Ibilbideak

Guardia, Carravalseca aintzira, Lapuebla de Labarca, Cortijoko saltoa, El Cortijo, El Viñedo behatokia, Logroño

  • Herrialdea: ARABA
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Guardia, Carravalseca aintzira, Lapuebla de Labarca, Cortijoko saltoa, El Cortijo, El Viñedo behatokia, Logroño
  • Distantzia: 24 km. 5 ordu eta 45 mn.
  • Ingurunea: Mahastietan barrena ibiliko gara Guardia eta Logroño lotzeko asmoz. 24 kilometroko bidea da, baina sei ordu baino gutxiagoan egin daiteke.
  • Abiapuntua: Guardia

Mendi ibilbidea

Guardiatik Logroñora

Mahastietan barrena ibiliko gara Guardia eta Logroño lotzeko asmoz. 24 kilometroko bidea da, baina sei ordu baino gutxiagoan egin daiteke.
Tutera-Bilbo trenbidearen azpian dagoen tunela.
Tutera-Bilbo trenbidearen azpian dagoen tunela. JOSEAN GIL-GARCIA

2022-03-15 / Josean Gil-Garcia

Guardiako (Arabako Errioxa) harresi aurrean emango diogu hasiera zeharkaldiari. Carnicerias edo Ate Berrian hasiko gara, autobus geralekuaren aurrean. Hiribilduan sartu gabe, Logroñorako noranzkoari ekingo diogu. Amelibia jatetxera iritsita, ezkerretik segitu eta jaitsiera xumearen ostean, gasolindegira joko dugu zuzen-zuzen. Haren eskuinaldetik jarraituko dugu gero, Lapueblarantz, eta, eraikuntzako enpresaren aurrean gaudela, errepidea laga eta ezkerrera joko dugu. Hala, galipotezko bidean aurrera egingo dugu, eta aldatsa amaiturik, eskuinera okertuko dugu. Guardiako aintziretako Biotopo Babestuak bete-betean harrapatuko gaitu orduan.

Carravalsecako sakonunea inguratzen hasi eta eremu babestutik irtendakoan, lepo ttipi batera helduko gara. GR-38 Ardoa eta Arrainen zidorreko arrasto zuri-gorriei jarraituko diegu. Betiere hegoalderantz abiatuta, ur biltegi baten ondotik igaroko gara. Gero, nekazari bide bat ezkerrean lagata, ureztatze sareko porlanezko hodi bat ikusiko dugu bidebanatze baten erdian. GR-38 zidorra alboratu eta GR-120 Inaziotar Bideari men egingo diogu han. Carbon mendilerroari gorte egite aldera, eskuineko bidetik joko dugu beraz. Toloño mendilerrotik Ebro ibairainoko erliebe leuna begiz begi izango dugu orduan. Logroño hiria ere bistaratuko dugu meandro bihurgunetsuaren atzealdeko ordokiaren altzoan kulunkaturik.

Remolino atsedenlekua

Jaitsiera mailakatua egingo dugu Carbon talaiatik. Lapuebla bistan delarik, Hamarren eta Arrain kaleek elizaraino gidatuko gaituzte. Atari nagusiaren aurrean garela, ezkerrera hartu eta Plano enparantzara iritsiko gara. Udaletxe ondoko begiratokiak Ebroko ibarraren ikuspegi zabala eskaintzen baitu, hartaz baliatuko gara naturaz bapo-bapo asetzeko. Atseden hartu ondoren, behatokiko labarretik behera egingo dugu, sigi-saga, Ebro ibaiaren gaineko zubira iristeko xedez.

Zubia gurutzatu eta Errioxako Erkidegoan sartuko gara. Geltokiko auzogunera joko dugu asfaltoak lagunduta. Gero, oinezkoentzako bidea baliatuta, kanpinera iritsiko gara. Eta pitin bat aurrerago, Heras Cordon upeltegira. Une horretan, Fuenmayorrera bidea utzi eta ezkerrera eginez, Boca del Rio izeneko paraje aldera egingo dugu. GR-99 Ebro naturbideak ederki lagunduko digu. Mayor ibarra eta Valloque muinoa eskuinaldean gailenduta direla, Ebroko ertzeraino hurreratzen lagunduko digu bide nagusiak. Ur-laminara iritsi aurretik, ordea, bihurgune helikoidal bat egingo dugu, eta Tutera-Bilbo trenbide azpiko tunelera helduko gara.

Aho iluna igarota, Remolino atsedenlekura iritsiko gara. Hartxintxarreko bideari oratuta, ibaiaren paraleloan jarraituko dugu. Ribapedron muinoa ehunka metro aurrerago ikusiko dugu altxaturik, gainaldeko ordokian antena batek hartua duela. Daramagun bideak haraino gidatuko gaitu. Muino horren ondora iritsita, tunel txiki baten aurrean jarriko gara. Azpitik igaro gabe, baina, ezkerrera egin eta Cortijoko Saltoko zentral hidroelektrikoaren ondo-ondoan jarriko gara. Buruz buru, zazpi uhate ikusgarri, argindarra ekoizteko helburuarekin XX. mendeko bigarren hamarkadan eraikiak.

Instalazioak atzean utzi eta berehala, eskuinera egin eta ondoko bihurgunean agertuko zaigun zubiaren azpitik igaroko gara. Paseo lasaiaren ostean, El Cortijo auzora helduko gara. Elizaren aurreko plazatxoan, osasun etxearen ezkerraldetik abiatzen den bideari oratuko diogu. Igoera arina eginda, igerilekuen eta hilerriaren paretik igarota goratasuna hartzen jarraituko dugu, sosegurik gabe. Igoera egiten ari garela, asfaltoa utziko dugu une batean, noiz eta ezkerretik nekazari bide bat agertzean. Castillete harrizko gaztelua gain-gainean dugula, El Viñedo behatokian geldiune patxadatsua egingo dugu. Izan ere, orientazio mahai batek paisaia interpretatzeko laguntza eskainiko digu.

Behera egiten hasita, ezkerrera egingo dugu lehen bidebanatzean. Animaliak zaintzeko udal instalazioetara iritsita, aurrera egingo dugu errepidetik. Gero, zabortegiko sargune paretik igaro eta metro gutxira, ezkerrera jo eta Ebro aldera begira jarriko gaitu bideak. Betiere trenbidearen paraleloan, Kristo baselizara helduko gara Logroñoren atarian. Gertuko biribilgunean, ezkerrera hartu eta, ibaia gurutzatu gabe, gaztainondoak, astigarrak, lizarrak, makalak eta ezkiak bidelagun, Burdinazko zubira iritsiko gara. Harrizko zubira gero. Itzulera autobusez egingo dugu, hogei minutuko bidaia merkea bezain erosoa baita.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather