Ibilbideak

Urkiola mendatea, Saibi, Aldazitala, Santa Apolonia

  • Herrialdea: BIZKAIA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Urkiola mendatea, Saibi, Aldazitala, Santa Apolonia
  • Distantzia: 7,5 km. 2 ordu eta 5 mn.
  • Ingurunea: Saibi mendiaren inguruan zirkuitu aparta osatuko dugu, basoko gama kromatikoaz ederto gozatuta. Urkiolako natur parkean dago kokatuta.
  • Abiapuntua: Urkiola mendatea

Mendi ibilbidea

Saibiko zirkuitu aparta

Saibi mendiaren inguruan zirkuitu aparta osatuko dugu, basoko gama kromatikoaz ederto gozatuta. Urkiolako natur parkean dago kokatuta.
Mendizale bat eta bi txirrindulari, gainera iristen.
Mendizale bat eta bi txirrindulari, gainera iristen. JOSEAN GIL-GARCIA

2021-06-08 / Josean Gil-Garcia

Saibi mendia Urkiolako natur parkean altxatzen den muino hautatua da (Bizkaia). Proposaturiko ibilbidea tentagarria da oso, Saibi bera inguratzen duten zoko-moko harritsuak erretinan irmoki iltzatzeko. Baita tontorretik zabalduko zaigun panoramika apartaz ederto gozatzeko ere. Gure intuiziozko soak primeran lagunduta, Durangaldeko magal zorrotzen gainetik ibiliko gara, harat-honat, Mari jainkosa izango bagina bezala. Firin-faran ibili gabe, ordea, oinak lurrean jarri eta tipi-tapa abiatuko gara Urkiolako inguruetako talaia otzana ezagutzera.

Gerra garaiko tiro hotsen urrutiko oihartzuna lozorroan, zorionez, akaso artega galdegingo diogu geure buruari zer diren Saibiko muinoan ikusiko ditugun zauri sakonak, edota zer dakarren gogora muinoan bertan gailentzen den harrizko gurutzeak. Hamarkada batzuk egin behar ditugu atzera jakin-mina aseko bada. Eusko Gudarosteko tropa errepublikanoak eta altxamenduaren aldeko batailoiak aurrez aurre jardun ziren bertan, jo eta su, Urkiola gaineko talaia sonatua menderatzea xede. Orduan bazen zer defendatua, eta, tamalez, gorpuz beztitu ziren bazterrok 37ko udaberri lainotsuan. Eta odolaren gorritasuna nagusitu zen Saibiko pentzeetan. Gero, gurutzea gailendu zen airoski tropa frankisten hilak eta zaurituak omentzeko. Horixe izan baitzen diktadorearen lehen mandatua gerra amaitutakoan. Hura hil ostean, haatik, biktima errepublikanoak oroitzeko ikur bilakatu zen Saibiko gurutzea.

Saibi sabaia

Urkiolako mendatean emango diogu hasiera ibilbideari. Bizkarra jatetxearen eretzetik igarota, errepideari bizkarra eman eta Toki-Alai parketxerantz joango gara. Urki eta pago xumeek osatzen duten ilararen babesean hasiko gara goratasuna hartzen. Bide nagusiaren paraleloan doan zidorra baliatuko dugu laster, betiere igoera samurragoa egite aldera. Toki-Alai interpretazio gunera iristear, eskuinera egin, eta ikuspegi ederra izango dugu Durangaldeko mendilerro malkartsuaren gainean.

Saibitxikiko mazelak inguratzen hasita, bete-betean harrapatuko dugu Eskuagatx mendigune karstikoa, baita Mugarra eta Untzillatx mendi puskak ere. GR 282 Naturzaintza ibilbidearen nondik norakoak dakartzan informazio taula batera helduko gara bizkor. Bidebanatzean, ezkerrekoa utzi, eta zuzen jarraituko dugu Lawson altzifreak hazitako errainuan barna goazela. Basotik irtendakoan, leporaino jarraitu, eta azken metroak belardian gora egingo ditugu. Hala, lubakiak eta zuloguneak saihestuta, 1937ko guduan hil eta zauritu gudarien omenezko gurutzetzarrera iritsiko gara. Atanda-harria baliatuko dugu inguruko bazterrak ezagutzeko.

Tontorretik lepora itzuli, ezkerrera egin, eta 100 metro ibili ostean, basabidetik irtengo gara jaitsierari ekiteko. Aldazitala atsedenlekua erreferentziatzat hartuta, belardian behera egingo dugu. Belardia amaituta, pinudian sartu, eta GR 12 zidorreko pintura arrastoa daraman basabidea zeharkatuta, basoan barrena jarraituko dugu, harik eta beste pista batekin topo egiten dugun arte. Orduan, ezkerretik jo, eta Saibitxiko hegoaldeko mazelak zeharkatzeari ekingo diogu. Ehunka metro egin ostean, basabidea bitan banatzean, eskuinekoa aukeratu eta, urkiak eta pinuak ondoan daramatzagula, uraska txiki batera iritsiko gara. Une horretan, eskuinera jo, eta, zeharkaldi laburra egin ondoren, pagadian murgilduko gara. Zidorra utzi gabe, Aldazitala atsedenlekura iritsiko gara.

Urkiolara igotzen den errepidea zeharkatuta, basabidetik jarraituko dugu. Lehen bidebanatzean, eskuinekoa hartu, eta Santa Apolonia santutxorako urratsak egiten hasiko gara. Errekastoaren gainetik igaro bezain laster, basabidea utzi, eta ezkerreko mazelan gora egingo dugu. Belardia amaituta, hesi bat gurutzatu, eta Santa Apolonia baseliza xumera iritsiko gara. Pagadian zehar ibilbide aparta egin ostean, Urkiolako santutegian emango diogu amaiera Saibiko zirkuituari.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather