Ibilbideak

Aizkorri, Iralarrainardea kanala

  • Herrialdea: GIPUZKOA
  • Zailtasuna: PD
  • Tontor eta leku izenak: Aizkorri, Iralarrainardea kanala
  • Distantzia:
  • Ingurunea: Bederatzi kanalek zeharkatzen dute Aizkorriko ipar horma, F eta AD+ zailtasun artekoak. Iralarrainardeakoa da gehien eskalatzen dena. Irtengunearen egoera aldakorra da.
  • Abiapuntua: Hiruetxeta auzoa (Zegama)

Mendi ibilbidea

Iralarrainardea kanala

Bederatzi kanalek zeharkatzen dute Aizkorriko ipar horma, F eta AD+ zailtasun artekoak. Iralarrainardeakoa da gehien eskalatzen dena. Irtengunearen egoera aldakorra da.
Mendizale bat, Aizkorri elurtuan.
Mendizale bat, Aizkorri elurtuan. XABI MUJIKA

2021-12-14 / Xabier Mujika

Elurrak mendiak zuritzearekin batera, iritsi da katu-oinak kranpoiekin eta magnesio poltsak pioletekin ordezkatzen hasteko garaia. Ohikoa ez bada ere, Pirinioetara joan gabe, Euskal Herrian bada non gozatu. Eta horretarako erreferentzia nagusia Aizkorriko kanalak dira, mendilerroaren ertzetik ibarrera luzatzen diren elurrezko mihi luzeak, hain zuzen.

Aizkorriko ipar horma bederatzi kanalek zeharkatzen dute, F eta AD+ zailtasun artekoak. Kronika honetan bederatzi horietatik gehien eskalatzen dena ezagutzeko aukera izango duzue, urteetan Kanalaundi Zuzena deitu izan dena, nahiz eta izendatzeko modu hori okerra den.

Iralarrainardea bi hitzen loturatik dator. Iralarrain kanalaren oinean dagoen metalezko gurutzearen izena da. Inguruko artzainek leku basati, harritsu eta malkartsu bat izendatzeko erabiltzen dute narda hitza.

Kanal hau eskalatzeko piolet bakarra eta kranpoiak nahikoak badira ere, gomendagarria izan daiteke beste piolet bat eta kaskoa ere eramatea, eskalatu behar den irtengune motzaren egoera aldakorra delako.

Ibilbidea Zegamako Hiruetxeta auzoan hasiko dugu. Bertan bizi diren baserritarrei enbarazurik egin gabe, autoa aparkatu ondoren.

Errepidea Altzukaran baserrian amaitzen da. Hara iritsi bezain laster, ezkerrera (igoeraren noranzkoan) doan mendiko pista hartuko dugu. Metalezko langa bat zeharkatu, eta malda gogor baten ondoren, sasiz eta garoz estalitako argiune batean, adreiluzko etxola baten ondotik datorren belarrezko pista batekin topo egingo dugu. Bertan, eskuinera (ipar-mendebaldera) hartuko dugu, pagadi batean sartuz. Pagadian, PR-GI 70 ibilbidea (Zegamako itzulia) ipar-ekialdeko noranzkoan jarraituko dugu, basoaren argiune batean dagoen egurrezko poste batera iritsi arte. Han, pista utzi, eta sasien eta garoen artean doan xenda erdi ezkutuari jarraituko diogu, pagadian gora doan pista zahar baten amaierara iritsi arte. Pista amaitzen den lekutik ipar-mendebaldeko noranzkoan jarraituko dugu, pista berri batekin topo egin arte.

Pista amaiera arte jarraituko dugu, ezkerrean pagoak eta eskuinean laritzak utziz, txondorrak egiten ziren leku batera iritsi arte. Hortik aurrera, pinudian sartu, eta 50-75 metro inguru ipar-mendebaldeko noranzkoan jarraituz, pista berri batera iritsiko gara. Pista honetatik gora jarraitu, eta bi-hiru bihurguneren ondoren basotik aterako gara, Iralarrain gurutzea dagoen zelaigunera iritsiz. Hortik gora, kranpoiak jantzi, eta pioletak eskuetan, kanal nabarmena igotzen hasiko gara. Hasieran kanalak ez du aldapa handirik —35 gradu inguru—, baina gorantz jo ahala, tentetuz doa, 45 gradura iritsi arte. Aldaparen amaieran dagoen hormara iristear gaudela, kanalak eskuinera jotzen du, ezproi baten ertzera iritsiz. Ezproiaren ertzetik jarraituz, kanalaren zailtasunik handienera iritsiko gara, 3-4 metro eta 65 gradu dituen irtengune malkartsu batera. Pioletak eta kranpoiak belar eta lur izoztuan ongi sartzea eskatuko digu. Irtengune hori eskalatu ondoren, kanalak ezkerrera jotzen du, eta 50 gradu inguruko malda tente bat eskalatuz, Aizkorriko Gurutzeko gailurrera arte.

Jaitsiera igoerako bide beretik edo Sakonaundi kanaletik egin daiteke, Aizkorriko kanalik errazenetik (F zailtasuna), Aitxuri eta Artxabal mendien arteko mendi lepoan amaitzen dena.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather