Ibilbideak

Ekaitz erretegia (Igeldo), Lusarbe baserria, Tontortxikiko tumulua

  • Herrialdea: GIPUZKOA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ekaitz erretegia (Igeldo), Lusarbe baserria, Tontortxikiko tumulua
  • Distantzia: 7,2 km. 2 ordu eta 10 mn.
  • Ingurunea: Igeldoko estazio megalitikoan dauden trikuharriak, tumuluak eta harrespilak, Jaizkibelkoekin batera, kostaldetik hurbilen daudenak dira.
  • Abiapuntua: Ekaitz erretegia (Igeldo)

Mendi ibilbidea

Tontortxikiko tumuluak

Igeldoko estazio megalitikoan dauden trikuharriak, tumuluak eta harrespilak, Jaizkibelkoekin batera, kostaldetik hurbilen daudenak dira.
Tontortxikiko tumuluetako bat ageri da irudian.
Tontortxikiko tumuluetako bat ageri da irudian. MIKEL ARRIZABALAGA

2022-03-29 / Mikel Arrrizabalaga

Mendizorrotz mendilerroko megalitoak, Jaizkibelkoekin batera, kostaldetik hurbilen daudenak dira. Igeldoko estazio megalitikoan trikuharriak, tumuluak eta harrespilak daude. Arkitektura aldetik, megalito apalak dira guztiak. Onddi-Adarra-Mandoegi kateko harrespilekin batera, Euskal Herrian mendebaldeen daudenak ere badira Igeldokoak. Ibilaldi honetan, Tontortxikiko tumuluak bisitatuko ditugu.

Igeldo eta Orio herriak lotzen dituen errepidean dagoen Ekaitz erretegiaren (Polipaso etxea) ondoan emango diogu hasiera ibilaldi honi. Errepidearen ondotik 600 bat metro bete eta gero, Maddiola landetxearen parean, errepidea utzi eta, eskuinetik marrazten den xendatik jaisten hasiko gara. Sigi-sagan itsas aldera zuzentzen den zidorrak euskal kostaldearen ikuspegi ederra bezain zabala eskainiko digu. Bide erosoak iturri baten ondora eramango gaitu, gaurko ibilaldiaren kotarik baxuenera. Ibilbidearen hurrengo tartean, kostaldeko Donejakue bidearen seinale horiak eta Gipuzkoako itzuliaren (GR-121) marra zuri-gorriak lagun izango ditugu.

Xenda amaitu eta pista zabal batera aterako gara, Egiluze baserritik gertu. Pista honen hasieran, erdi ezkutuan, putzu txiki bat ikusiko dugu, garai batean Hegoaldeko zuhaitz-igelaren bizileku izandakoa. Igel hau, izenak dion bezala, Europa hegoaldean zehar banatzen da. Zuhaitzetan bizi da eta, zuhaitz-igel arruntaren antza izan arren, honen albo-marra sudur aldetik aurreko hanketaraino baino ez da iristen. Zoritxarrez, Euskal Herrian galtzear dago. Mendizorrotz mendilerroan eta Hazparnen baino ez daude horietako gutxi batzuk.

Goraka hasi eta berehala, pista zabala utzi eta eskuinetik marrazten den xendatik jaisten hasiko gara, galtzada txiki moduko batetik. Aurrera jarraitu eta baso misto eder bat zeharkatu ostean, Lusarbe baserriaren ondora igoko gara. Asfaltatutako errepideak Lusarbe erdi baserrira eramango gaitu, eta gorago, izen bera duen atsedenlekura. Errepide nagusia zeharkatu, eta Tontortxikiko tumuluak bisitatzeko sarrerara helduko gara. Egurrezko ataka igaro, eta Orioko Udalak ondo zaindutako inguru megalitikoan murgilduko gara. Lehenik, Tontortxiki II tumulua, metro batzuk aurrera segituz, III eta IV eta, aldaparen amaieran, Tontortxiki I. Igeldoko estazioan hobekien gordeta eta zainduta dauden megalitoak dira lau tumulu hauek. Eneolitoan eta Brontze Aroan, duela 5.000tik 3.000 urtera, abeltzain tradizioko talde ibiltariek baliatu zituzten Igeldo mendialdeko izadiaren aukerak, eta Tontortxikiko paraje hau aukeratu zuten beren hilobiak eraikitzeko. Oin zirkular batean prestatutako harri-lur-meten barruan bildutako ehorzketa aztarnak dira.

Azken tumulu honen ondoan dagoen kortarria ikusi, eta sarrerara itzuliko gara. Igeldo aldera doan errepidean zehar kilometro bat eskas bete eta gero, eskuinetik ateratzen den pista hartuko dugu. Usurbilgo lurretan sartzean, ezkerraldean gurutze metaliko handi bat ikusiko dugu, eta haren azpiko aldetik hedatzen den pistatik jaisten hasiko gara. Langa txiki bat igaro eta berehala, ezkerrean dagoen xendatik igotzen hasiko gara, eskuinera, Usurbil aldera jaisten dena utzita. Abiapuntura heldu aurretik, Mendizorrotz mendiaren magalean zabaltzen den baso ederra zeharkatuko dugu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather