Ibilbideak

Kausoro, Munagirre, Bianditz, Izu, Karasuetako ataka, Loitzate, Amonamotzeko kaskoa, ArriurdiƱeta, Berdabio

  • Herrialdea: NAFARROA
  • Zailtasuna: Nahiko zaila
  • Tontor eta leku izenak: Kausoro, Munagirre, Bianditz, Izu, Karasuetako ataka, Loitzate, Amonamotzeko kaskoa, ArriurdiƱeta, Berdabio
  • Distantzia: 33,6 km. 10 ordu eta 50 mn.
  • Ingurunea: Mendeetan, Artikutza inguruak hainbat bizimodu garatzeko guneak izan dira. Aztarnak nonahi daude orain.
  • Abiapuntua: Kausoro (Oiartzun)

Mendi ibilbidea

Artikutzako itzuli handia

Mendeetan, Artikutza inguruak hainbat bizimodu garatzeko guneak izan dira. Aztarnak nonahi daude orain.
Irudian, Oiargaratako inguruak.
Irudian, Oiargaratako inguruak. MIKEL ARRIZABALAGA

2022-05-24 / Mikel Arrizabalaga

Artikutzako (Nafarroa) zirkua osatzen duten mendien artean apenas aurkituko dugun 1.000 metro baino gehiago duen gailurrik, baina itzuli osoa burutzen badugu, aukera paregabea izango dugu mendi mazeletatik haran estuen bihotzeraino zabaltzen diren baso trinkoak ikusi eta haiekin liluratzeko. Mendeetan, inguru horiek hainbat bizimodu garatzeko guneak izan dira, eta bizitzeko modu eta jarduera horien guztien aztarnak nonahi aurki ditzakegu. Ibilaldi honetan ez gara lurralde pribilegiatu hauetan kasik murgilduko: barnean gordetzen dituzten altxor misteriotsuak oraingoz naturaren altzoan lagako ditugu, deskubritzeke, babesturik, isilik...

Kausoroko zabalditik abiatu eta berehala Kauso I izenez ezagunak diren bi mairu baratzeen aztarnak aurkituko ditugu. Muinoan, berriz, Kauso II izeneko beste bi. Aldapatxoa jaitsi, eta gure ezkerrera, Artikutzara doan errepidea utziz, Munagirre tontorrerantz abiatuko gara. Altuera hartzen dugun heinean, aldapa leunduz doa, eta tontorrera heltzeko oso metro gutxi falta direnean bideak ezkerrera jotzen du, baina guk zuzen aurrerantz egingo dugu, eta aurki gailurra izango dugu. Paisaiaz gozatu ostean, Gogorren Dorrerantz zuzentzen den xenda hartuko dugu, eta Bianditzeko lepora daraman azken aldapa maldatsua jaitsiko dugu errepidearekin bat egin arte. Bianditzeraino hedatzen den bidea oso erosoa da, belarrezko tapizez estalia, eta batere zailtasunik gabekoa. Artikutzako lurrak mugatzen duen alanbrezko hesiarekin lehen kontaktua izango dugu. Hesi horrek oso ezberdinak diren bi eremu banatzen ditu; alde batetik, lur zabalak, irekiak, garbiak... eta, bestetik, baso trinko eta ederrez osaturiko lurrak.

Oiartzun, Goizueta eta Lesakako udal barrutiek bat egiten duten tokian, Irumugarrieta izenez ezaguna den ingurura iritsiko gara. Bertan hamar mairu baratze eta bi tumulu dituen multzoa aurkituko dugu. Bertan oso berezia den mugarri bat dago: makulua eta gurutzea landuak dituen Orreagako antzinako mugarria, hain zuzen. Monumentu megalitikoak eta mugarria atzean utzita, laster gara Bianditzeko gailurrean. Hura utzi eta hesiaren paraleloan doan bidetik jarraituko dugu. Laster, Galtzarrietako haitzak saihestu, eta bidezidorrean zehar jarraituko dugu. Burnaiztietako lepora jaitsi, eta Bidango gainera doan bidea utzi dugu. Hala, hesiaren beste aldera pasatu, eta eskuinera dagoen izeidiaren ondotik doan pista hartuko dugu. Goi aldera iristean, ezkerrera egingo dugu. Hortik Izu mendia ikusiko dugu. Bideak beherantz hartzen du, Almendruitzeko atakaraino. Artikutzako lurretatik doan bide hori bide laua da, bazterretan gorosti eta hagin ederrez beterik. Pagolletako lepora iristean, aurrera segitu, eta pagadi batean murgilduko gara Amekorrungo atakarekin bat egin arte. Hesia igaro, eta bideak Izuren tontorreraino eramango gaitu.

Tontorra utzi eta bideari jarraituko diogu beherantz, Oiargaratako atakaraino. Hura pasatu, alanbrezko hesitik urrutiratzen eta hasi, borda batera iritsiko gara. Ezkerrera doan pista utzi, eta gorantz abiatuko gara, pagadian barrena. Aurrera jarraituko dugu eta pare-parean dugun aldapa gogor bati ekingo diogu Karasuetako ataka igotzeko. Terueteko gaina saihesten duen bideari jarraituko diogu, eta bideak Loitzatera eramango gaitu.

Bidea erraztuz

Tontorretik Arleporaino daraman bidea oso nabarmena eta erosoa da. Ardatzipurdi, llarbieta eta Urkin gainak igo gabe, ibilbidea erraztu egiten du. Arlepotik Arriurdiñetara jaisteko aldapa luzea eta maldatsua da. Xenda hesiaren ondotik doa, eta azken metroetan urrutiratzen da, harrobi abandonatu batera heldu aurretik. Arriurdiñetako lepoan bat egingo dugu pista on batekin. Aurrera jarraitu nahi badugu, bi aukera izango ditugu. Lehena, pista luze eta zabala hartu, edo hesiaren ondotik doan zidorrari jarraitzea. Erosoagoa da, baina aspergarriagoa ere bai; bigarrena, berriz, ederragoa, baina ibilbidea asko gogortzen du.

Bi bideak aurrerago elkartu egiten dira, Artikutzara jaisteko erabiltzen den Unalbideko atakaren inguruan hain zuzen ere. Pista zabaletik aurrera egin, eta jaisten hasiko gara, Berdabioko bidearekin bat eginez. Bide horri jarraituz azkar egiten da beheraka, eta erreka ondora iritsi aurretik gaztainondo mardulak ikusiko ditugu. Berdabiora iristeko gutxi falta denean, ezkerrera hartuko dugu, baserrira doan pista utziz. Merezi du baserriari bisita bat egitea. Horretarako, hamar bat minutuko joan-etorria egitea nahikoa da. Bide horri jarraituko diogu erreka ondora iritsi arte, hemen Berdabioko argi-zentral txikia ikusiko dugu. Zubia pasatu eta berehala, maldan gora jarriko gara. Hortik aurrera aldapa gogortu egiten da, bide maldatsua da. Hasieran, lurra porlanazko da, eta oso poliki altura hartzen hasiko gara, beste pista batekin topo egin arte. Eskuinera doana hartu, eta bide zabalari jarraituz Kausorora iritsiko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather