Ibilbideak

Frailea haitza

  • Herrialdea: ARABA
  • Zailtasuna: III+
  • Tontor eta leku izenak: Frailea haitza
  • Distantzia:
  • Ingurunea: Gorobel mendilerroan dago, Araban. 50 metro luze da, eta dituen hiru luzeak bakarrean eskala daitezke. Han dokumentatu zuten Euskal Herriko lehenbiziko eskalada.
  • Abiapuntua: Orduñako mendatea

Frailea haitza

Gorobel mendilerroan dago, Araban. 50 metro luze da, eta dituen hiru luzeak bakarrean eskala daitezke. Han dokumentatu zuten Euskal Herriko lehenbiziko eskalada.
Eskalatzaile bat, Frailea haitzako pareta igotzen.
Eskalatzaile bat, Frailea haitzako pareta igotzen. XABIER MUJIKA

2021-10-19 / Xabier Mujika

Euskal Herriko eskaladaren jatorria ez dago Pirinioetako edo Alpeetako hormatzar batean, Arabako Gorobel mendilerroko fraide itxura duen orratz batean baizik, Frailea haitza izena duena. 1924ko martxoaren 16an, Club Deportivo Bilbao Elkarteko Angel Sopeña Oruetak orratz hori lehen aldiz eskalatu zuen, eta Euskal Herriko lehen eskalada dokumentatu. Horrek sekulako zalaparta sortu zuen; izan ere, Orduñan eskalada horri emandako garrantzia hain handia izan zen, mendiari Sopeña haitza izena ere eman baitzitzaion.

Zailtasunaren aldetik erakargarritasun gutxiko eskalada izan daiteken arren, orratz honetan Euskal Herriko eskaladaren lehen pausoen historia bizitzeko aukera izango dugu. Batzuetan, aurrera egin aurretik, gelditu eta jatorriaren iturritik edan behar da egiten dugunari zentzua emateko. Eta hori da mendi honetako igoerak eskaintzen duen altxorrik preziatuena: jatorriaren iturritik edateko aukera, hain zuzen ere.

Lehenengo luzea, 13 metro, III. Ertzaren ezkerretik eskalatzen hasiko gara, hormatxo bertikal batekin topo egin arte (II). Bertan, eskuinera egin, eta ertzetik eskalatzen jarraituko dugu; hormatxoaren gaineko erlaitzera igo, eta luze guztiko iltze bakarrera iritsiko gara (III). Iltzetik gora, bigarren hormatxo bertikal bat ertzetik eskalatu (III), eta uztaidun parabolt bakarrez osatutako bilgunera iritsiko gara. ?

Bigarren luzea, 25 metro, III+. Luzea 4-5 metro inguruko helduleku oneko tximinia bertikala eskalatuz hasten da. Lehenengo 2-3 metroak (III+) eskalatu ondoren, erlaitz eroso batera igoko gara. Erlaitzetik gora metro pare bat eskalatuz(III), harkaitz aske baten ondotik pasatu, eta bigarren bilgunera arte luzatzen den zelai inklinatua igoko dugu. Zelai hau etzanez doa metroak irabazi ahala. Honen amaierako horman soka batez lotutako uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunea topatuko dugu. ?

Hirugarren luzea, 12 metro, II+. Bilgunetik eskuinera oinez metro batzuetan ibiliko gara, eta mendi-lepo estu batera iritsiko gara. Azken metroak harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatuz betetzen dira (II+), kate batez lotutako uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi arte. Bilgune hau atzean utzita, gailurreko postontziaren ondoko harkaitz batean sartutako parabolt batean bilgunea muntatuko dugu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather