Ibilbideak

Beriain, Bazkalaitz arrakala, Elkezbide, Unanu

  • Herrialdea: NAFARROA
  • Zailtasuna: III
  • Tontor eta leku izenak: Beriain, Bazkalaitz arrakala, Elkezbide, Unanu
  • Distantzia:
  • Ingurunea: Arrail nabarmen honen oinera iristeko zenbait bide daude, baina kasu honetan denetan teknikoki errazena den ibilbidearen alde egin dugu. Ingurua ederra da.
  • Abiapuntua: Unanu

Mendi ibilbidea

Bazkalaitz: arrail bertikala

Arrail nabarmen honen oinera iristeko zenbait bide daude, baina kasu honetan denetan teknikoki errazena den ibilbidearen alde egin dugu. Ingurua ederra da.

2022-02-22 / Xabier Mujika

Beriainpuntaren mendebaldeko aurpegia piramide perfektu bat da, Sakanaren nortasunaren adierazgarri bat, inongo zalantzarik gabe. Piramide hau Bazkalaitz arrail bertikalak—A-10 autobidetik nabarmen ikusten dena—Elketz Belaztira arte bitan erdibitzen du. Arrail nabarmen honen oinera iristeko zenbait bide daude, baina esango nuke kronika honetan azaldutakoa teknikoki errazena dela.

Elkezbide, berriz, Beriaingo hegoaldean dagoen paxa luze bat da, Elketz eta Aldai belaztiak lotzen dituena. Bide hau aspalditik ganadua bi belaztien artean eramateko artzainek erabilia izan da. Bide ikusgarria. Hura zeharkatzean, gure ezkerrean utziko dugu Mearrako amildegia, ibilbideari gatz puntu bat emanez.

Kronika honetan proposatutako ibilbidea Unanu herrian hasiko dugu. Herritik bertatik Beriainera doan ohiko bideari jarraituko diogu, Iturtxiki iturrira iritsiz. Hara autoz irits daiteke, baina ez du merezi, igoerari 20-25 minutu eskas kenduko dizkiogulako bakarrik.

Iturtxikitik Beriainera doan ohiko bideari jarraitu, Aldai Belaztira iritsi, eta beste 100-150 metro igo ondoren, elorri bereizi baten ondoan Beriainera doan bidea utziko dugu. Elorriagoako pagadiaren goialdeko pagoak gure ezkerrean ditugula, kontu handiz zeharkaldi horizontal bat egingo dugu, Elkezbiden sartuz.

Mearrako amildegia gure ezkerrean utziz, Elkezbide alderik alde zeharkatu, eta Beriainpuntaren muturra inguratu ondoren, Elketz Belaztia eta Bazkalaitz arrailak bat egiten duten lekura iritsiko gara. Leku honetara iritsi aurretik, animaliek babesleku moduan erabiltzen duten leize txikia ere bisitatu dezakegu.

Bazkalaitzeko arrailak III zailtasuna du, eta eguraldi onarekin, zailtasun handirik gabeko eskalada da; ez, ordea, bustia edo elurrarekin badago. Hiru irtengunez osatua dago: lehenengoa, hiruretatik zailena, II-III zailtasunen artean dago eta erlaitz batek banatutako bi zatitan banatzen da: 14 metro ingurukoa lehena eta 3-4 metroetakoa bigarrena. Kronika batzuetan bigarren zati hau bigarren irtengune gisa ere izendatua izan da. Lehen irtengune honetan parabolt eta iltzeak topatuko ditugu sokarekin aseguratu ahal izateko. Bigarren eta hirugarren koskak II mailakoak dira, zailtasunari dagokionez, eta horietan harriak ez botatzeko, kontu handiz ibili beharko dugu.

Baina eskalada hau erraza izan arren, ezin dugu gutxietsi, bertako harkaitza labainkorra izateaz gain (batez ere bustia badago), arrail osoan harriak botatzeko arrisku handia dagoelako, bai gure aldetik, bai inguruan ibiltzen diren ardi eta ahuntzengatik. Horregatik, ezinbestekoa da kaskoa jantzita eramatea. Eskaladatxo errazetan trebetasuna izanez gero, kaskoaz gain ez da material berezirik beharko. Esperientzia gutxi badugu, berriz, gomendagarria da 30 metroko soka bat, hiru espress zinta eta zinta pare bat eramatea.

Negu giroan, elurraz estalia dagoenean, piolet eta kranpoiekin eskalatzen den arraila izaten da, igoerari benetako kutsu alpinoa emanez. Jaitsiera Beriainpuntara doan ohiko bidetik egingo dugu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather