Ibilbideak

Zarautz, Done Bladi, Aierdimuxu, Saberriko Haitzak, Pagoetako gurutzea, Laurgain guruztokia, Agorregi

  • Herrialdea: GIPUZKOA
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Zarautz, Done Bladi, Aierdimuxu, Saberriko Haitzak, Pagoetako gurutzea, Laurgain guruztokia, Agorregi
  • Distantzia: 31,3 km. 4 ordu.
  • Ingurunea: Gipuzkoako lehenengo parke naturaletik bizikletaz ibiliko gara. Han dagoen gurutzera igotzea izango da helburua.
  • Abiapuntua: Zarautz

Mendi ibilbidea

Pagoetako Kurutzea

Gipuzkoako lehenengo parke naturaletik bizikletaz ibiliko gara. Han dagoen gurutzera igotzea izango da helburua.
Pagoetako Kurutzerako bidean goazela, Erlon hasi eta kostaldean amaitzen den ikuspegi ederraz gozatuko dugu.
Pagoetako Kurutzerako bidean goazela, Erlon hasi eta kostaldean amaitzen den ikuspegi ederraz gozatuko dugu. IVAN RUIZ

2022-05-31 / Ivan Ruiz

Zarauzko hegoaldean, larre aberatsez eta monumentu megalitiko ugariz osatutako mendi bat aurkituko dugu, Gipuzkoako lehen parke naturalari izena ematen diona: Pagoeta. Aiako eta Zarauzko jendeak Pagoetako Kurutzearen gailurrean dagoen gurutzea eraiki zuen, eta horretara heltzea izango da gure helburua.

Baina parke honetan zerbait harrigarria badago, XVIII. mendeko Agorregiko burdinola da; martxan ikusteko aukera emango digu. Interes bereziko eraikina da, eta, haren inguruan, bi errota eta parke botaniko bat daude.

Gure ibilbideari Zarauzko haur eskolaren ondoan emango diogu hasiera —hiru metroko altuera—, handik San Pelaio errekaren ondotik doan bidegorriari jarraitzeko. Biribilgunera iristean, bigarren irteera hartu, eta AP-8aren azpitik doan bidea hartuko dugu, hilerriranzko norankoan.

Done Bladi ermita ñimiñora iritsitakoan, eskuinera PR bidea jarraituko dugu. Laster, ezkerrera egingo dugu, porlanezko pistatik. Ondoren, bidea lurrezkoa da, eta Agotetxikia ondoko pista batekin bat egiten du; eskuinera joko dugu. Elkanoko Done Petri elizan eskuinera egingo dugu jarraian, Gazteategi hotelaren ondoko bidea hartzeko.

Hurrengo bidegurutzean PR-GI 202 Txakolinaren ibilbidea hartuko dugu. Pagadian gora goazela, PR bidea utzi, eta Aierdimuxu lepora iritsiko gara (368 metro); Txatxarromendi hegoaldetik inguratuko dugu, Indagaratera iristeko. Han, eskuinetik jarraituko dugu errepidea, Urdanetarantz. Indate Berri nekazalturismoan, animalia basati ugari aurkituko ditu.

Urdanetan, elizaren aurretik, arrapala ezkerrera igotzen da PR-GI 4002 bideari so eginez. Hego-ekialderako noranzkoan, Saberri baserrira heldu, eta ezkerrean duen zelaia zeharkatuko dugu, Saberriko Haitzak tumulua eskuinean dugula. Lizarrako lepotik datorren pistatik igoko gara, antzinako neberatik gertu pasatuz. Hurrengo bidegurutzean, kanadar pasabidetik ezkerrera eginez, gailurraren lautadara iritsiko gara.

Pagoetako Kurutzea (676 metro) ikusten dugunean, gailurrerantz abiatuko gara, baina oinez egingo dugu, parkeko arauak betetzeko. Zarautz gaineko irudi polit batez gozatuko dugu han.

Murugil iparraldetik inguratu ondoren, Olartetaren hegoaldeko hegaletik jaisten den bide belartsua hartzen da. Ikazkiñartea lepoan gaudela, ezkerrera GR-35.1 bidea jarraituko dugu, mendi hegalean zintzilikatutako bidezidorra. Jaitsiera tekniko baten ostean, ezkerrera egingo dugu bidegurutzean. Pagoetako Kurutzera daraman pistan gora azalduko gara, baina 600 metroko altueran. Eskuineko bidezidorra hartu, eta pagadi paregabea zeharkatuko dugu, Lizarrako lepora iritsi arte.

Porlanezko pista behera jarraituta, Amezketalardi baserritik igarotzen den SL-GI 4002 xendra hartuko dugu, Sarrolara jaisten dena; oreinak ikus daitezke bertan. Bideak Artetxoeta lepora garamatza; pista zeharkatuta, ezkerretara dagoen bidezidorretik igoko gara. Bide horrek Laurgaineko guruztokira darama. Ondoren, herrira jaitsi eta errepidean behera egingo dugu, Iturraranera daraman bidegurutzea topatu arte.

Lorategi botanikoan behera eginez, Agorregiko burdinolara iritsiko gara. Ezkerrera altuera hartzen duen bidexkatik egingo dugu alde, errepidearekin bat egiten duen arte. Gora jarraituta, GI-2631 errepidera iritsiko gara, Landarbideko baserrietara jarraituko duguna; handik, GR bideak Irustara eramango gaitu ondoren. Baserriaren parean, ezkerrera jaisten den pista aukeratuko dugu, eta horrek Zarautzera bueltan eramango gaitu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather