Ibilbideak

Apatamonasterio, Atxarte, Urkiolako behatokia, Asuntzako lepoa, Zabalandi, Besaide

  • Herrialdea: BIZKAIA
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Apatamonasterio, Atxarte, Urkiolako behatokia, Asuntzako lepoa, Zabalandi, Besaide
  • Distantzia: 35,8 km. 3 ordu eta 15 mn.
  • Ingurunea: Damaren mendiari itzulia emango diogu bizikletaz, eta, hori egiteko, haren behatokirik ederrenetatik pasatuko gara.
  • Abiapuntua: Apatamonasterio

Mendi ibilbidea

Anbotoko bira

Damaren mendiari itzulia emango diogu bizikletaz, eta, hori egiteko, haren behatokirik ederrenetatik pasatuko gara.
Zabalandiko lepoan, Anbotoren itxurak liluratuta utziko gaitu.
Zabalandiko lepoan, Anbotoren itxurak liluratuta utziko gaitu. IVAN RUIZ

2021-11-02 / Ivan Ruiz

Euskal mitologian benetako garrantzia duen mendirik bada, Anboto da hori (Bizkaia), antzinatik Mariren etxea izateagatik ezaguna baita. Ugariak dira mendi horrek gordetzen dituen kondairak, eta askok diote itxuraz Anbotoko Dama lurrean etzanda bezalakoa dela. Emakume itxura izan edo ez, guztiz erakargarri egiten dute haren kareharrizko labarrek. Eta hori aitzakia aproposa da mendi horri bizikletan bira emateko. Bide gehienak legarrezko pistak izanik, edozein urtarotan egiteko aproposa da.

Apatamonasterion (Bizkaia) hasiko dugu ibilbidea (164 metro), Arrazolara doan errepidea hartuz eta izen bereko bide berdea alboan dugula. Oinezkoek bakarrik erabil dezakete. XX. mendearen hasieran, tren batek burdina zeraman bide horretan Arrazolako meatzetik Apatamonasterioraino.

Anbotoren ipar horma aurrez aurre dugula, Santiago auzora iristerakoan, eskuinera joko dugu, Axpera iritsi eta GR-229 Mikeldi bidearen aztarnei jarraitzeko. Pistan gora eginez, Sagastara iritsiko gara, handik Mendiolarako bidea hartu eta maldan behera egiteko. Errepidearekin bat egiterakoan, Atxarteko haitzartera zuzenduko gara, Astxiki eta Untzillatx mendien artean zabaltzen den ebakidurara. Han, Gure Kristo Atxartekoa baselizarekin topo egingo dugu, eta, ibaia zeharkatuta, Txakurzulo 5,4 km, PR-BI 86 dioen seinaleari so eginez, porlanezko pistan gora egingo dugu.

Legarrezkoa da bidea metro batzuk aurrerago, Alluitz mendiaren oinean gora ari garela. Bihurgune itxi bat atzean utzi ondoren, ezkerrera Urkiolako behatokira daraman xendra dago. Aldapa igota, hiru gurutzeekin egingo dugu topo (709 metro) eta haien atzean Durangaldeko mendien ikuspegi ederraz gozatuko dugu.

Kalbarioaren bideak Urkiolako santutegira eramango gaitu arazorik gabe; hurrengo urratsa pistara iristerakoan maldan gora hego-ekialdera jarraitzea izango da. Horrela, Urkiolagirre mendia inguratu egingo dugu legarrezko pistatik, Asuntzako lepora iristeko. Ura behar izatekotan, hurbil dugu Polpol iturri famatua.

Kareharrizko piramidea

Maldan gora segitu behar dugu bidean orain, Anbotoko labar ederrak ezkerrean ditugula. Pagazelaiburuko gaina inguratu ondoren, igoera amaitu, eta basoan murgilduko gara; hurrengo argigunera iristerakoan, Zabalandin gaudela jabetuko gara (896 metro). Anbotoren kareharrizko piramideak aho zabalik utziko gaitu hemen.

Bidearen zatirik zailena egina dugu, eta, orain, maldan behera GR-123 bidea hartuko dugu, Besaiderako noranzkoan. Tellamendi mendiaren oinean gaudela (744 metro), bidea hirutan banatzen da, eta guk ezkerretik jarraituko dugu, gailurra inguratuz pago motzen baso eder batean zehar. Larrabilgo Laua lepora iritsita, GR-123aren margoek gidatuko gaituzte Besaideko monumento berriraino. Yoshin Ogataren eraikuntzatik hurbil, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa elkartzen diren mendixkan, Luis Pueyoren monumentu zaharra dago (555 metro), zendutako euskal mendizaleen oroimenean eraikia.

Bideari pistan gora eginez jarraitu behar diogu, iturri bat eskuinean lagata Udalara daraman xendraren hasieran. Memaia mendiaren oinean gaudela, bidea bitan banatzen da, eta guk ezkerreko aldapatxoa igo behar dugu. Ur depositu bat ikusiko dugu, eta azkar jaisten hasiko gara. Ziztu bizian iritsiko gara Arrazolako bide berdera. Handik, Apatamonasteriora daraman errepidetik azken metroak egitea baino ez zaigu faltako.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather