Ibilbideak

Gares, San Gregorio gotorlekua, Nekeaseko lepoa, Isabel infanta gotorlekua, Arnotegiko baseliza, El Reducto, Zabaltzagaingo gotorlekua

  • Herrialdea: NAFARROA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Gares, San Gregorio gotorlekua, Nekeaseko lepoa, Isabel infanta gotorlekua, Arnotegiko baseliza, El Reducto, Zabaltzagaingo gotorlekua
  • Distantzia: 8,9 km. 2 ordu eta 40 mn.
  • Ingurunea: Garesko zubi erromanikoaren albotik abiatuta, karlistaldien garaian eraikitako hiru gotorleku zeharkatzeko modua dago ibilde honetan.
  • Abiapuntua: Gares

Ibilbidea

Garesko gotorlekuak

Garesko zubi erromanikoaren albotik abiatuta, karlistaldien garaian eraikitako hiru gotorleku zeharkatzeko modua dago ibilde honetan.
Arnotegitik Garesko lurren ikuspegi zabala.
Arnotegitik Garesko lurren ikuspegi zabala. MIKEL ARRIZABALAGA

2022-02-15 / Mikel Arrizabalaga

XIX. mendeko karlistaldien garaian gotorleku militar batzuk eraiki ziren Gares inguruko muino txikietan. Gaur egun, horietako hondakin batzuk baino ez dira geratzen. Ibilbide honek, horietako hiru zeharkatzen ditu, baita El Reducto mendikoa ere.

Garesko zubi erromanikoaren ondotik abiatuko gara. Bertatik, Donejakue bidea igarotzen da. Orreagatik datorren bide nagusia eta Somportetik datorren bidea elkartzen baitira bertan. Bide osoa SL-NA 316 bidearen seinale zuri eta berdez balizatuta dago. Arga ibaiaren paraleloan, zentrala eta errota zaharra dauden lekura gerturatuko gara. Puntu horretan, ibaitik aldendu, etxe artean metro batzuk bete, eta San Gregorio gotorlekua zuzentzen xendan barrena abiatuko gara. Gaur egun, gotorlekuaren kantoi harri batzuk baino ez daude, beste guztiak herrira jaitsi ziren. 1945ean, beste gotorlekuekin egin bezala, lurrez eta landarez estali zen. Ezagutzen den lehen eraikuntza, San Gregorioren zaintzapeko ermita izan zen. XIX. mendearen hasieran, Napoleonen gudaroste frantsesek ermitaren zati bat suntsitu eta gotorleku bat eraiki zuten. 1848an, bizilagun batek baseliza eta gotorlekua desmuntatu zituen, eta 1875ean, berriz, Bigarren Karlistaldian eraiki egin zuten.

Zereal lur zabalen artean hedatzen den lurrezko pistatik aurrera egin eta berehala, altuera galtzen hasiko gara. Errepide asfaltatura iristean, norabidea aldatu, eta Nekeaseko lepora igoko gara. Tokiko esaera zaharrak dio: A Nekeas, ni vayas, ni veas, leku horretako lanaren gogortasunaz ohartuz. Pentsa daiteke, halaber, euskal toponimoa izan daitekeela: nekea, lan neketsua, alegia. Errepidea utzi, eta ezkerretik ateratzen den pistan barrena gorantz joko dugu. Isabel infanta gotorlekuaren ondora ailegatzean, aurri gehiago aurkituko ditugu. Bertan, Brontze Aroan kokaleku bat egon zen hainbat etxebizitzaz osatua. Gotorleku hori liberalek eraiki zuten. Izar formako planta du, eta, bertan, kuartela, uharka, lubakia, fusilatzeko pareta eta lodiera handiko harresia kanpo aldean. Soldaduak bertan egon ziren XIX. mendearen bukaerara arte. 1893an, Gamazada bete-betean zegoela, bi eguneko matxinada armatua gertatu zen.

Gotorlekuari bizkarra eman, eta gertu ikusiko dugun ermitarantz joko dugu, Arnotegikorantz, eta Obanoseko lurretan sartu. Ermita XIV. mendean eraiki zen, eta karlistaldietan defentsarako gotortu zen. Bertan, Arnotegiko Ama Birjina dago, XIII. mendearen hasierako tailu erromanikoa. Tradizioak dionez, ermitan ermitau gisa erretiratu zen Gilen noblea, bere arreba Felicia haserrealdi batean hil izanaren bekatu larria garbitzeko.

Lepora itzuli, eta lurrezko pistatik jaisten hasiko gara, berriro, eta Garesko lurretan sartu. Bide erosoak, kanposantuaren ondotik pasaraziko gaitu, eta herrira gerturatuko. Lehenik, El Reducto izeneko muinora igoko gara. Karlistadetan, militarrek Mendigorriako gotorlekua deitzen zioten. 1835ean, Luis Fernandez Curdovako jeneral liberalak gotorleku honetako gudaroste karlistak Ziraukira atzera egitera behar zituen. Inguruko beste gotorlekuekin gertatu bezala, 1945ean lurrez eta landarez estali zuten. Gares herriko ikuspegi ederra dago.

Gurutziltzatuaren elizaren ondotik pasatu, errepidea gurutzatu eta Zabaltzagaingo gotorlekura igoko gara. Gotorleku hau, 1833an eraiki zuten, Lehen Guda Karlistaren hasieran. 1836an, karlisten porrotaren ondoren, suntsitu egin zuten. Maldan behera marrazten den xendatik jaitsi, txaleten artean Arga ibaiaren ondora iritsiko gara. Ibaiaren paraleloan jarraitzen duen bideak abiapuntura eramango gaitu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather