Ibilbideak

Aretxabaleta, Atxorrotx, Lizargharate, Kontrastako lepoa, Aitzulo leizea, Sandaili harpea, Urkuluko urtegia,

  • Herrialdea: GIPUZKOA
  • Zailtasuna: Nahiko zaila
  • Tontor eta leku izenak: Aretxabaleta, Atxorrotx, Lizargharate, Kontrastako lepoa, Aitzulo leizea, Sandaili harpea, Urkuluko urtegia,
  • Distantzia: 35 km. 4 ordu.
  • Ingurunea: Arabaren eta Gipuzkoaren arteko mugatik hurbil, bada altxorrez beteriko mendilerro bat, bizikletarekin gozatzeko.
  • Abiapuntua: Aretxabaleta

Mendi ibilbidea

Zaraia, larrezko eta harkaitzezko paradisua

Arabaren eta Gipuzkoaren arteko mugatik hurbil, bada altxorrez beteriko mendilerro bat, bizikletarekin gozatzeko.
Aitzulo, Orkatzategin zabaltzen den begia.
Aitzulo, Orkatzategin zabaltzen den begia. IVAN RUIZ

2022-02-08 / Ivan Ruiz

Gipuzkoako hego-mendebaldera abiatuko gara gaur, ondare handia gordetzen duen mendilerro batera: Zaraiara. Gaztelu zaharren aztarnak, tumuluak, antzinako saroiak eta neurri ikaragarriko kobazuloak topatuko ditugu.

Kurutzebarri mendiaren itzalpean eta Deba ibaiaren urek bustia, Aretxabaleta dago, ibilbide honen abiapuntua. Han badago zer ikusi, Arratabe eta Otalora jauregiak eta Galartza dorretxea, adibidez. Gu Debako bidegorritik Eskoriatzarako noranzkoan pedalka hasiko gara. Herri horretan, Olazarreko tunela zeharkatu, eta ezkerrean dugun bidean gora egingo dugu. Bidegurutzera iritsita, eskumara PR-GI 3001 eta 99 bideei jarraituko diegu. Aldapa gogor bati aurre egin, eta Atxorrotz mendira iritsiko gara.

Kareharrizko pareta batekin topo egingo dugu; haren gainean, Santikurutz baseliza dago. Azken metroak egiteko, beraz, bizikleta aparkatu eta oinez igoko gara, gaztelu zaharraren aztarnak (XII. mendea) behatzen ditugun bitartean: harresia, uraska... Gailurrean (736 m), baseliza (XVI. mendea), gurutzea, postontzia eta Debagoienaren ikuspegi ezin hobea izango dira gure esfortzuaren sari.

Bizikleta gainean garela berriz, margo aztarnek hegoalderantz gidatuko gaituzte. Pistak Makatzgain mendia ipar isurialdetik inguratzen lagunduko digu, Lizargarateko lepora iristeko (971 m). Han, GR-282 ibilbideari jarraituko diogu, Arantzazura doanari. Iturri bat atzean utzi ondoren, Otsoarrateko lepora iritsi (1084 m), eta Deguria I eta II tumuluekin topo egingo dugu. Marka zuri-gorriek ekialdean gordetzen den poljera jaisten lagunduko digute, Degurixako saroira, hain zuzen: Euskal Herriko zaharrenetako bat da.

Kareharrizko mendiz inguraturik, dolinez beteriko larre berdeak zeharkatuko ditugu Kontrastako lepora (947 m) igo baino lehen. Handik, Urkuluko urtegira daraman jaitsiera hartu, eta kilometro eta erdi egin ondoren, etxe baten ondoan SL-GI 3003 zidorrari jarraituz desbideratuko gara, Santikurutz baselizara iristeko (830 m). Gure aurrean Udalatx eta Orkatzategi mendiek aparteko ikuspegia osatzen dutela, maldan behera egin eta zuzen jarraituko dugu, Aitzgaineko ubidea albo batean dugula. Izen bereko urmaelera heldu, eta haren atzean dagoen zelaian gora egingo dugu ondoren, lautadara iritsi eta hego-ekialderantz altuera galduz doan zidorrari jarraitzeko asmoz.

Zelaian behera goazela, marka zuri-horiei segitu, ezkerrera biratu, eta Aitzulo kobazulora helduko gara: guztiz txundituta utziko gaitu. Egundoko tamaina duen zulo hori bi begik osatzen dute, Orkatzategi mendiaren ekialdeko horman eskegita. Xendrak behera segitzen du. Araotzen errepidera irtengo gara, eta Jaturabeko urtegiaren ondotik pasatuko gara; hori bai, lehenengo Sandailliko baseliza bisitatuko dugu kobazulo batean dago.

Errepidean metro batzuk behera eginez, PR-GI 106 erromes bidea hartuko dugu, Jaturabeko ubidearen ondotik doan xendra estu bezain harrigarriari jarraitzeko. Barrenetxeko baserrietara iristean, Urrexolara igo beharko dugu, handik pistan gora jarraituta, Urrexolagaraiko lepora joateko (567 m). Ondoren, ziztu bizian Urkuluko urtegira jaitsiko gara, eta, ipar isurialdetik inguratu ondoren, SL-GI 37a, Uretsen bidea, hartuko dugu Aretxabaletara itzultzeko.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather