Ibilbideak

Andagoia, Atagurengo ataka, Karamuzako talaia, Lacorretundo, Gabilloko otsazuloa, Fortunako putzua, Hoyo Grande

  • Herrialdea: ARABA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Andagoia, Atagurengo ataka, Karamuzako talaia, Lacorretundo, Gabilloko otsazuloa, Fortunako putzua, Hoyo Grande
  • Distantzia: 14,5 km. 3 ordu.
  • Ingurunea: Gibilloko mendigunearen inguruan ibiliko gara. Besteak beste, otso zulo zaharra eta Fortuna ur putzua ezagutuko ditugu.
  • Abiapuntua: Andagoia

Mendi ibilbidea

Labazar mendiko itzulia

Gibilloko mendigunearen inguruan ibiliko gara. Besteak beste, otso zulo zaharra eta Fortuna ur putzua ezagutuko ditugu.
Sendadianoko atakatik gertu eta Karamuza haitzera heldu aurretik, pago bikain bat ikusiko dugu.
Sendadianoko atakatik gertu eta Karamuza haitzera heldu aurretik, pago bikain bat ikusiko dugu. JOSEAN GIL-GARCIA

2021-10-26 / Josean Gil-Garcia

Labazar edo Telleta muinoa Gibillo mendigunean goititzen da. Arabako mendebaldeko eskualdean ikusiko dugu tontor hori, hau da, Urkabustaiz eta Kuartango udalerrien artean kokatutako biodibertsitate handiko goi ordoki batean. Ederki kamuflatuta dago, gainera. Labazarko parajea abantaila handiko naturgune batean dago, eta lotura hertsia du Arrastariako sakonune diapirikoarekin eta Arkamu mendigune karstikoarekin.

Tontorra alboan utziko dugu oraingoan, baina. Horren ordainean, Labazar —Arangatxa deitzen zioten lehen— muinoari itzulia egiteko proposamena dakargu.

Ordoki zabala bezain luzea den arren, Gibillo mendilerroa altxorrez beteriko zabalgune interesgarria da. Labirinto karstikoak, pagadi eta hariztiak, ur putzuak eta, besteak beste, natura ondareari dagozkion hainbat elementu bitxi bisitatzeko aukera izango dugu, mendigunean barrena gabiltzan bitartean. Gibilloko otso zulo sonatua gune liluragarri horietako bat da.

Andagoia herrian (Kuartangoko ibarra, Araba) emango diogu hasiera ibilbideari. Herrira heldu bezain pronto, elizaren aurreko plazara jo gabe, ezkerrera egin, eta, kalean gora eginda, bukaeran utziko dugu autoa, 15 zenbakia duen etxearen aurrean. Herriari bizkarra emanda, hortaz, mendebalderantz abiarazten gaituen nekazari bideari oratuta, Robledal izena hartu duen begi bakarreko zubi dotorera iritsiko gara. Errekastoa zeharkatu, eta, inguruko etxaldea igaro bezain laster, eskuineko bide zabalari ekingo diogu. Haritz sendoak ikusiko ditugu mendi magala dotoretzen.

Gora egin ahala, basoa soilduz joango da. Iartu ibarraren gainean goitituriko talaiak aurrez aurre izango ditugu; Castillo eta Marinda ezagunak, beste batzuen artean. Lehen bidebanatzean, belarrez jantzitako bidea laga, eta goratasuna hartzeari eutsiko diogu. Gorago, ordea, Atagurengo atakara doan bide nagusia alde batera laga, eta samur-samur doanari lotuko gatzaizkio. Bide biek goi ordokia helburu dutelarik ere, azken hori lehenetsiko dugu, Sendadianoko atakaren ondoko haitzuloaren paretik igaroaraziko baikaitu.

Lacorretundotik Fortunara

Galeria estua bistan utziko du delako zulo horrek, harrian hondeatutako osin baten moldean. Basabidean gora egingo dugu jarraian, eta, ziztu bizian, goiko atakan izango gara. Minutu batez jarraituko dugu urratsez urrats, bide nagusitik, eta horizontaltasunak dakarren soseguaz bapo-bapo gozatzen hasiko gara. Lau bideko elkargunera heltzean, ezkerrera okertu, eta amildegi aparta ezkerrean delarik, atseden bat egingo dugu talaia karstikoaren aldean ikusitako pagoaren itzalean.

Bide zabalean, berriz, mendebalderantz urratsak egiten segitu, eta, Karamuza haitza atzean utzi eta berehala, Lacorretundo ur-putzura iritsiko gara. Eskuinera joko dugu hango bidebanatzean, eta iparraldera egingo ditugu urratsak, soa lau haizeetara luzatzen dugun bitartean.

25 minutu emango ditugu horrela, basabide samurrak ederki lagunduta. Momentu batez, mugarritxo batek gonbita egingo digu pagadian sartzeko. Basoan barrena sartu-irtena egingo dugu, eta Gibilloko otso zulo zaharra ikusiko dugu. Bi horma sendo eta egitura etnografiko horiek izaten duten zuloa ikusiko ditugu han, pagadiaren babesean.

Bide nagusira irten eta aurrera eginda, bide sarda batera iritsiko gara. Orduan, eskuinera hartu eta Salida de la Lobera parajean barrena jarraituko dugu, bare-bare. Fortuna putzuaren paretik igaro ostean —harri batek inskripzio bitxi bat dauka—, Hoyo Grandera iritsiko gara.

Bide sarda bat agertuko zaigu sakonune karstikoaren parean garela. Eskuinera okertzeko unea da, baita Andagoiara abiatzekoa ere. Hegoalderantz abiatuko gara orduan, astiro-astiro, zuhaitzek maskaratutako berdeguneak han eta hemen ditugula. Hala, beraz, basabidetik irten gabe, Pared ur-putzura helduko gara. Putzuaren albotik igaro, eta Atagurengo tumulua ikusiko dugu ezkerraldean. Aurrerago, gainera, izen bera daraman atakatik pasatuko gara. Talaia karstikoan sigi-saga eginez, Andagoiara doan bideari helduko gatzaizkio. Halaxe amaituko da ibilbidea.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather