Ibilbideak

Ainhoa, Olasur, Lori benta, Zugarramurdi, Urdazubi, Lizarmeakako lepoa, Meatzetako bizkarra, Gorospil lepoa, Zuharte lepoa

  • Herrialdea: LAPURDI, NAFARROA
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Ainhoa, Olasur, Lori benta, Zugarramurdi, Urdazubi, Lizarmeakako lepoa, Meatzetako bizkarra, Gorospil lepoa, Zuharte lepoa
  • Distantzia: 40 km. 4 ordu.
  • Ingurunea: Lapurdiko Ainhoa eta Sarak eta Nafarroako Zugarramurdi eta Urdazubik osatzen dute haran hau, eta txundituta utziko gaitu. Bide eta paisaia ederrak ditu gozagarri.
  • Abiapuntua: Ainhoa

Mendi ibilbidea

Xareta, sorginen lurraldean

Lapurdiko Ainhoa eta Sarak eta Nafarroako Zugarramurdi eta Urdazubik osatzen dute haran hau, eta txundituta utziko gaitu. Bide eta paisaia ederrak ditu gozagarri.
Aise ibiltzen da Bizkailuzeko bizkarrean zehar.
Aise ibiltzen da Bizkailuzeko bizkarrean zehar. IVAN RUIZ

2022-01-11 / Ivan Ruiz

Zoritxarrez, eskualde hau zerbaitengatik ezaguna bada, duela 400 urte baino gehiago inkisizioak sortu zuen sorgin ehizarengatik da. Bai, akelarreen lurraldean gaude, baina horiek ama lurra erdigunetzat zuten errituak besterik ez ziren. Historiako gertakizunak buruan ditugula, txoko ederrez beteta dagoen ingurua ezagutzera animatzen zaituztet gaurkoan.

Ainhoan du hasiera gure ibilbideak (119 metro), Ipar Euskal Herriko herririk politena, agian. GR-10 ibilbideari jarraituz herria utzi, eta Urrutieneko errotaren ondoan Urdazuri ibaia zeharkatuko dugu, eta, ondoren, haren parera doan bidetik segituko. Errepidea gurutzatuta, Zorribentako bidetik jarraituko du ibiliak; hegoaldera biratu ostean, Olasurreko mendixkara igoko garelarik, Larhun mendiaren ikuspegi ezin hobeaz gozatuko dugu.

Mendixkatik jaitsi ostean, Lori-bentara igo, eta han hegoalderantz biratuko dugu, eta, pistari jarraituta, Zugarramurdira iritsiko gara (205 metro). Herri horrek badu zer ikusi: kobazuloa, sorginen museoa... baina bidea luzea da, eta Herriko Jatetxearen ondoan dauden margo zuri-horiei jarraituz, Donezteberen kaperara iritsiko gara (XVI. mendearen aurrekoa). Errepidea zeharkatuz, aldapan gora goazela hurrengo bidegurutzean ezkerrera jo, eta gorostien artean aurrera jarraituz Axularren Txokoa izeneko bidearekin bat egingo dugu (SL-NA 17), haritz handi eta makurtu baten parean.

Hilerriaren bidetik sartuko gara Urdazubin, plazarako bidean kale nagusia zeharkatuz, errota eta bere kanala ezkerrean ditugula. Erdigunetik, Xardinen zubia zeharkatuta eskuinera Burdinola bidea hartu, eta laster Elordi mendian gora eginez, Donejakue bideari segituko diogu. Lizarmeakako lepoan (548 metro) Otsondoko portuko errepidearekin bat egingo dugu, ezkerrera jarraituko dugu, eta laster Gorramendira daraman pista hartuko. Bide horretan bunker ugari topatuko ditugu.

Haitzarte batetik igaro baino lehen (Luruko atekak, 673 metro), ezkerrera, Napoleonen Bidean gora egingo dugu. Antsestegi eta Lizartzu mendien mendebaleko mendi magaletik aise aurrera eginez, Gorospil lepora iritsiko gara (646 metro), Artzamendi mendiaren ikuspegi ezin hobea eskaintzen duena. Malda belartsuan gora eginez, lepoaren izen bereko gailurrera abiatuko gara ondoren (694 metro). Tarte horretan, zutarri erori bat topatuko dugu, 76. mugarriaren ondoan. Bizkailuzeko gailurra (702 metro) ere atzean utziko dugu berehala, Xaretako panoramika ederraz gozatzen dugun bitartean. Zuharteko lepora jaitsiko gara jarraian, eta Urrezti mendiaren azpitik GR-10aren pistari jarraituko diogu.

Bide zabal horrek Atxulegi mendia hego isurialdetik inguratzen du, Errebi mendiarekiko banantzen duen lepora igotzeko. Han, isurialdez aldatu, eta hurrengo mendia ere inguratuko dugu, GR-10ari jarraituz beti. Borda baten azpian gaudela, xendrak ezkerrera biratu, eta Arantzazuko kaperara eramango gaitu (389 metro), Larhun mendia urrunean ageri dela. Kapera horren ondoan, kalbarioa eta hilarri multzo handia topatuko dugu. Ainhoak eta Larhun mendiak argazki perfektua osatzen dute.

Ibilbidea amaitzeko, kalbarioaren gurutzeei jarraituko diegu pistan behera, eta Ainhoako herri xarmantera bueltatuko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather