Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Mendi ibilbidea

Larla, meategietako bidetik

Tontorretik Arberoako lur eder eta Iparlako harresi bikainez gozatzeko aukera izango dugu
Larlatik Iparlako harresia ikus daiteke. Bi ibilbide balizatu daude ingurutik ibiltzeko.
Larlatik Iparlako harresia ikus daiteke. Bi ibilbide balizatu daude ingurutik ibiltzeko. MIKEL ARRIZABALAGA

2022-03-01 / Mikel Arrizabalaga

Larla mendiaren magalean burdin mea-zain handi bat dago, Ustelegiko mea zaina deitutakoa. Mendiaren bi mazelen azalean zabaltzen den mineralizazioak 3,5 kilometroko luzera du, Larraburuko erroitzetik, hego-mendebaldetik, Pikasari arte, ipar-ekialdean. Azala, batik bat, sideritaz osatuta dago. Larlako siderita zain aberatsa, Burdin Aroan atzeman zuten, K. a. III. mendean. Lehen meategiak zainaren gainean garatu ziren, eta metalgintzako lantegiak meatzean bertan eraikitzen ziren. Pizkundean eta Aro Modernoan, mea ateratzen jarraitu zuten 1914an ustiapena gelditu zen arte.

Meategi hauek ezagutzeko, bi ibilbide balizatu daude: aurkikuntza xendera eta meatzarien xendera. Lehena, laburrena, seinale berdez balizatua dago, eta, bigarrena, luzeagoa, gorriz. Ibilbide zirkular honetan biak lotuko ditugu, eta horrela, ibilbidean agertzen diren bederatzi argibide panelen bidez meategi hauen informazio zehatza jasoko dugu. Bide batez, ibilbidetik kanpo dagoen Larlako tontorrera igoko gara.

Nafarroa Behereko Arrosa herritik Bidarrai aldera zabaltzen den mendiko errepide txikitik igoko gara Ondaia aparkalekuraino. Ibilgailua utzi, eta errepidetik oinez 300 bat metro jarraituko dugu, ezkerretik ateratzen den lurrezko pista hartuz. Metalezko langa igaro, eta haritz eta gaztainondoen artean marrazten den xendan barrena jarraituko dugu. 1. argibide taulan agertzen den antzinako metalurgia lantegiei buruzko informazioa irakurri eta gero, Pikasariko lepora igoko gara. Harrizko pistatik malda bizian gorantz egingo dugu, Harretxeko Bordaren ondoan dagoen 2. argibide taulara. Puntu horretan, ibilbide balizatua utzi, eta ezkerretik ateratzen den bide belartsutik gora egingo dugu, Larlako tontorreraino. Ibilbidearen zati horretan, Arberoako lur eder eta Iparlako harresi bikainez gozatuko dugu.

Ibilbidearekin jarraitzeko, balizatutako bidera jaitsi, eta 3. argibide taularekin egingo dugu topo. Pistak aurrera jarraitzen du, eta pixkanaka altuera galtzen hasiko gara. Arditegi baten ondotik pasa, eta haitzari itsatsitako lagurren argibide taula, meategi modernoei buruzko informazioarekin. Larrango oinean dagoen lepora iritsiko gara, eta metro batzuk beherago, Harotzaneko bordatik gertu, 5. argibide taula dago, Harotzainekobordako lantegikoari buruzkoa. Hego-ekialderantz jaisten jarraituko dugu, baina laster, norabidez aldatu, eta ipar-ekialderantz zabaltzen den pistatik aurrera egingo dugu.

Haritz eta gaztainondo bikainen artean erraz ibiliko gara. Arrosara doan bidea gure eskuinera utzita, mendiaren magala zeharkatzen duen bidetik segituko dugu. Aldapa txiki bat igo ondoren, hondakinen artean igaro eta 6. argibide taula aurkituko dugu, Larla mendiaren oihan-galtzeari buruzkoa. Harkaitz handien eremu bat zeharkatu eta gero, kuartel desberdinen hondakinen ondora iritsiko gara eta bertan 7. argibide taula, eta gertu, 8. argibide taula mineralen garraioaz informazioa ematen dutenak. Hor, ibilbide gorria utzi, eta berdea hartuko dugu,gertu ikusiko dugun Ondaiako aparkalekuraino jaisteko. Ibilbide gorritik jarraitzea erabakiz gero, 9. argibide taula ikusiko dugu azken meategiei buruzkoa.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather