Ibilbideak

Jaizkibel, Erantzin

  • Herrialdea: GIPUZKOA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Jaizkibel, Erantzin
  • Distantzia: 8,8 km. 3 ordu.
  • Ingurunea: Jaizkibelgo magalak artelanez josita agertzen dira, eta eskulturon barruan murgilduko da orain ibiltaria. Hareharrian hondeatutako 'geoformak' eta silizezko harri bolak zain ditu txangolariak.
  • Abiapuntua: GI-4440 11,7km. (Hondarribia-Pasaia)

UDAKO SERIEA. Iragana, harrietan irarrita (V). Jaizkibelgo paramoudrak.

Erantzingo harri baratzea

Jaizkibelgo magalak artelanez josita agertzen dira, eta eskulturon barruan murgilduko da orain ibiltaria. Hareharrian hondeatutako 'geoformak' eta silizezko harri bolak zain ditu txangolariak.
Hareharrian haizeak forma bitxiak zizelkatzen ditu.
Hareharrian haizeak forma bitxiak zizelkatzen ditu. JOSEAN GIL-GARCIA

2021-07-24 / Josean Gil-Garcia

Jaizkibel mendia Gipuzkoako ipar-ekialdean goititzen da, Bidasoa ibaiko bokalaren gain-gainean. Itsasbazterreko mendigune hori ez da —inola ere ez— oharkabean pasa daitezkeen paisaia horietako bat. Tupustean, kostaldearen gainetik altxarazita, altxorrez beteriko gune estimatua agertzen da. Beste hitz batzuekin esplikatuta, ur mailaren inguruan naturak zizelkatutako artelan multzo paregabea ikusiko da. Ibilbide honetan, natur ondasuna bisitatuko da; Erantzin portuaren inguruko harri-bola misteriotsuak, besteak beste.

Azken urteotan Jaizkibel mendiaren gainean eginiko ikerketa lanek agerian utzi dute mendiguneari darion aniztasun ekologikoa. Tokiko berezitasun morfologikoaz gainera, ibai-haranetan zehar garatzen den landaretza ez da nolanahikoa; izan ere, hainbat eta hainbat espezie kostaldeko zoko-mokootako ezaugarri ekologikoetara egokitua da. Soa zeru aldera luzatuta, gainera, harri eta belarri geratuko da ibiltari bat baino gehiago bazterrok zeharkatu ohi dituzten ur hegaztien saldoak bistaratzean. Geologiari dagokionez, zer esanik ez: gaiak luze emango luke-eta. Jaizkibel mendiak erakusten duen geomorfologia ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Pikor fin eta ertaineko kuartzo hareharrizko geruza gris-urdinxka lodiz eta zementu karedunez osatua da mendigune osoa. Eta haizearen eta euri uraren higadura zorrotzaren eraginez, oso ametsezko paisaia bat agerian geratu da. Hareharriak berak halako sortze indarra dakar-eta.

Harrizko baratzea

Erantzingo zabalaren inguruan, arasa kontinentala hedatzen den toki liluragarrian, pseudoparamoudrak edo harri bolak ikusteko aukera dago. Jaizkibel mendiak erdi ezkutuan izan duen altxor magikoa da. Formazio geologiko bitxia itsasertzean sortzen da. Forma esferiko ugari ikusiko dira han, itsasoaren abaroan. Ikuskizunaz bapo gozatze aldera, marea behea aukeratu behar da beti. Izan ere, itsasoak harrizko hondartzaren gainean indarrez talka egin ohi duela, hobe da tentu handiz ibili eta koplak alde batera lagatzea.

Adituen esanetan, munduko harri bolen kontzentraziorik handiena eta hobekien kontserbatua gertatzen da bertan, Erantzingo zabalaren eta Biosnarko puntaren arteko baratze emankorrean. Esandakoa, harri esferikoak izanda, tentagarriak dira haiekin jostetan ibiltzeko. Bisitarion harridurarako, harriok ez dute zirkinik egingo. Bai, ordea, haien imajinazioak. Guztira, 2.500 metro koadroko eremua da, eta tamaina desberdineko harri bolen errainua eraturik ikusiko da han. Konkrezioak zeharkatzen dituzten bost milimetro inguruko hodixka bat izaten dute barrualdean, eta, batzuetan, beste egitura txikiago bat izaten dute barruan, espikula izenekoa.

Biribil harrigarri horiek nola sortu ziren ulertzeko, soa atze-atzera itzuli beharra dago. Adituen esanetan, sedimentazio garaian ornogabeek itsas hondoan galeriak zulatu zituzten. Gero, zulaketa horiek urari bertatik zirkulatzen utzi zioten, eta gero kanal bilakatu ziren.

Erantzinaundiko badia

Urak kuartzo-aleen disoluziotik sortutako silizea garraiatu eta kanalaren inguruan barreiatu zuen. Pixkana-pixkana, silizezko konkrezio edo nodulu handiak sortu ziren erdiko hodixkaren inguruan. Jaizkibelgo konkrezioak intereseko geologia lekuen inbentarioan daude sailkatua, Jaizkibelgo mendigune osoa geodibertsitate handiko eremua baita.

Lezo eta Hondarribia (Gipuzkoa) herriak lotzen dituen Jaizkibelgo errepideko 11. eta 12. kilometroen artean utziko da autoa, akazia batzuen babesean. Bertan hasten den basabidea hartu, eta Jaizkibelgo mazelak kilimatzen hasiko da ibiltaria, ibai-haranaz eta landaretzaz bapo-bapo gozatuta. Lehen bidebanatzean, eskuinera egiten duen basabidea laga eta magalari gortea egiten jarraituko du. Martitxeko malda bete-betean hartuko du ibiltariak orain. Osteratxo atseginaren ostean, Talaia Bidearekin bat egingo du Goroskuntzetako bide sardan.

Bidebanatze horretan errotarri bat dago. Talaia Bidea lagako du han, eta errotarriaren eskuinetik doan bideari oratuko zaio. Harbide baten moldean, jaitsiera xumea egin eta berehala, zauritua den Erantzin edo Ixiruko kuartela bistan izango du, pinu gazteek kolonizatuta. Eraikinaren ondotik igaro, eta maldan behera jarraituko du, Burnizko ibarra eskuinean lagata. Ixiruko edo Burkaizko talaiaren ekialdetik igaroarazita, adi ibiliko da aurrerago; izan ere, Erantzintxikiko itsasbazterrera zuzen jo gabe, ezkerrera egingo da sestra kurbari gortea egitearen kariaz. Segidan, pinudian barrena doan bidexka bat antzemango du. Handik metro batzuk baino ez ditu egingo. Izan ere, ezkerretik segituko du berehala, eta zehar-zehar jarraituko. Algak jasotzeko tresna baten zirga metalikoa zeharkatuko du bidaztiak Erantzinaundiko badia aldera gerturatzearekin batera.

Itsasbazterrean gaindi

Jaitsiera egiteari eutsita, Aierdi (Agerdi) eta Lerueta errekak amiltzen diren bazterrera helduko da. Gain-gainean, Erantzingo portua jantzarazten duten hareharrizko horma koloretsuak agertuko dira. Berezitasun morfologikoaz mira-mira eginda eta badiaren xarmak erabat liluratuta, paramoudrak metatzen diren hondartzara jotzeko tenorea iritsiko da. Itsasoko algak jasotzeko tresnari bizkar emanda, etorritako bidetik abiatuko da txangolaria, gorantz —bi minutu besterik ez—. Lehen aldapa amaituta, ezkerretik doan zidorrari oratu, eta pinudian barrena segituko du. Bide zabal batera irtenda, ezkerretik segi eta harri bolen errainura iritsiko da ibiltaria. Club Vasco de Camping taldeak seinalaturiko zidorrari jarraituta —marka zuriak dira—, aukera dago Erantzingo zabalean zehar osteratxo ederra egiteko.

Kostaldetik gehiegi urrundu gabe, baina, jator-jator segituko du naturak modelatu duen paisaia estonagarriaz gozatzen. Atzera-aurrera paseatuz, zona kaotikoa ahal dela saihestuta, goratasuna hartuko du bidaztiak, eta kostalde paretik doan zidorrari helduko dio. Erantzintxikiko itsasbazterrera berehala iritsiko da. Erreka gurutzatu eta aldatsari aurre eginda, bisitariak aukera izango du Biosnar inguruko bazterrak ezagutzeko. Bestela, eskuinera egingo du bidebanatze horretan, eta hegoaldera urratsak egiten hasiko da. Martitx muinoari gortea eginez, Zakardiko malkarrean aurrera goratasuna hartu eta Goroskuntzetako bidegurutzera iritsiko da, errotarria dagoen lekura. Ezkerrera hartuko du han, eta aparkalekura bizkor-bizkor iritsiko da ibiltaria.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (eta VI): Garbeko harbidea.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather