Ibilbideak

Maeztu, La Tejera, Loizarreko galtzada, Olgetarako parkea, Bujanda, Antoñana, Asfalto meatzea

  • Herrialdea: ARABA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Maeztu, La Tejera, Loizarreko galtzada, Olgetarako parkea, Bujanda, Antoñana, Asfalto meatzea
  • Distantzia: 28, 3 km. 4 ordu.
  • Ingurunea: Mandazainen bidea eta Izkikoa elkartuz sorturiko ibilbidea egingo dugu, zailtasun txikikoa, Maeztutik abiatuta. Ibilbidea polita da, eta, ondo bidean, irribarrea ahoan amaituko dugu, ikusitako guztiari esker.
  • Abiapuntua: Maeztu

Izki, Arabako Mendialdeko ameztia

Mandazainen bidea eta Izkikoa elkartuz sorturiko ibilbidea egingo dugu, zailtasun txikikoa, Maeztutik abiatuta. Ibilbidea polita da, eta, ondo bidean, irribarrea ahoan amaituko dugu, ikusitako guztiari esker.
Loizarreko hezegunea galtzada baten laguntzarekin zeharkatuko dugu.
Loizarreko hezegunea galtzada baten laguntzarekin zeharkatuko dugu. IVAN RUIZ

2021-10-05 / Ivan Ruiz

Europako amezti garrantzitsuenetarikoa dugu Izki (Arabako Mendialdea). Izen bereko ibaiak ematen dio izena parke natural horri, eta malda xumeek eta bide erosoek toki aproposa bihurtu dute , bizikleta zaleontzat. Gainera, Urturiko Golfean, Izki-Arabako Mendialdea BTT Zentroa aurkituko dugu. Bertan, beharrezko zerbitzu guztiak topatuko ditugu: bizikleta eta GPS alokairua, bizikletak garbitzeko tokia, dutxak, jatetxea eta garrantzitsuena, zailtasun maila guztietarako seinaleztatutako hamabost ibilbide. Mandazainen ibilbidea eta Izkikoa (zazpi eta zortzi ibilbideak) elkartuz sorturiko bidea egingo dugu, zailtasun txikikoa, Maeztu abiapuntu hartuta.

Izki jatetxearen ondoan badago aparkaleku handi bat (667 m). Ibilbideari hasiera emateko aproposa da. Jatetxearen ondotik hego-mendebalderantz abiatzen den errepideari jarraituta, aurkituko dugun lehenengo bidegurutzean eskuinera joko dugu. Sei eta zazpi ibilbideen seinaleei kasu eginez, Apilaiz herrira iritsiko gara, San Kristobal mendiaren oinean kokatua. Herrian bertan, iturri baten ondoan seinalea aurkitu, eta ezkerrera biratuz aldapan gora egingo dugu, La Tejera gainaren aldera.

Tarte horretan, herriko gaztainondo basoaren azpitik igaroko gara. Aspaldi landatu zituzten gaiztainondook Apilaizen, eta herritar guztien artean banatu zituzten, bakoitzari kopuru bera emanez. La Tejera gainera iritsi ondoren (828 m), pistatik jaitsi, eta laster topatuko dugu Mandazainen bidea ezkerraldean; bide estu polit bat da, basoan murgiltzen dena, eta bihurgune ugari dituena, jostagarria oso. Pista bat zeharkatu ostean, Loizarreko hezegunean, galtzada batek lokatza saihesten laguntzen du. Ondoren, parkeari izena ematen dion Izki ibaira jaitsiko gara ameztian zehar, hurrengo bidegurutzean Korreserako bidea hartzeko.

Ibaiari jarraituta, Korreseko olgetarako parkera iritsiko gara, hamaiketakoa egiteko toki aproposa. Horixe da parke naturalaren barruan dagoen herri bakarra, txikia, baina benetan polita. Buxandarako noranzkoa hartuko dugu ondoren, Aranbaltzako urtegiaren gainetik doan bideari labarren artean jarraituz. Ia 100 urte dituen presa atzean utzi ondoren, ibaiaren kontrako isurialdetik jarraituko dugu, Buxandara iritsi eta Vasco-Navarro bide berdearen bila jarraitzeko. Lizarra, Gasteiz eta Bergara lotzen zituen trenaren bidearekin bat egingo dugu (576 m), eta Ega ibaiaren ondotik gure zeharkaldiarekin segitu, baina urak daraman bidearen kontra.

Antoñanara iritsiko gara laster, Vasco-Navarro ibilbide berdearen interpretazio zentroa bisitatzeko geldiunea eginez. Hiru tren bagoik osatzen dute museoa. Zubi batek errepidea zeharkatzera laguntzen gaitu ondoren, aurrera eginez Fuenfriako tunelarekin topatuko garelarik, 109 metro luze.

Ataurira iritsi baino lehen, asfalto mehatzaren aurretik igaroko gara, errepidea zeharkatu ostean. Ondoren, herria eskumara lagata, Atauriko tunela zeharkatuko dugu: 362 metro luze ditu, eta ondo argiztatua dago. Minutu gutxi barru, Bakartasunaren Andra Mariaren baseliza agertuko da gure bidean, XIII. mendekoa. Hemendik Maeztura paseotxo bat egitea besterik ez zaigu falta. Ibilbide hau ahoan irribarre eder bat dugula itxiko dugu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather