Ibilbideak

Belkoain, Aduna, Basopeta, Mareagako gaina

  • Herrialdea: GIPUZKOA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Belkoain, Aduna, Basopeta, Mareagako gaina
  • Distantzia: 8,7 km. 2 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Armamentu eskasa izan arren, milizianoek kolpistei aurka egitea lortu zuten, eraikitako defentsa sistemei esker.
  • Abiapuntua: Aduna

Mendi ibilbidea

Belkoaingo lubakiak

Armamentu eskasa izan arren, milizianoek kolpistei aurka egitea lortu zuten, eraikitako defentsa sistemei esker.
Historia mardula du Belkoaingo lubakiak.
Historia mardula du Belkoaingo lubakiak. MIKEL ARRIZABALAGA

2022-01-18 / Mikel Arrizabalaga

Espainiako 1936ko Gerran, defentsa lerro bat antolatu zen Asteasu, Aduna eta Zizurkil herrien inguruan: Saseta defentsa sistema deitzen zitzaion. Ibilaldi honetan, Belkoaingo tontorrera igoko gara Andoain eta Aduna (Gipuzkoa) herrien gainean dago, eta, bide batez, defentsa lerro horren aztarnak ikusteko parada izango dugu.

Hainbat herritatik abia gaitezke, baina guk Aduna herri txikia aukeratu dugu. Herrigunean dagoen eliza dotorearen ondotik abiatu, eta asfaltatutako errepidean barrena maldan gora egingo dugu, herriaren goiko aldean dauden sagardotegien artetik igaroz. Orain arteko errepidea pista zabala bihurtu, eta PR-Gi 119aren bide seinaleek erakutsiko digute egin beharreko bidea.

Errepidea pista bihurtuko da, eta Belkoainera ondo goazela erakusten digu kartel batek. Bidegurutzean, ur biltegitik gertu, Basopetara zuzentzen den bidea aukeratuko dugu, Elordikoa itzulerarako utziz. Haritz eta pinuen artean erraz helduko gara Basopetako lepora, eta bertan atsedengune bat ikusiko dugu. Bide nagusia utziko dugu; eskuinetik ateratzen den bidetik igotzen jarraitu, eta Mareagako lepora iritsiko gara. PR-aren markak utzi, eta, metro batzuk aurrerago, Belkoainera igotzeko bide nagusia hartuko dugu. Gurutze handiaren ondora heldu aitzin, 1936ko Gerrako lubakien arrastoak ikusiko ditugu.

Mendi honetan zenbait borroka gertatu ziren, eta, horiei esker, euskal miliziek soldadu frankistak atzera botatzea lortu zuten. Armamentu eskasa izan arren, milizianoek kolpistei aurka egitea lortu zuten hurrengo egunetan, eraikitako defentsa sistemei esker. 1936ko abuztuaren 28an, behin betiko posizioa galdu zuten, eta Buruntzaldean gauza bera gertatu zen hurrengo egunetan. Aranzadik eta Aritza Kultur Elkarteak, Adunako Udalaren laguntzarekin auzolanean, agerian utzi zituzten erresistentzia errepublikanoen harresi eta lubaki batzuk. Candido Saseta militar profesionalaren lehen misioa izan zen Asteasu, Aduna eta Zizurkil herrien arteko defentsa lerroa antolatzea, gerora Saseta defentsa sistema deitu zitzaiona. Gaur egun, defentsa sistema hartatik lubaki ugariren aztarnak geratzen dira mendietan, hala nola Belkoain mendikoak.

Historiaren pasarte horiek gogoratu eta gero, gertu, muino batean dagoen gurutze handiaren ondora igoko gara. Horren ondoan egurrezko argibide taula bat ikusiko dugu, Belkoain erresistentzia gunea izenekoa. Buzoia eduki arren, hori ez da mendiaren punturik gorenena. Horra heltzeko, bidezidorrari jarraituko diogu, eta, metro batzuk beherago dagoen trikuharria atzean utzita, erraz helduko gara Belkoaingo tontorrera. Erpin geodesikoa eta harri multzo bat.

Itzulera etorritako bide beretik egingo dugu lehen zatian. Gurutzera itzuli, eta, aldapan behera, Mareagako lepora jaitsiko gara. Hor, berriro PR-Gi 119aren bide-seinaleak ikusiko ditugu. Egurrezko hesolan, Adunara Elorditik itzultzeko bide zabala erakutsiko digu. Pista zabal eta eroso hori mendiaren magalean barreiatuta dauden pinu eta Ameriketako haritzen basoetan murgiltzen da. Bi kilometro eta erdiko ibilaldia egin eta gero, asfaltatutako errepidera itzuliko gara berriro, eta, bertatik, abiapuntura itzuliko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather