Ibilbideak

Arraioa (Azkaine), Bizkartzun, Gurutzea, Zuhalmendi, Esnaur

  • Herrialdea: LAPURDI
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Arraioa (Azkaine), Bizkartzun, Gurutzea, Zuhalmendi, Esnaur
  • Distantzia: 9,8 km. 2 ordu eta 45 mn.
  • Ingurunea: Gure historiaren pasarte batzuekin zerikusia duten hiru mendi apal hauek iraganaren lekuko isilak dira gaur egun.
  • Abiapuntua: Arraioa (Azkaine)

Mendi ibilbidea

Bizkartzun, Zuhalmendi eta Esnaur

Gure historiaren pasarte batzuekin zerikusia duten hiru mendi apal hauek iraganaren lekuko isilak dira gaur egun.
Behartzungo tontorretik ikuspegi zabala Azkaine aldera.
Behartzungo tontorretik ikuspegi zabala Azkaine aldera. MIKEL ARRIZABALAGA

2021-06-22 / Mikel Arrizabalaga

Azkaineko Arraioko ibarrean (Lapurdi) goititzen diren hiru mendi apal hauekharreman zuzena dute gure historiaren pasarte batzuekin. Gasteizko eta San Martzialeko gerretan, Napoleonen tropen porroten ondoren, tropa frantsesek gotorlekuak eta lubakiak eraiki zituzten , Lapurdiko mugan zeuden herrien gailurretan. Tropa anglo-hispano-portugaldarren erasoen beldur, hogei baino gehiago altxatu zituzten Azkaine, Sara eta Urruña inguruko mendi eta gainetan. Ibilaldi honetan bisitatuko ditugun barruti haiek modua ematen zuten tropa aliatuen mugimenduak kontrolatzeko eta Azkaineren aurkako erasoak saihesteko. Azkenean, tropek, Lapurdiko herriak hartu, eta Esnaur eta Bizkartzun mendi gainetan eraikitako barrutiak abandonatu zituzten.

Ibilaldia hasteko, Azkaineko Arraioko ibarreraino joango gara, eta bertatik abiatuko gara, ibilbide zirkularra osatzeko. Balizatutako bideak (Sentier des sommets-Bizkarzun-Esnaur), Arraioko erreka zeharkatu, basoan murgildu, eta Bizkartzun eta Esnaur mendien artean igotzen den pista zabal batera eramango gaitu. Mendiaren magaletik erraz igoko gara, eta, bihurgunera ailegatzean, Martinhaurrebordaren ondoan, pista utzi, eta Bizkartzun aldera zuzentzen den bide belartsutik jarraituko dugu. Tontorrera iristean, Azkaine gure mende, eta gertu, Larhun mendiaren silueta nahasezina. 185 metroko goragune apal honetan, 655 metro koadroko heptagono irregular formako gotorleku bat eraiki zuten 1813ko uztaila-azaroa bitarte.

Tontorrera igotzeko erabilitako bidetik atzera egin, eta pista zabalera itzuliko gara. Bide balizatuak gurutze handi baten ondora eramango gaitu, Sara eta Senpereko lurrek bat egiten duten tokian hain zuzen ere. Gurutzean, 2000ko jubilaua hitzak agertzen dira. Norabidea galdu gabe, hartxintxarrezko pistan barrena metro batzuk bete, eta Kintoa txerri arrazaren haztegi bat ikusiko dugu. Euskal txerria Euskal Herriko bertako txerri arraza bat da, eta, bere koloreengatik, batzuetan txerri zuri eta beltza esaten zaio. 2017tik jatorri izen babestua du: Kintoa.

Zuhalmendi mendira gerturatzean, haztegi gehiago ikusiko ditugu. Bide balizatua tarte batean utzi, eta tontorrerantz zuzentzen den bide belartsuan zehar jarraituko dugu. Tontorra zabala da, eta, hemen ere, lubakiak eta defentsarako arrasto batzuk topatuko ditugu. Bigarren mendi honetatik, Xaretako ikuspegi ederraz gozatuko dugu. Sarako lurretan dagoen zabaldiari bizkarra eman, eta Larhun mendiari begira jarriko gara gertu ikusiko dugun lepo txiki batera jaisteko. Hortik, gertu dugun pista zabalera jaisten jarraituko dugu, aurrez utzi dugun bide balizatuarekin bat eginez.

Basoan murgildu, San Inazio lepo aldera gerturatu, aldapa piko batek maldan behera jarri, eta aldenduko gaitu. Errepidean dagoen aparkaleku batetik, Nagusienborda baserriraino hedatzen den asfaltozko errepide txikitik, Esnaur mendira gerturatzen hasiko gara. Baserriaren azpiko aldetik ateratzen den xenda hartu eta, aldapa motz baina piko batetik Esnaurreko tontorrean utziko gaitu. 273 metroko garaiera duen mendian, zazpi aldeko forma eta 2.200 metro koadroko azalera duen gotorleku baten aztarnak ikus daitezke.

Abiapuntura itzultzeko tenorean, marra horiek erakutsiko diguten noranzkoan jaisten hasiko gara. Bidezidorrak Esnaur mendiaren magaletik Arraioko ibarraren behealdera eramango gaitu, abiapuntura hain zuzen ere.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather