Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

ATZEKOZ AURRERA. Migel Zeberio eta Felipe Uriarte. Urmugaren antolatzaileak

«Jendea konturatu da zer den Urmuga»

Uztailean, Uriartek eta Zeberiok bigarrenez antolatu zuten Urmuga egitasmoa. Mendia eta musika, bien ogibidea eta bizipoza uztartzen dituzte adiskidetasunak gorpuztu zuen proiektu horretan.

2021-08-18 / Olatz Esteban Ezkati

Urmuga amaitu zenetik, lehen aldiz elkartu dira Felipe Uriarte (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1944) eta Migel Zeberio (Tolosa, Gipuzkoa, 1966). Gaintzan (Araitz, Nafarroa) aritu dira egitasmoaz, kulturaz eta sekula elkarri esan gabekoez.

Bigarrenez egin duzue aurten Urmuga. Nolakoa izan da?

FELIPE URIARTE: Iaz borobila atera zen, eta aurten biribila atera da.

MIGEL ZEBERIO: Bai, beste modu batera.

URIARTE: Jendea konturatu da zer den Urmuga, eta horretara etorri da: Urmugan parte hartzera, bere sakoneko esanahian. Alde horretatik, aurrerapauso bat egon da.

Eta zein du sakoneko esanahia?

ZEBERIO: Lehentasuna ematen diogu ikuspuntu intimo edo espiritualago bati. Planteamendua izan da esperientzia artistiko bat egitea naturan, ezberdina dena. Lortu dugu gizarte globalizatu honetan galtzen ari den espiritua mantentzea: herrietan dagoen jendearekin lotura izatea, gurekin auzolanean ari dena.

URIARTE: Urmuga hausnartzeko gune baten gisa ikusten genuen. Eta aurten hori gertatu da: literatura gehitu dugu. Lau idazle egon dira idazten BERRIAn, Urmugaz edo horrek esan nahiko lukeenaz.

Beste eremu batzuetara zabaldu da, beraz?

URIARTE: Iaz, beti esaten nuen Urmuga ekintza armatua dela, herria askatzeko ekintza armatua: musikarekin, poesiarekin, literaturarekin eta galtzerdien izerdiarekin. Horiek dira gaur egun erabil ditzakegun armak. Literaturan eta musikan izugarrizko batailoia dugu.

Musika eta mendia uztartuz herria egitea da funtsa?

URIARTE: Horretarako da, herria josteko. Eta herria jostea esaten dugunean, hitzari balioa eman behar zaio. Jostea badakigu zer den: puskatuta duzun praka bati balioa ematea, zaharra izanik eta izorratuta egonik ere. Horretan gaude, josten, bere zentzu guztian.

ZEBERIO: Baina horrek talka egiten du jende eta erakunde askorekin.

Musika eskaintza zabala eta askotarikoa izan da aurten; talde gazte asko ere bai tartean. Nolakoa izan da?

ZEBERIO: Oso polita izan da Chill Mafia, Dupla eta Idoia Asurmendi ikustea. Oso harreman polita izan da, eta funtzionatu du. Iazko kantari askorekin aldez aurretik bagenuen harremana. Orain, jende horrekin sakontzea eskatzen digu. Badago jende oso-oso interesgarria. Batzuk espainolez kantatzen ere ari dira, eta errespetatzen da.

Horrek ez du talkarik sortzen?

URIARTE: Bai, baina onartu egiten da.

ZEBERIO: Orain dela gutxi arte guretzat ia-ia pentsaezina zen, baina errealitatea hori da. Guk esplikatuko genieke bidesari hori ordaintzea zilegi dela, baina, herri gisa, lagundu behar dugu jende horrek hori egin behar ez dezan.

URIARTE: Baliabideak jarri behar dira mundu horretan sar daitezen.

Publiko zabalago bat erakarri duzue korronte berri horiekin?

ZEBERIO: Kantari guztiek eraman dute haien ohiko publikoa, eta lortu dugu erakustea badaudela beste plater batzuk gustagarriak izan daitezkeenak. Jende gehiago erakartzea ez dakit lortu dugun, baina helburua zer da, masa bat mugitzea?

Pandemia betean egitasmo bat sortzera animatu diren bakarrenetakoak izango zarete...

URIARTE: Iaz, maiatzaren hasieran egin genuen bilera bat, online, eta kikilduta geunden. Gehienek, ezetz, ezkortasun batean. Nik esan nien: ni banoa, zuek egin nahi duzuena. Oraindik itxialdian geunden. Hurrengo bost-sei asteetan, liskarrak izan genituen bien artean. Haserre amaitu genuen.

ZEBERIO: Bai, haserre inportanteak izan genituen, baina sekulako errespetuarekin eta aurrera egiteko helburu garbi eta jakinarekin. Haserretuta gindoazen eskutik: jo eta su soka berean lanean, elkarri hitz egin gabe. Oso polita da, eta ez dugu behin ere hitz egin horretaz.

URIARTE: Jakina. Garbi izan behar da zertan zabiltzan eta zergatik. Eta gauza pertsonalak albo batera utzi. Lubakian ez sartu.

Aurten argi izan duzue aurrera egingo zenutela?

ZEBERIO: Iaz erabaki zen bi urtez behin egitea, baina aurreneko bi urteak jarraian egin dira. Orain ikusiko dugu zer egiten dugun, nola eta nondik. Baditugu partekatzeko ideia batzuk, partikular samarrak, agian ez direnak oso samurrak.

Nola hasi zenuten guztia?

URIARTE:: Nepalera joan nintzen, eta, han, Dingboche herrian, esan nuen: «Kontxo, mendia eta musika: Urmuga». Tibet eta Nepalen artean, zortzi mila metroko mendiak daude, baina sekula ez dira muga izan. Orain ikusten dut gure adiskidetasunaren eremuan sortu zela Urmuga. Besteak anekdotak dira.

ZEBERIO: Bai, besterik gabe. Iktus bat izan zenuen, eta, lehendabiziko aldiz, hilkorren mundura jaitsi zinen. Nire solstizioko kontzertura etorri zinen, eta hor hasi zen.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather