Ibilbideak

Sarria, Markina, Larrasa, Iturrikiano, Beraso, Berretin

  • Herrialdea: ARABA
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Sarria, Markina, Larrasa, Iturrikiano, Beraso, Berretin
  • Distantzia: 16,5 km. ordu eta 10 mn.
  • Ingurunea: Ugalde Ibarra tankeratzen duen errekari begia kendu gabe ibiliko gara itzuli-mintzuli, Berretin inguruan.Lawson altzifreak eta urkiak izango ditugu lagun.
  • Abiapuntua: Sarria

Mendi ibilbidea

Itzuli-mitzuliak Berretinen

Ugalde Ibarra tankeratzen duen errekari begia kendu gabe ibiliko gara itzuli-mintzuli, Berretin inguruan.Lawson altzifreak eta urkiak izango ditugu lagun.
Larrasako hezegunea ikusiko dugu Markinara jaitsi aurretik.
Larrasako hezegunea ikusiko dugu Markinara jaitsi aurretik. JOXEAN GIL GARCIA / EZEZAGUNA

2022-02-01 / Josean Gil-Garcia

Murgia herrian (Araba) Gorbeiako parketxera doan desbideratzea hartu, eta Sarria herria zeharkatuko dugu. Bihurgunean egokitutako aparkaleku xumean utziko dugu autoa, Baia ibaitik gertu. Parketxera doan oinezkoentzako bidea baliatuko dugu oraingoan lehen pausoak emateko. Markinatik datorren nekazari bidea utzi eta berehala, bide laua laga, eta porlan bidean gora egingo dugu. Ur biltegian izango gara laster. Aldats gora jarraituko dugu gero, Lawson altzifreak eta urkiak gogaide. Altzifreek osaturiko galeriaren atarian, eskuinera jo, eta goratasuna hartzeari eutsiko diogu. Hurrengo bidegurutzean, ordea, ezkerrekoa hobetsi, eta ler gorrien errainuan murgilduko gara. Basabidea makurtzen denean, eskuinera okertu eta bihurgune zabala egindakoan, Albertegiko bizkarrera aterako gara.

Berretin gaina

Ipar-ekialdeko noranzkoa berriro hartuta, lerroari atxikita jarraituko dugu. Belardi ttipi batera helduko gara lehen aldatsa gaindituta. Zuzen-zuzen joko dugu orduan, goraxeago hazten den basorantz urratsak eginez. Pinazeoen artetik jarraituko dugu gero, sigi-saga, bidezidorrak bapo lagunduta. Hamar minutu nahikoak ditugu Berretin tontorrera hurreratzeko. Joan-etorria egingo dugu erpin geodesikora. Panorama ezin hobea: Gorbeiako tontorra bete-betean harrapatuko baitugu handik goitik.

Xendara itzulita, hasiera noranzkoari jaramon egingo diogu. Goratasuna galtzen hasiko gara orduan, astiro-astiro. Bidexkak eskuinera jotzen duenean, erne ibiliko gara ezkerrera ekiteko. Pinuditik irtenda, beraz, Gorbeia, Pagazuriko magalak eta Berasoko zabalgunea begi bistan izango ditugu. Eskuinera egingo dugu basabide horretan, eta, gora metro batzuk egin ondoren, ezkerrera hartuko dugu berriz ere. Berasoko lepora iritsiko gara ziztuan. Pagadian sartu gabe, Berasoko errekastoa gurutzatu, eta Pagazuriko pagadiaren paraleloan jarraituta, Muruatik datorren bide zabalera iritsiko gara.

Gorbeia mendiari bizkarra emanez, hegoaldera egingo ditugu urratsak; Aratzagana mendi aldera, alegia. La Llana parajera bideratuko gaituen basabidea lehenetsiko dugu ondoko bidebanatzean. Paseo galanta emango dugu hala, eskumaldean gailendutako Aratzagana muinoa inguratuta. Ordu erdia emango dugu Aratzagana guztiz inguratzeko. Iturrikianoko lepora helduko gara bide sarda nabarmen batera heltzearekin batera. Ezkerrean lagako dugu Manurgara doan bidea. Natur parkeko geziei erreparatuta, ordea, pauso arinak emango ditugu Aratzaganarantz. Iturrikiano mugarri historikoa bide ertzean ikusiko dugu, ipar-ipuruek hartuta.

Belardian gora egingo dugu pitin bat, eta aukera eskaintzen zaigunean, aldats gora ekiteari utzita, ezkerretik doan igaroleku berdetik jarraituko dugu. Ameztitik irten bezain laster, ezkerrera okertu, eta Goba ibarrerantz urratsak egingo ditugu. Errekarekin topo egin gabe, ordea, zehar-zehar bideratuko gaitu basabideak. Zeharkaldi ederra baino ederragoa osatuko dugu hala, harizti liluragarrian barrena. Landatxuetako belardiaren atarian izango gara berehala. Ibarrera jaitsi gabe, goialdetik gidatuko gaitu bideak.

Belardia amaituta, basoaren babesa hartuko dugu berriz. Larrasako belargune eta hezegunean izango gara arin-arin. Belardia zeharkatu gabe, baina, zelaia mugatzen duen hesiaz beste aldetik doan zidorrari men egingo diogu. Ugaldeko ibarrari begira jarriko gara, beraz, eta, minutu gutxiren buruan, Markina herrian izango gara. Ugalde erreka gurutzatu gabe, izen bera daraman kalean aurrera egingo dugu. Errota, zubi eta latsarri zaharraren ondotik igaro ostean, Sarriara doan errepidetik jarraituko dugu. Herritik irtetean, asfaltoa utzi eta Santumendi kalea baliatuko dugu Sarriara heltzeko.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather