Ibilbideak

Bidarrai, Ohatea, Mehatseko lepoa, Eguzkimendiko lepoa, Aritzakun, Basasagarra,

  • Herrialdea: NAFARROA BEHEREA
  • Zailtasuna: Nahiko zaila
  • Tontor eta leku izenak: Bidarrai, Ohatea, Mehatseko lepoa, Eguzkimendiko lepoa, Aritzakun, Basasagarra,
  • Distantzia: 35 km. 4 ordu.
  • Ingurunea: Aritzakungo txoko bakartiaren bila ariko gara mendiko bizikleta ibilbide honetan. Paisaia zirraragarria da.
  • Abiapuntua: Bidarraiko trinketa

Mendi ibilbidea

Itsusiko harriei bira

Aritzakungo txoko bakartiaren bila ariko gara mendiko bizikleta ibilbide honetan. Paisaia zirraragarria da.
Gorramendi eta Aritzakunibarra aurrez agertzen zaizkigu Iduzkimendi inguratzen ari garela.
Gorramendi eta Aritzakunibarra aurrez agertzen zaizkigu Iduzkimendi inguratzen ari garela. IVAN RUIZ

2022-06-21 / Ivan Ruiz

Itsusiko Harriak erreserba naturala Nafarroa Beherea eta Nafarroa artean kokatzen da. Gailur nagusien hego isurialdeko hormatzar gorriek 400 metro egiten dute behera, Aritzakun ibarra ezkutuan amiltzen diren arte. Zirraragarria da gailur horiek bizikletarekin inguratzea, Artzamendi eta Iduzkimendiren magalak inguratuz begirada zerumuga infinituan galtzen den bitartean, ondoren, kondairez beteriko ibar bakartira jaisteko: Aritzakun.

Bidarraiko trinket zaharra leku aproposa da esku pilotaz gozatzeko, baita ibilbide zirkular honi hasiera emateko ere. Errepidean behera eginez, Baztan ibaiaren urak zeharkatuko ditugu, eta Gakoeta mendiaren hegoaldeko magalean gora egingo dugu. Ohatiako txaleta eta Ossianteako baserria gainditu ostean, bidea arrosa koloreko lurzoru bihurtzen da.

Aldapa gogor bati egingo diogu aurre ondoren, erreka baten uraren soinua bidelagun dugula Mendiburuarako bidean. Hori gaindituta, 610 metroko altueran, Artzamendi eta bere radarra ikusten ditugun unean, hain zuzen, ezkerrera Anatxeko borda bakartira jaisten den xendra jarraituko dugu. Hortik, Artzategi lepora igotzen den bidexka hartu, eta GR-10-arekin bat egingo dugu; isurialdez aldatu, eta belardien artean, Mehatseko lepora (716 metro) eramango gaituena. Bertan, Burdin Aroko nekropoli garrantzitsu bat dago.

Hurrengo pausoa Iduzkimendi inguratzea izango da; horretarako, mendi hegal belartsuan oinez gora eginez, eki isurialdeko bidezidorrera iritsi arte. Bidea pedalka jarraituz, mendiaren hego isurialdean jaitsiera belartsu batek Borda Berrirantz garamatza, Gorramendi horren atzean ageri da. Eraikuntza atzean utzita, eskumara Gorospil mendilerrorantz doan bidea hartuko dugu, Col des Veauxeko lepora (541 metro) eramango gaituena.

Orain, Aritzakunerako jaitsierari ekingo diogu; horretarako, Burkaitz bentan hasten den xendra jarraituko dugu, ondoren, pista nagusira irteteko, eta, Apeztegiko bordara iritsi baino lehen, Pierretako errekara daraman xendra hartuko. Horrela, PR NA-6 bide ederrarekin bat egingo dugu, eta haritzen artean egurrezko zubi batera iritsiko gara, Minetako zokoaren noranzkoan zeharkatuko duguna, Maribeltzeko bordara iristeko. Bidean aurrera eginez, laster iritsiko gara Aritzakungo karobi, eskola zahar eta frontoia dauden tokira (330 metro); txoko bakarti zein zirraragarria da.

Inguru horretan, erromatarrek urrea bilatu omen zuten meategietako hondakindegien oinean Urreputzu dago, mineral preziatuaren pipitak isurtzen zituen putzua. Era berean, elezaharrek diotenez, laminek, erdi emakume erdi animalia ziren izaki mitologikoek, zaintzen zuten iturburu hori. Ez bada nahiko toki horren edertasunarekin, argi dago biltzen dituen kondairek ere erakarriko gaituztela Aritzakunera.

Hemen betiko gelditu nahiko genukeen arren, pista hegoalderantz jarraituz segitu behar dugu bidea. Altuera irabaziz, 480 metrotan gaudela, pista utzi, eta ezkerrerantz Iturburuko bordara daraman bidea jarraituko dugu. Ia hiru kilometroren ostean, bideak behera egiten du Aritzakungo bide nagusiarekin bat egin arte. Hemendik aurrera, pista urak daraman noranzkola berdinean jarraituko dugu, ekialderantz biratuz eta Itsusiko Harrien hormatzarrak gainean ditugula; azaldu ezinezko sentimenduak sortzen dizkigutenak.

Sakanaren amaieran, Urritzate ibaia zeharkatuko dugu zubi bat igarota; gero, bideak gora egiten du Bassassagar baserrirantz, eta, azkenik, pista horrek Bidarraira bueltan zuzen eramango gaitu, azken metrotan GR-10 ibilbidearekin bat eginez.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather