekazari bidera irtengo gara. Eskuinera egin, eta herriko plazara helduko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather