Ibilbideak

Leze, Durruma, Bikuñako portua, Uraska, San Benito baseliza, Itaidako zutarria, Andoingo lepoa

  • Herrialdea: ARABA
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Leze, Durruma, Bikuñako portua, Uraska, San Benito baseliza, Itaidako zutarria, Andoingo lepoa
  • Distantzia: 36 km. 3 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Larre berde, baso sorgindu eta megalitoen artean pedalka eginez ibiltzeko aukera izango da ibilbide honetan.
  • Abiapuntua: Leze

BTT ibilbidea

Lezetik Entziari bira

Larre berde, baso sorgindu eta megalitoen artean pedalka eginez ibiltzeko aukera izango da ibilbide honetan.
Zezamarako bidean, pagadiez gozatzeko aukera dago.
Zezamarako bidean, pagadiez gozatzeko aukera dago. IVAN RUIZ

2022-03-08 / Ivan Ruiz

Araba eta Nafarroa arteko mugatik hurbil, Altzaniako mendien oinean bada kobazulo ezagun bat, Leze izenekoa. Autobidetik ikusten den begi izugarri honen inguruan, eskalatzaile ugari biltzen dira asteburuoro kareharrizko hormetan gora egiteko asmoz. Bertan, munduko gazta honenetako bat saltzen duen gaztandegia aurkitzen da ere bai. Hurbil iturri bat eta mahaiak ditugu, toki hau abiapuntu egokian bihurtuz.

Lezeko aparkalekuan emango diogu hasiera egunari (600 m), errepidera daraman pista jarraitu eta Ilarduiara segiko dugu beste hau. Herria zeharkatutakoan, ezkerrera beste pista bat hartu eta autobide azpitik igarota Durrumara iritsiko gara. Herriaren hegoaldean, Surbe eta Mirutegiko gainek gure arreta deitzen duten momentuan, kanadiar igarobide bat zeharkatu eta Bikuñako portuaren igoera gogorrari ekingo diogu (GR-120, Ignaziotar bidea) legarrezko bidean gora eginez.

Baio mendiaren labar gorrixkak atzean utzi ondoren, Bikuñako portura (1077 m) iritsiko gara, eguneko esfortzu handiena amaituta. Han GR-282 bidea eskumara jarraituko dugu eta langa bat gurutzatu ondoren, ekialdera joko dugu, harkaitzezko laberinto baten erdian Zalanportilloko arku famatua topatuz. Begia gurutzatu ondoren, gure egin beharrekoa hegoaldera jo eta Arnoko pagadia zeharkatzen duen basabide erosoa jarraitzea izango da.

11. kilometroan, Iturbaltz erreka zeharkatu eta mendebaldera jarraituz, Zezamako zelaietan sartuko gara, non, Opakuako portutik datorren pistara daraman bidea aurkituko dugu. Ignaziotar bidea jarraituz, pista gurutzatu eta Urgutxiko inguru lasaian aurrera egingo dugu. Laister, hego-ekialdera biratu eta Uraskako zelaiak gurutzatuko ditugu, nartziso horiek koloreztatutako inguruan. Legarrezko pista batera gehituko gara beste behin, basoa zeharkatuz Larragoako langara daramana, Araba eta Nafarroa arteko muga.

Langaren bestaldean, bideak Aldaranako zelaietan aurrera egiten du, San Benitoko baselizara iritsi arte (974 m), Larraonako portutik hurbil. Hamaiketakoa egin, eta erlojuaren orratzen kontrako norantzan Arteako baso sorgindua inguratuko dugu. Gomendagarria da oso, bizikletak aparkatuta utzi eta basoan barna murgiltzea arroken formak miresteko.

Basoa inguratu ostean, Aldaranako zelaietan gaudela iparrera joko dugu, mendian gora, basoa zeharkatu eta Itaidako langara iristeko. Izen berdineko zutarria atzean utzi ondoren, Opakuatik datorren pistara gehituko gara eta maldan gora eginez, Igoritako aparkalekura iritsiko gara. Toki honetan ere nartzisoak izan ohi dira nagusi zelaietan. Hemen, Legaireko zelaietara daraman pista jarraituko dugu, Euskal Herriko estazio megalitiko garrantzitsuenetariko bat.

Bideak, Andoingo lepora garamatza (1017 m), Aratz mendiaren ikuspegi ederra duena. Hemen du hasiera gure jeitsierak, lehenengo metroak galtzada eder batetik egiten dira, baina oso teknikoa da bizikletan egiteko, beraz, agian hobe hasiera oinez egitea. Andoingo urjauzi famatuak hurbil ditugula, bidea asko hobetzen da eta ziztu bizian Ibargurenera iritsiko gara (635 m). Iparraldera jarraituz, autobide azpitik igarotzen den pista aurkituko dugu, Ilarduiara daramana, eta handik hasierako metroak desegingo ditugu Lezera itzultzeko.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather