Ibilbideak

Ermualde, Garbeko harbidea, Aretxarro, Askan

  • Herrialdea: ARABA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ermualde, Garbeko harbidea, Aretxarro, Askan
  • Distantzia: 4,7 km. Oerdu 1 eta 30 mn.
  • Ingurunea: Garbeko galtzada garai bateko bide bat da. Zona karstikoaren gainean ederki egokitua dago, eta Ermualde inguruan harrigarriki hazten den artadi kantauriar trinkoa zeharkatzen du harbide zaharrak.
  • Abiapuntua: Ermualde (Laudio)

UDAKO SERIEA. Iragana, harrietan irarrita (eta VI). Garbeko harbidea.

Garbeko harbidea bidelagun

Garbeko galtzada garai bateko bide bat da. Zona karstikoaren gainean ederki egokitua dago, eta Ermualde inguruan harrigarriki hazten den artadi kantauriar trinkoa zeharkatzen du harbide zaharrak.
Ermualdeko Monumentu-Multzoan emango zaio hasiera Garbeko galtzadari.
Ermualdeko Monumentu-Multzoan emango zaio hasiera Garbeko galtzadari. JOSEAN GIL-GARCIA

2021-07-25 / Josean Gil-Garcia

Garbeko galtzada Ugalde gaineko muinoan agertzen da dotore-dotore, eta Erdi Aroko bidarri baten moldean eraikita dago. Bide zaharrak mazela karstikoa urratzen du alderik alde, eta, haren eskutik, bazter ederrak deskubrituko ditu ibiltari ausartak. Parajea biodibertsitate handikoa da, eta Arabako Paisaia Berezien Katalogoan jasota dago. Basogintzako paisaia tradizionala da, eta ondo kontserbatutako artadi kantauriarreko eremu batzuk ikusiko dira han. Kamaraka mendiaren hegalean barreiatzen da artadia, eta haltzadiekin eta harizti azidofilozko zuhaiztiekin partekatzen du lurraldea.

Burdin hesia

Garbeko galtzadari eta artadiari bisita egitearen kariaz, Ermualde edo Ermuko Andra Mariaren monumentu multzoan emango zaio hasiera ibilbideari. Bertaratzeko, Ugarte auzoan (Laudio, Araba) abiatzen den asfaltatutako bide estua hartu, eta, sigi-saga, ehunka metroko desnibela gainditu ondoren, Isusi auzora iritsiko da bidaiaria, aipatutako arkeologia monumentuen multzotik hurbil.

Ibilian hasi aurretik, Ermualdeko jatetxe berriaren inguruan dauden bide seinaleei arreta jarriko zaie. Seinaleok Burdin hesiaren memoria ibilbideari dagozkio. Zidorrari segika, gainera, txango interesgarri bat egiteko parada dago, gerra garaiko defentsa lerroa bertatik bertara ezagutzeko. Araba eta Bizkaiko 33 udalerri zeharkatzen dituen gerra lerro hori ondasun kulturaltzat jo zuten 2017an, eta monumentu multzoaren kategoria gisan sailkatu zuten. Garbeko harbidea lubakietaraino iristen ez bada ere, bidaztiak aukera izango du aipatutako ondarea bisitatzeko.

Ugaldeko altxorrak

Ermualdeko jatetxearen ertzetik doan basabidean barrena urratsak egiten hasiko da ibiltaria (Laudio, Araba). Larrinekoa izeneko baserri zaurituaren paretik igaro ostean, kareharrizko tapiza erakusten duen bideari oratuko zaio, maldan behera egitearekin batera. Gehiegi jaitsi gabe, ordea, adi ibiliko da oinezkoa eskuinetik doan bidexka gelditu gabe ez igarotzeko —bide seinale bat dago bidebanatzean, baita hiru harlauza txiki ere—. Dubiriz auzora doan bide zabala bazter egingo da han, eta Garbe eta Asketa errekastoek bat egiten duten behe ibarreraino lagunduko duen behialako harbide ezagunari helduko zaio.

Haritzen babesetik irtetean, metro batzuk baino ez ditu egingo landarerik gabeko hegalean barrena. Izan ere, bidarriak pitin bat beherago jarraitzen du. Oinezkoentzat egokitutako hesia gurutzatu ondoren, zuzen segituko du oinezkoak, pagadi tipi bat ezkerraldean lagata. Magala zeharkatzen ari den bitartean, Dubiriz auzoko baserriak ikusiko ditu hegalaren oinaldean. Aspurugoiko baserriaren inguruan, Mendieta eta San Roman aldera egiten duen bideari muzin egingo dio. Eskuinera joko du bidebanatze horretan, eta Garbeko galtzadaren bila jarraituko du. Gallarraga mendiari begira jarriko da bizkor. Hasieran, eukalipto gazteen artetik emango ditu pauso geldoak; berehalakoan, baina, inguralde karstikoan eta artadi kantauriarrean gaindi pauso luzexka egiten jarraituko du.

Hala, aldats xumea amaitu ondoren, Pagabikotxa etxolara doan bidea utzi, eta eskuinera hartuko du. Tregoaretxu inguruan, artadi kantauriar trinkoak bete-betean hartuko du bisitaria, begi itxi-ireki batean. Harbidea oso nabarmena agertuko da han, aspaldiko bidearen ezponda janzten duten kareharrizko harlauzak bistan direla. Ibarraren beste aldean, Mareazuloko sakana begi bistan izango du zaleak. Landaretzak aski babestua egon arren, Mareazulo haitzulo ezkutua izen bera daraman errekastoaren ondoan agertuko da, zeina itsasgorekin hertsiki lotu izan duen elezahar batek. Euri jasak gertatu eta egun batzuk geroago, mirari ikusgarria gertatu ohi da: barru-barruko biltegitik borborka milaka litro ur kanporatu, eta Ugaldeko errekaren maila dezente igoarazten da. Ordu gutxiko gertakizuna izaten da, eta zaila da jakiten noiz gertatuko den. Nola ez die uraren burrunbak bizilagunei harridurarik ekarriko, amildutako ura gazia bada? Naturaren misterioa.

Torrontegietako talaia

Bigarren altxorra Aretxarro haitzuloa da. Sakan berean ehunka metro gora eginez gero agertuko da harpe misteriotsua. Aho beltzak ez du, ordea, ur emariarekin zerikusirik, Aretxarroko sakana estutzen duen kareharrizko muturrean irekitzen baita. Haitzuloa Barandiaran antropologoak esploratu zuen, 1930ean, eta hezurrak eta burezur bat aurkitu zituen bertan. Haren hitzetan, Neolito garaiaren amaierako hilobiratze bati zegokion. Felix Murga eta haren Okondoko talde sonatua 40 urte geroago abian jarri ziren haitzulo beraren bila. Asko kostata, baina Mareazulo sakanean gora egin zuten, eta mira-mira eginda geratu ziren irekidura ttipia ikustean.

Tipi-tapa galtzadatik, gaztainondo sendo batzuk hazten diren zokora iritsiko da. Garbe errekastoaren gainetik igaro bezain laster, gora segituko du oinezkoak. Aldapa pikoa amaitzean, gurbitzak eta gaztainondoak hazten diren zoko-mokoan, eskuinera hartu eta sigi-saga maldan gora jarraituko du. Basabide zabal batera irtengo da bizkor. Eskuinera joko du orduan, betiere ehunka metro aurrerago goititzen den Torrontegietako gain karstikoaren aldera urratsak eginda. Hurrengo bidebanatzean, burdin hesia korritzeko gonbita egiten duen desbideratzea agertuko da. Hor, ibiltariak erabaki dezake burdin hesiari jarraitu ala ez. Garbeko zirkuitua ixteko, baina, eskuinetik segituko du, eta, Laudioko Basabideak bidelagun, Ermualdearen gaineko talaia ederrera iritsiko da. Basabideari begia kendu gabe, goratasuna galduko da apurka-apurka. Elurtegiaren paretik igaro eta berehala, Ermualdeko parajean amaituko du zirkuitua.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather