Ibilbideak

Corrales de Bea, Camino de Modorra, Cabezo del Fraile, Bardea

  • Herrialdea: NAFARROA
  • Zailtasuna: Oso erraza
  • Tontor eta leku izenak: Corrales de Bea, Camino de Modorra, Cabezo del Fraile, Bardea
  • Distantzia: 6 km. Ordu 1 eta 30 mn.
  • Ingurunea: Kondaira eta pasarte ugariren ametsezko tokia da Bardeako desertua; baita natura oparoa darion kontserbaziorako eremu emankorra ere. Ibiltariari historia eta natura batuko zaizkio ibilbidean.
  • Abiapuntua: Corrales de Bea (Buñuel)

UDAKO SERIEA. Iragana, harrietan irarrita (I). Cabezo del Fraile.

Frailea, Bardea Beltzaren ikonoa

Kondaira eta pasarte ugariren ametsezko tokia da Bardeako desertua; baita natura oparoa darion kontserbaziorako eremu emankorra ere. Ibiltariari historia eta natura batuko zaizkio ibilbidean.
Desertu eremua nagusitzen da Bardean.
Desertu eremua nagusitzen da Bardean. JOSEAN GIL-GARCIA

2021-07-20 / Josean Gil-Garcia

Nafarroako Bardeako basamortuak milaka hektarea hartzen ditu herrialdearen hegoaldean. Desertu eremu horretan ordoki amaigabeak nagusi direlarik ere, tximinia itxurako muino deigarri franko ikusiko ditu oinezkoak, ohol formako paisaian barrena astiro-astiro dabilen bitartean. Izan ere, bertoko erliebearen morfologia osoki baldintzatu dute litologiak eta jatorri kontinentaleko materialen egiturak: hots, buztinen, kareharrien, hareharrien eta igeltsuen txandakatzeak eta horizontalki kokatzeak higadurari modua eman diote azkar eta biziki eragiteko. Cabezo del Fraile izenekoan, berbarako, mendi malda buztintsu, latz eta malkartsuak ez ezik, euri urek urratutako sakan zaurituak ere agerian geratu dira, bisitarien harridurarako.

Milaka hektarea biltzen dira Nafarroako hegoaldean, Aragoiko mugetan. 45 kilometro luze den eremu harrigarria luzatzen da iparretik hegora, eta oso profil geometriko irregularra du. Historian, inguruko herri ugarik eskubidea izan dute Bardeako natura oparoaz profitatzeko. Izan ere, Bardeako parajea nekazaritzari ez ezik, abeltzaintzari ere hertsiki lotua izan da. Transhumantziaren garrantziaz ohartzeko parada izango du bisitariak ibilbidean aurrera egin ahala.

Harrizko tapiza

Frailearen harrizko gaina edo burua zapaltzeko, Bea izeneko etxaldera (Nafarroa) hurbildu beharra dauka ibiltariak, lehenik eta behin. Buñueldik Taustera doan NA-126 errepideko 22. mugarri parean, Bardeako basamortu eremuan barrena doan nekazari bidea agertuko da. Informazio gune bat dago han, bide ondoan. Buztinez estalitako magal urratuak antzemango dira autotik irten gabe. Bisitaria Bardeako paisaiaren ezaugarriak begiztatzen hasiko da segituan. Euri urak eta haizeak indarrez eta gogor higatuta, han eta hemen agertuko dira kolore okrea darien muinoak, irudizko paisaia jantzaraziz. Muino apetatsuak izan arren, atentzio osoa erakartzen dute geomorfologia aldetik, talaiok arras interesgarriak dira eta. Hareharrizko eta kareharrizko substratuek tinko eusten dioten bitartean, lauzaz osaturiko terraza moduko ordokiak bistaratuko dira zoko-mokoetan. Harrizko txapela lur joarazita, ordea, urak gogor ekingo dio zizelkatze lanari, eta, urteen poderioz, paisaia harrigarria modelatuko du. Eredu gisa, Fraileko muino gotortua.

Lau bat kilometro egin ostean, bidebanatzean ezkerrera hartu, eta etxaldera iritsiko da oinezkoa. Aparkalekua bertan da, etxolaren parean. Cabezo del Fraile talaia sonatua aurrez aurre agertuko da, estanpa baten antzera edo. Aparkalekutik talaiara zuzen jo gabe, ordea, urratsak egiten hasiko da mendebalderantz. Hala, berehalako jaitsiera bat egin ostean, eskuinetik doan bidexkari segitu, eta, nekazari bide zabalak alde batera utzita, labore soroak inguratzen hasiko da bisitaria. Lehen sakanera iritsiko da zalea, espartzua, erromeroa, ezkaia eta eremu mediterraneoari lotuta dauden hainbat espeziek lagunduta, baita landare aromatikoon zabukatze mugimenduaren sintonia gogaide ere. Lur gorrixkak inguruan direla, sakantxoa zeharkatu, eta gora egingo du jarraian, aurreraxeago antzemango den lepora heltzeko asmoz. Lepotik ikuspegi politak izango dira. Atentzioa, akaso, sakaneko zintzurrean musika organo baten moldean eratutako substratu bertikalak piztuko du. Ederra!

Gazteluaren hondarrak

Bardeako organo musika gogaide, beraz, bidexkari segituta, bigarren sakanera iritsiko da. Magal buztintsuak zeharkatzeari eutsita, denbora gutxi emango du bidaztiak azken sakanera iristeko. Igoera piko batek Modorrako bide zaharrean utziko du txangolaria. Aurrera jo baino lehen, soa hegoaldera luzatzea komeni da, hegoaldeko ordoki zabalaren gainetik Moncayo mendi ezaguna agertuko da eta. Aragoiko natur parkerik interesgarrienari bizkarra emanda, halere, mendian gora abiatuko da. Fraileko talaia aldera urratsak egiten hasita, beraz. Modorrako bidean euri urek jorratutako lana nabarmenduko da laster; izan ere, silex harria, kareharria eta gainerako material bigunak bidexkan bertan pilatuta agertuko dira, nahas-mahas, inguralde sakantsu baten tankeran. Luiziak eta lur higitzeak bistan izango dira bidean, eta bidaztiak salto batzuk eman beharko ditu, nahitaez, xendari ongi eusteko.

Apurka-apurka korritzen ari den ibarraz beste aldean, Cabezo del Fraile tontorra agertuko da, airoso eta harrotasunez beterik. Arroila baten moduko ebakidura bitxi bat nabarituko da talaiako gandor malkartsuan. Ataka natural horrek gogora ekarriko du Pirinioetako Monte Perdidoko kondaira ezaguna. Haren arabera, Errolan Karlomagnoren ilobak, Durandal ezpata erabilita, koska bat ireki zuen Pirinioetako mendilerro hartan. Fraileko terrazan, zorionez, ezpata konturik ez da izango; edo bai. Izan ere, Nafarroako Erresuma defendatzeko altxarazitako gaztelu baten harriak ikusiko dira gainaldean bertan.

Lehen aldatsa samurtzen denean, besteak beste, elorri triska (Rhamnus lycioides) eta intsentsu sabina (Juniperus thurifea) landareek protagonismoa hartuko dute. Gaztelura zuzenean igo ordez, bide seinalatuak zehar-zehar eramango du bisitaria, aspaldiko labore soroak inguratuz. Une batez, bidexkak eskuinera egin, eta, muinoaren mendebaldeko magalari aurre eginda, gainaldeko hareharrizko harresiraino lagunduko du. Jaizkibelgo kostaldeko magalean gertatzen den bezala, hareazko harrietan sorrarazitako artelan porotsuak bistaratuko ditu so egileak tontorrera azken jauzia egin aurretik. Talaiatik ikuspegi zabalaz gozatzeko aukera paregabea egongo da. Bista aurrean, besteak beste, Aragoiko lur emankorrak, Antxo Abarka santutegiko talaia, Bardea Beltzeko paisaia iluna eta ordokietako labore soroak eta harrizko txapel sonatuak.

Itzulera bide beretik gauzatuko da, mendi maldetan behera eginez, bai eta lur buztintsuetan kilimatuta ere.

Bihar: Iragana harrietan irarrita (II): Urtsua.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather