Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Ibilbidea

Miarritzeko lakuak

Iparraldeko herri horretako zenbait leku ezagutzeko aukera izango dugu ibilbide honen bitartez, gutariko askorentzat oraindik ezezagunak diren ingurune bitxiak.
Marion aintziraren ertzera jaistean, panoramika oso bat zabalduko zaigu uretan, eta hainbat ahate mota ikusi ahalko ditugu.
Marion aintziraren ertzera jaistean, panoramika oso bat zabalduko zaigu uretan, eta hainbat ahate mota ikusi ahalko ditugu. MIKEL ARRIZABALAGA

2022-05-10 / Mikel Arrizabalaga

Miarritzeko Lakuen ibilbidea izeneko proiektuak zortzi eta bost kilometroko hiru ibilaldi desberdin eskaintzen ditu, guztiz birgaitutako ibilbide batean barrena. Iparraldeko herri horretako zenbait leku ezagutzeko aukera izango dugu, gutariko askorentzat oraindik ezezagunak diren ingurune bitxiak. Zirkuiturik handienak zortzi kilometro ditu. Milady hondartzaz gain, Marion eta Mouriscot aintzirak inguratzen ditu, zati urbanoak eta naturalak uztartuz.

Marion lakuaren ondoan dagoen aparkaleku txiki batetik abiatuko gara. Lakuaren ertzera jaistean, panoramika oso bat zabalduko zaigu, eta uretan, hainbat ahate mota ikusi ahal izango ditugu. Aintziratik pixkanaka aldenduz joango gara parketik atera arte. Larreguy eta Eugene Raulet kaleetan barna, Mouriscot lakura jaisten den Grabielle Dorzat kaletik abiatuko gara.

Mouriscot aintzira 110 hektareako naturgune baten parte bat da, eta Miarritze eta Bidarte artean dago. Guneak hainbat paisaia desberdin eskaintzen ditu: ingurune irekiak, ur berdeak dituen lakua, sastraka trinkoa, hezeguneak eta ingurune zeharkaezinak. Kontraste harrigarria egiten du ingurune urbanizatuarekin. Malda malkartsuko aintzira da, eta haren magal oihantsu eta ilunek —pinuak, haritzak eta pagoak daude— harresi moduko batzuk osatzen dituzte. Lakuaren eta inguruaren ezaugarri nagusia interes biologiko eta paisajistikoa duen hezegune-mosaikoa da.

Aintzira atzean utzi, eta hondartza aldera zuzenduko gara. Gabriel Dorzat kaletik segitu, eta Milady kaletik Ozeanoaren Hirira helduko gara. Eraikin horretan, modu dibertigarri, esperimental eta zoragarrian, ozeanoa ezagutzeko aukera izango dute bisitariek: biodibertsitatea, kirol jarduerak, espezie eta biotopoen aurkikuntza, poloen aurkikuntza ludikoa, etab. Aurrera jarraituko dugu, eta, berehala, Milady hondartzaren ondora iritsiko gara. Eguraldia lagun, aukera paregabea bainu goxo bat hartzeko. Hondartza horren izena, Lady Mary Caroline, eskoziar erregeen ondorengoari zor zaio, hondartzaren aurrean bere jauregia eraiki zuenari.

Hondartzari bizkar emanda eta bide seinaleei kasu eginez, ikusgaitz den xenda bat bilatuko dugu, ur-araztegia eta etxeen artean igaroz. Pierre de Chevigné kaletik gorantz egingo dugu segidan, baina, gora heldu aurretik, eskuinetik ateratzen den xenda bat —Giroueteko bidea— hartuko dugu. Basoa zeharkatzen duen xendak Salon kalean du amaiera. Ingurune urbanora aterako gara berriro, Marion lakura heldu aurretik Jean Bouton eta Jaizkibel kaleak zeharkatuz. Lakuaren ondoraino jaitsiko gara, eta, ertzetik ibiliz, abiapuntura helduko gara.

Miarritzeko hirigunetik gertu dagoen aintzira hori lorategi publikoa da. Erdian, putzu artesiar batek elikatzen duen bost hektareako laku natural bat dago. Lorategiak hamazazpi hektareako azalera du, eta hiri-presioaren erdian kokatutako ingurune berdea da. Lorategi ingelesa da, erregularki moztutako zelai handiekin, paisaia markatzen duten zuhaitz eta zuhaizti batzuekin. Aintziraren inguruan, hezegune baten hondar eremu tipiko batzuek lekuaren izaera naturalaren lekukotasuna ematen dute. Horiek jendearentzat itxita daude, hegaztien gozamenerako.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather