Ibilbideak

Makea, Irigibelgo lepoa, Urtsua mendia, Mokorreta

  • Herrialdea: LAPURDI
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Makea, Irigibelgo lepoa, Urtsua mendia, Mokorreta
  • Distantzia: 9,5 km. 3 ordu.
  • Ingurunea: Urtsua mendia uharte edo sumendi baten moldean goratzen da Lapurdi ekialdean. Haren magalean zabukatuko da ibiltaria, gogotik, denbora bateko aztarnen bila.
  • Abiapuntua: Makea

UDAKO SERIEA. Iragana, harrietan irarrita (II). Urtsua mendi zaharra.

Aztarnen bila Urtsua mendian

Urtsua mendia uharte edo sumendi baten moldean goratzen da Lapurdi ekialdean. Haren magalean zabukatuko da ibiltaria, gogotik, denbora bateko aztarnen bila.
Urtsua mendian Euskal Herriko lurrik zaharrenak daude.
Urtsua mendian Euskal Herriko lurrik zaharrenak daude. JOSEAN GIL-GARCIA

2021-07-21 / Josean Gil-Garcia

Urtsua mendia Lapurdi ekialdeko tontor ezaguna da. Okzitania aldean zabaltzen den ordoki amaiezinetik etorrita, lehen muino aipagarria da Pirinioetako mendikate aldean, nahiz eta hura 700 metrora ez den iristen. Baina hor dirau, tinko-tinko, garo alorrak eta otadiak jantzarazten dioten berdetasunaz harro eta umil. Kanbo, Hazparne, Makea eta Lekorne herrien artean zutitzen da, eta, hartzen duen itxurari erreparatuta, nekez nahasi daiteke bere altzoan kulunkatzen diren beste tontor batzuekin. Izan ere, pentzeak eta itxura ondulatuak nagusitzen diren uharte baten moldean nabarmentzen da Urtsua mendia. Lur zaharrez osatuta dago, eta, geologoen esanetan, eskarmentu handiko talaia da.

Euskal Herriko arrokarik zaharrenak Urtsua mendian daude, Lapurdiko lur horiek lehenak izan baitziren itsaso azpitik azaleratzen. 545 milioi urte atzera egin beharra dago orogenia hura ulertzeko. Urtsua sortu zen garaian ez ziren existitzen gaur egun ikus daitezkeen animaliak eta landareak. Euskal Herria bera ere ez zegoen orain dagoen tokian. Denbora bateko paisaiaz ari gara, beraz. Funtsean, arroka metamorfikoak dira Urtsuan topatzen direnak. Besteak beste, Kanbriarraurreko gneis eta kuartzitak ikusteko aukera izango du Lapurdiko talaiara bertaratzen denak. Kuartzo, feldespato eta mikak lerrokatuak kausituko dira, estratu meheetan antolatuta. Altxor distiratsu batzuen estiloan, beraz, mineral desiratuok tontorrerako bidea zedarriztatuko dute. Hala nahi izanez gero, aspaldiko aztarnen bila abiatuko da oinezkoa, Urtsua mendiak zer irakatsia du eta.

Makeako alhaguneak

Urtsua mendiko itzulingurua gauzatze aldera, Makea herrira hurreratu behar du ibiltariak (Lapurdi). Luhuso eta Lekorne herriak lotzen dituen D-252 errepidea hartuta, Makeako Plaza auzora iritsiko da berehalakoan. Herriko etxea bertan dago, baita posta etxea ere. Errepidean ehunka metro aurrera eginda, ezkerrera jo eta, Kurutzaldeko auzotik igarota, Makeako Done Eztebe eliza goititzen den muinora iritsiko da. Bertan lagako du autoa, Urtsuako zirkuitua edo itzulia bertan abiarazten baita. Baigura, Iparla eta Artzamendiko talaia ezagunak bistaratzeko aukera ere profitatuko du bidaztiak Lapurdi ekialdeko balkoi eder horretatik.

Ipar-mendebalderantz hasiko da goratasuna hartzen. Kalean gora, Etxettoa, Bide Hegia eta Serorania etxe dotoreak gogaide izango ditu. Porlan bideari muzin egin gabe, atze-atzean utziko du Elizaldea eratzen duen baserri multzoa. Ezkerretik jarraituko du lehen bidebanatzean, eta Makeako alhagune aldera urratsak egiteari eutsiko dio. Urtsua mendiko hegoaldeko maldak eta mazelak izango dira bistan, baita haritz sendoek eta gaztainondoek ederki jantzitako etxolak eta etxaldeak ere; Uhurraskikoa eta Zeinhartekoa, besteak beste.

Haritz gorri batzuk hazten diren lekura iritsita, eskuinera egin eta, Uharazkiko etxe multzoaren eretzetik igarota, gora egiteari ekingo dio bidaiariak. Harik eta etxalde batera iritsi arte. Bidegaraia aldera nahiz Lekorne herrira joko du bide nagusiak. Horra jo gabe, ordea, ezkerretik doan basabideari ekingo dio oinezkoak. Seinale herdoildu batek jabetza pribatua dela jakinarazten duen arren, handik abiatuko da mendizalea, tinda horiko arrastoak bidelagun. Gaztainondoak, lizarrak eta haritzak gogaide, zehar-zehar arituko da orain aspaldiko harbidean gaindi, txoriak baino alaiago.

Irigibeldik gora

Haritzen babesean, etxola batera helduko da. Eskuinera egingo du han, eta, aldatsa amaituta, bide nagusiak errekasto batekin topo egiten duenean, ezkerretik segituko du, gaztainondo sendoen babespean. Garo alorrak hartuta ikusiko du Urtsuako magala. Eskuinera egingo du bide nagusiak goratasuna hartzearekin batera. Sigi-saga mendi maldetan, eta Irigibelgo lepora iritsiko da. Gaineko Ordokian, ezkerrera okertu eta, hegiz hegi ibilian, Urtsuako tontorrera iritsiko da azkenik.

Tontorretik iparraldeko magalari oratuko zaio ibiltaria. Garoak eta otakak kilimatuta, goratasuna galtzen hasiko da, haranetara jaitsi gabe. Tontorretik hamar minutura, ur biltegi batera iritsiko da. Ondo-ondoan antena bat dago. Orduan, ezkerrera jo eta Urtsuari itzulia egiteari eutsiko zaio. Itzuli ederra osatuz joango da orain, goratasuna galtzen den bitartean. Urtsubehereko etxolara helduko da laster batean. Pagoak, izeiak eta lizarrak hazten diren paraje liluragarria da. Etxola igaro bezain agudo, ezkerretik jarraituko du oinezkoak, betiere Urtsuako birari oratzearen kariaz. Errekasto baten ondoan, bidea bitan banantzen den lekuan, eskuineko bideari muzin egin eta goratasuna hartzen hasiko da ibiltari adeitsua. Iturbideko xendan aurrera eginda, etxola batzuen parera iritsiko da oinezkoa. Ezkerrera egingo du han, eta haritz amerikarrek eta gaztainondoak hartutako galerian barrena jarraituko. Basotik irten eta metro gutxira, aurrez aurre Mokorretako gaina dela, basabidetik irten, eta ezkerrean sigi-saga doan bideari ekingo dio. Aldatsari aurre eginda, Mokorretako lepora iritsiko da.

Behin lepoan, ibiltariak aukera du Mokorretako inguralde protohistorikoaz jabetzeko. Horretarako aski da eskuinaldean tentetzen den muinora igotzea. Bi terraza zeharkatuta, porlanez eginiko gurutzera helduko da. Talaiaz gozatuta, lepora jaitsiko da berriz, eta bide nagusiari jarraituko dio. Hasierako noranzkoari eutsirik, beraz, Ithalatze eta Aintxuxuritik Makeako plazaraino lagunduko duen bidea lagako du. Haren ordez, ibiltariak zehar-zehar jarraituko du pitin bat gehiago. Makeako Elizaldean itxi egingo da Urtsua mendiko itzulia.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (III): Montorte.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather