Ibilbideak

Gallarta, Peña Mora zamalekua, Mendibil, Zugaztieta, El Sauco, Altxuriagako geltokia

  • Herrialdea: BIZKAIA
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Gallarta, Peña Mora zamalekua, Mendibil, Zugaztieta, El Sauco, Altxuriagako geltokia
  • Distantzia: 48 km. 4 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Zamaleku, hondakindegi, plano inklinatu eta meatzeen aztarnen artean pedalka eginez Grumeraneko mendiak ezagutzeko ibilbidea.
  • Abiapuntua: Meatzaritzaren museoa (Gallarta)

Mendi ibilbidea

Burdin mendiak

Zamaleku, hondakindegi, plano inklinatu eta meatzeen aztarnen artean pedalka eginez Grumeraneko mendiak ezagutzeko ibilbidea.
Mendibil mendiaren oinean, txiki sentitzen gara haren dorrearen aldean.
Mendibil mendiaren oinean, txiki sentitzen gara haren dorrearen aldean. IVAN RUIZ

2022-05-03 / Ivan Ruiz

Bizkaiko Ezkerraldea eta Enkarterri eskualdeen artean kokaturik daude Grumeraneko mendiak, eta iraultza handia izan zuten XIX. mendearen erdialdean. Lehen, haritz eta gaztainondo basoek estaltzen zuten lurra, arrakalaz eta zuloz bete zen burdinaren ustiapenaren ondorioz.

Gaur egun ere, zamaleku, hondakindegi, balde lerro, plano inklinatu eta meatze auzoek utzitako arrastoa ikus dezakegu bertan, eta haiek izango dira bisita honen ardatza. Bere garaian Europako burdin ustiategi garrantzitsuenetan bigarrena izan zen Kontxa II meatzean hasita, hainbat gune garrantzitsu bisitatuko ditugu, hala nola Orconera meatzaritza-auzoa, Zugaztietan hondoratutako meategiak, Peñas Negras Ekoetxea, Elvira meategiaren inguruko El Hundimiento ebaki handia, El Sauco meatze-eraikina eta Burdin Mendien Bide Berdea.

Eukal Herriko Meatzaritzaren Museoan (130 metro) hasiko dugu abentura hau, Gallartan hain zuzen. Kontxa II meatzea eskuman dugula, La Orconerako trenbidea bide berdea bihurtuta jarraituko dugu. La Reinetara daraman errepidean gora egingo dugu laster, eta, funikularraren azpitik igaro baino lehen, ezkerrera joko dugu, berriro ere mendian gora eginez Peña Morako zamalekura iristeko.

Hurrengo pausoa Argalario mendiaren ekialdeko magalera iristea da, han bide zabal batek Mendibil mendira baitarama, bere telekomunikazio dorre handia gidari dugula. Gailurrean gaudela (549 metro), iparrean dugun larrera jaitsi eta ekialdetik mendebalera daraman xendra hartuko dugu, ondoren pista batean bihurtzen dena, eta Zugastietara jaisteko erabiliko duguna.

Herria zeharkatu ostean, eskumara Ostion putzua izango dugu, urperatutako meatze zaharra. Erloju orratzen norantzan inguratuz, Blondis putzua bisitatuko dugu gero, garabi mota baten izena duena.

Egurrezko pasabide batek Parkotxa putzura eramango gaitu; egia esan, inguru hau lasaitasun handiz zeharkatu dugu, beste inon ikusten ez den paisaia bat baita. Errepidearen bestaldean, legarrezko bidea hartu eta Burtzako auzorantz abiatuko gara, ondoren Karmen putzua eta Gallarta lakuen ondotik igarotzeko, Trianora daraman errepidea hartu baino lehen.

Jaitsiera ederra

Herria zeharkatu ostean, haren hegoaldean dagoen pista aldapatsu batek Ekoetxea ingurumen zentrora eramango gaitu; atseden hartzeko toki aproposa meatzaritzari buruz ikasten dugun bitartean. Hurrengo bidegurutzean ezkerrera jo, eta La Brena lepora igoko gara, Picomayor eta Picomenor gailurren artean dagoenera. Grumeran lepotik igarota (692 metro), Lawson altzifreen artean jaitsiera hasiko dugu, eta zuloz beteriko lurrak hitzik gabe utziko gaitu.

Pietatearen baselizaren aztarnak lagako ditugu atzean, La Elvira meatzearen ingurura iristen garenean. Haren ustiaketaren lekuko, El Hundimiento pitzadura handiak arreta piztuko digu hemen. Kilometro geroago, El Sauco inguruan meatzarien eraikin handi baten aztarnekin egingo dugu topo, metro batzuk aurrerago Dolores meatzearen sarrera aurkituko dugularik.

Jaitsiera motz baten ostean, ezkerrera dugun sakan txikia zeharkatu eta hurrengo lepora igoko gara (630 metro), San Juan mendiaren ipar aurpegia zeharkatzen duen pistaren bila abiatzeko. Bide honek bizkor egiten du behera, La Aceñako tren geltoki zaharrera (117metro) iritsi arte. Han, Burdin Mendien Bide Berdeari emango diogu hasiera, eta Gallartara bueltan eramango gaitu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather