Ibilbideak

Maidalena, Züztarriko lepoa, Bagaüle etxaldea

  • Herrialdea: ZUBEROA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Maidalena, Züztarriko lepoa, Bagaüle etxaldea
  • Distantzia: 6,5 km. 2 ordu.
  • Ingurunea: Eraikina XV. mendekoa da, erromatarren aurreko tenplu pagano zahar baten gainean eraikia. XIX. mendean aldatu zuten, eta 1961ean zaharberritu.
  • Abiapuntua: Züztarriko lepoa (Atharratze)

Mendi ibilbidea

Maidalena

Eraikina XV. mendekoa da, erromatarren aurreko tenplu pagano zahar baten gainean eraikia. XIX. mendean aldatu zuten, eta 1961ean zaharberritu.
Maidalenako kapera eta tontorra.
Maidalenako kapera eta tontorra. MIKEL ARRIZABALAGA

2021-12-21 / Mikel Arrizabalaga

Zuberoako lurren erdi-erdian, haitza ibaiaren ibilguaren paraleloan, mendi multzo leun eta belartsu txiki bat altxatzen da. Mendilerro txiki horrek, iparraldetik hegoalderantz zabaltzean, altuera irabazten du, Maidalena tontorra bere puntu gorena izanik. Maidalena oso ezaguna da, batik bat tontorrean bertan dagoen ermita xumeagatik. Horren ondoan, ingurua desitxuratzen duen antena handi bat dago. Mendira igotzeko hainbat aukera ditugu; Zalgize-Doneztebetik, Iruritik eta Atharratzetik ateratzen diren bideak dira ezagunenak, baina bada beste bat aurreko horiek baino laburragoa dena; Züztarriko lepotik abiatzen dena, hain zuzen ere.

Züztarriko lepotik abiatu bezain fite, errepidea utzi, eta gure ezkerretik marrazten den bide zaharra hartuko dugu. Kilometro bat baino gutxiagoko luzera duen bide zahar horren bukaerara iristean, berriro errepidera aterako gara. Asfaltozko errepidean zehar kilometro bat beteko dugu, eta bihurgune handi batera ailegatzean, asfaltoa utzi, eta gure ezkerretik zabaltzen den lurrezko pista zabaletik gorantz egingo dugu, eta altuera erraz irabazi. Maidalenaren oinean dagoen zabaldira iristen garenean, errepidea gurutzatuko dugu. Inguru horretan, ohikoa da parapentea egiten duen jende andana ikustea. Aurrez aurre dugun ermitarantz joko dugu segidan, eta, ondoren, bertara igotzeko belardian marrazten den xenda hartuko dugu. Tontorrean, ermita ezagunaz gain, antena erraldoi bat eta mahai panoramiko bat ikusiko ditugu. Leku horretatik dagoen panoramika bikaina da, talaia paregabea Zuberoako lurrak ez ezik Orhitik Midi de Bigorreraino marrazten den mendikateen silueta behatzeko. Mendia ez da oso garaia, baina toki deigarria da jende askorentzat, batik bat Maidalenaren baselizak erakarrita.

Antzina, Marie Maddalene d'Aranhe izenez ezagutua izan zen, 1470ean. Eraikina XV. mendekoa da, erromatarren aurreko tenplu pagano zahar baten gainean eraikia, XIX. mendean aldatu eta 1961ean zaharberritu zena. Maidalena erromesak hartzeko lekua zen, Muskildiko San Antoni bezala. Joxe Migel Barandiaranek kontatzen zuenez, ermitan erromatar aldare bat kontserbatzen zen, Herascorrtsehe izeneko jainkoari eskainitako aldare bat omen zena: Fano Herauscorrtsehe sacrum. G(aius) Valerius Valerianus (Gayo Valerio Valerianok kontsakratu du Herauscorrtsehe orakulua). Beraz, ematen du aspaldian mendiaren tontorrean jainkosa horren tenplua zegoela, eta mendiak jainkosaren izena hartu zuela. Gero, jentilen tenpluaren ordez Maidalena baseliza jarri zen, eta harekin batera mendiaren izena aldatu.

Abiapuntura itzultzeko tenorean, ermitari bizkarra eman, eta Iruri eta Atharratzeko lurren mugatik marrazten den xendatik jaisten hasiko gara. Tontorreraino igotzen den errepidea azken aldiz gurutzatu, eta zuzen jaisten jarraituko dugu. Bidea balizatuta dago, eta horren laguntza izango dugu ibilbidearen tarte horretan. Lehenik basoan eta gero belaze artean hedatzen den bidetik, azkar galduko dugu altuera. Segidan, Atharratzeko lurretan murgilduko gara, eta, herrira doan bide balizatua eskuinean utzita, ezkerretik ateratzen den pistatik egingo dugu aurrera. Bagaüle etxaldearen ondotik igaro eta gero, asfaltozko bide erosoak beherantz egiten du lehen tartean, baina gero, aldapan gora segitu, eta abiapuntura eramango gaitu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather