Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Mendia

Larrunarriko mendebaldeko ertz 'integrala'

Tontorretik, Aralar osoa ikusteaz gain, Euskal Herri osoko mendikateak begiesten dira egun urdin eta gardenetan.
Eskaladako azken diedroan.
Eskaladako azken diedroan. X. MUJIKA

2021-11-16 / Xabier Mujika

Aurten 70 urte bete dira Larrunarriko mendebaldeko ertzaren lehen eskalada egin zela. 1951ko urriaren 21ean, Jose Maria Peciña, Jose Arrate eta Anton Saenz de Basagoitiak 5 ordu eta 25 minutu behar izan zituzten ertza lehen aldiz eskalatzeko. Gaur egun ertz horren eskalada da Gipuzkoan gehien errepikatzen dena, eta horman jarrita dauden paraboltei esker, 1951ko denbora erdira jaitsi daiteke.

Ertzaren eskalada amaitzen den lekutik gailurrera oinez iristeko ohitura izaten da. Baina ertzaren ahotik jarraituz gero, Erlabeltzeko puntara iritsi aurretik bada 35 metro inguruko diedro nabarmen bat, soka-luze bakarrean eskalatzen dena.

Lehen luzea, 30 metro, IV. Diedroa tente bat eskalatuko dugu, honen gaineko bilgunera iritsiz.

Bigarren luzea, 25 metro, II+. Ertza etzanetik igotzen jarraitu urkila batekin topo egin arte. Bilgunea urkilan muntatzen da.

Hirugarren luzea, 30 m, III+. Hormaren eskuinean dagoen tximini bertikala eskalatu, eta harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen jarraituko dugu bilgunera iristeko.

Laugarren luzea, 30 metro, IV-. Harkaitz-plaka amaiera arte eskalatu ondoren, eskuinean dugun erlaitz bat jarraituko dugu tximinia/diedro batekin topo egin arte. Tximinia eskalatu ondoren, erlaitz horizontal bat zeharkatuko dugu «plaka politaren» oinera iritsiz.

Bosgarren luzea, 25 metro, IV. «Plaka polita» eskalatu ondoren, urkila zabal batera jaitsiko gara. Bilgunea urkilaren bestaldean dago, diedro bertikalaren oinean.

Seigarren luzea, 20 metro, IV+. Diedro bertikala eskalatuko dugu. Diedroa ixten den sabaira iristen garenean, ezkerrera horizontalean pasatuko gara erlaitz estu batean dagoen bilgunera iristeko.

Zazpigarren luzea, 35 metro, III. Erlaitz estua zeharkatu ondoren, malda belartsu bat igoko dugu hormatxo bertikal batekin topo egin arte. Hormatxoa eskalatuta bilgunea lurrean topatuko dugu.

Diedroaren eskalada, 35 metro, V. Diedro nabarmena eskalatu ondoren. ezker noranzkoan zeharkaldi bat egingo dugu, sabai baten azpitik pasatuz. Sabaiaren ezkerrean dagoen hormatxoa eskalatu ondoren, bilgunea zinta-uztai batekin harkaitz-bloke batean muntatuko dugu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather