Ibilbideak

Ledea, Irunberri, Arripodas, Adansako baserria, Usungo San Pedro

  • Herrialdea: NAFARROA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ledea, Irunberri, Arripodas, Adansako baserria, Usungo San Pedro
  • Distantzia: 45,3 km. 3 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Zaraitzu eta Irati ibaien inguruan pedalkadaka Irunberriko eta Arbaiungo arroilak zeharkatzeko proposamena da bide hau. Ledeatik abiatuta, bizikletaz 45,3 kilometroko bidea egin liteke; 600 metroko desnibela du.
  • Abiapuntua: La Torre jatetxea (Ledea)

Mendi ibilbidea

Irunberriko eta Arbaiungo arroilak

Zaraitzu eta Irati ibaien inguruan pedalkadaka Irunberriko eta Arbaiungo arroilak zeharkatzeko proposamena da bide hau. Ledeatik abiatuta, bizikletaz 45,3 kilometroko bidea egin liteke; 600 metroko desnibela du.
Arroilak ez ezik, paraje ikusgarriak ere zeharkatzen ditu bideak.
Arroilak ez ezik, paraje ikusgarriak ere zeharkatzen ditu bideak. IVAN RUIZ

2022-04-05 / Ivan Ruiz

Irati eta Zaraitzu ibaiek Nafarroako Pirinioaurrean irekitako zintzur zirraragarriak dira Irunberri eta Arbaiungo arroilak. Pirinioetako urtze aldiaren urek labar bertikalak moldatu dituzte, non sai arreek, sai zuriek eta hontz handiek beren bizilekua baitute. Ibai horien inguruan bizikleta txango lasai bat egiteko aukera ematen du bide honek, eta hainbat toki berezi ikustekoa ere bai.

Ledeako Latorre jatetxea izango dugu abiapuntu (415 m). Irati ibaia zeharkatzen duen zubia gurutzatu ondoren, Hacia la Foz (arroilara) dioen kartela topatuko dugu: legarrezko bidetik gidatuko gaitu, ibaiaren ondotik. Iratiko bide berdearen lehenengo tunelera iritsiko gara laster; horren ondoan, eskudel bat daukan bidezidorrak Deabruaren Zubira darama.

Kondairak dio deabruak berak eraiki zuela zubi hori, neskame batekin egindako tratuarengatik. Goizeko seiak baino lehen amaituz gero, neskameak arima emango zion, hark Liskar iturriko ur sendagarriak hartzeko behar baitzuen zubia, bere nagusia sendatu ahal izateko. Baina deabruak beranduago amaitu zuen, eta neskamea libre geratu zen.

Tunela zeharkatuta, Irunberriko arroilaren hormatzarren artean segituko dugu, Irati ibaiaren urak ondoan ditugula. Arroilaren amaieran, beste tunel bat zeharkatu ondoren, ezkerretara jo, eta ortuen artean Irunberrira iritsiko gara. Ibaiaren ondotik doan zidorrari jarraituz, Ahuntzen Zubira (XVI. mendea) iritsi, eta handik igerilekuetara abiatuko gara. Han, Usungo San Pedrora daraman bidea aurkituko dugu.

Baseliza horretatik aurrera eginez, Arbaiungo arroilaren mendebaleko muturrean, Zaraitzu ibaia zeharkatuko dugu zubi baten laguntzaz, jarraian Usunera igotzeko. Errepideari jarraituz lagako dugu herria; ondoren, lehenengo bidegurutzean ezkerrera egin, eta La cuesta (aldapa) izenez ezagutzen diren tuparri grisetara iritsiko gara. Aldapan gora eginez, Adansako eremura daraman bidea topatuko dugu. Herri hori 1960ko hamarkadan abandonatu zuten.

Herriaren hego-mendebaldean dagoen bidera jaitsi, eta, Llaguesko sakanean zehar gora eginez, NA-178 errepidera iritsiko gara. Eskumara jarraituta, Domeñura iritsiko gara. Herri horretatik posible da Peñacornotako begiratokira igotzea, ibilbidea gogortu nahi bada. Hortik, aukera izango dugu Arbaiungo arroilaren irudirik ederrenaz gozatzeko.

Baina gure ibilbideak Arbontzerako bideari jarraitzen dio: herria zeharkatuta gurutze bat dagoen bidegurutzera iritsi, eta eskuineko bidea hartuko dugu. Zaraitzuarren Bidea topatzean lagako dugu. Bide horrek, tuparri grisak gurutzatuz beste behin ere, Iratiko bide berdera eramango gaitu, Arripodastik hurbil.

Hurrengo urratsa San Vicente herrira errepideari jarraituz igotzea da. Hori gurutzatu ondoren, pista batek aldapan behera eginez Irati ibaira hurbilduko gaitu, eta, haren uren parean pedalka, aurrera jarraituko dugu. Laster Irati harmonizazio gunearen ondotik igaroko gara; harriekin egindako borobilez inguraturiko zutarriak meditatzera gonbidatuko gaitu.

Pistak Irunberrira bueltan eramango gaitu, non SL NA-113 bidean gora egingo baitugu, Laokiarako noranzkoan. Elektrizitate dorre baten ondoan (602 m) bideak behera egiten du, eta Ledeako harrobira darama. Ibilbidearen azken metroek herria zeharkatzera eramango gaituzte, gure helmuga hurbil dugula jada.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather