Ibilbideak

Padul, Somo, Santa Marina

  • Herrialdea: ARABA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Padul, Somo, Santa Marina
  • Distantzia: 7,5 km. 2 ordu.
  • Ingurunea: Añanako gatzagak ezagunak dira beren larrain multzo dotoreagatik, baita beren geologia bereziagatik ere. Txangolaria eremu babestu batean barrena ibiliko da Añanako diapiroa ezagutzearen kariaz.
  • Abiapuntua: Padul

UDAKO SERIEA. Iragana, harrietan irarrita (I). Padul.

Añanako diapiro babestua

Añanako gatzagak ezagunak dira beren larrain multzo dotoreagatik, baita beren geologia bereziagatik ere. Txangolaria eremu babestu batean barrena ibiliko da Añanako diapiroa ezagutzearen kariaz.
Bisita gidatuak interesgarriak izaten dira, tokiko geologia ulertzeko, besteak beste.
Bisita gidatuak interesgarriak izaten dira, tokiko geologia ulertzeko, besteak beste. JOSEAN GIL-GARCIA

2022-07-19 / Josean Gil-Garcia

Añanako gatzagak Araba mendebaldeko zoko eder batean daude. Bisitarien interesa piztu duen eremu deigarri eta interesgarria osatzen dute. Azkenaldion, turista ugarik bisitatzen dute Añana, Araba mendebaldeko paradisuak erakarrita. Eskualdeak lur azalean eta lurrazpian hamaika altxor biltzen duenez gero, aho-mihietan ibilitako akuiluak turismo uholdea erakarri du. Nahitaez. Erratzeko beldurrik gabe esan daiteke Añanako paisaiari xarma berezia dariola. Ibarrean zehar sakabanatuta dauden larrain geometrikoek simetria bakana osatzen baitute; plazok norberaren eta arrotzen arreta guztia bereganatzeko ahalmena dute, batez ere uda iristearekin batera. Larrainak dotoretasunez janzten dira orduan, gatz apalek argitasun handiagoa hedatu nahi izango balute bezala.

Babes ofizialaren itzalaren azpian jarri zuten Añanako paisaia orain dela urte batzuk. Caicedo Yuso eta Arreoko aintzira naturala eta gatzaga bera babesteaz gain, interes geologikoa ere erantsi zitzaion eremu babestuari. Izan ere, Añanako eskualdean gatza zergatik dagoen ulertzeko, arreta jarri beharko zaio diapiro izeneko fenomeno geologikoari. Prozesua geldiro-geldiro joan da denboraren poderioz, Añanako bisita gidatuetan azaltzen dutenez. Duela 200 milioi urte inguru hasitako mugimendu bat da, beraz. Behealdetik azalera joan den isil-gordeko higidurak esplikatzen du egungo Añanako paisaian harri hauek agertzea: karniolak, ofitak, kareharriak, tuparriak, buztinak eta igeltsuak, besteak beste.

Piquillos meategiaren harira

Horiek horrela, Euskal Herriko Interes Geologikoko Inbentarioan aipamen berezia egiten zaio Añanako diapiroari. Eremu babestuaren hego-ekialdeko mugetan, Pobes herriaren eta Tejera mendatearen artean, Padul herria dago. Bazter ezkutu horretan, ler gorri lirainek maskaratuta, harrobi zahar bat ikus daiteke. Igeltsutegi bat izan zen han aspaldi: Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat, adituen ustetan. Inguruan beste fabrika txikiago batzuk izan baziren ere, Padulgoak —Piquillos izenekoak— bizilagun franko enplegatu zituen. Langileen artean, harri-zulatzaileak, barrenatzaileak, kable-konpontzaileak eta beste espezialista batzuk izan ziren jo eta su, ordu amaiezinen menpe. Igeltsuaren eskariak gora eta gora egiten zuen garaian, Añanako diapiroak behar beste material eskaintzen zion Zarate familiari, meategiko kontzesioa hartu zuen azken ekintzaile taldeari.

Lehenengo urteetan, igeltsua modu artisauan ustiatu zen. Minerala mendi barrenetik aterata, idiek garraiatzen zuten bide nagusiraino, tirriki-tarraka. Lan egiteko era, ordea, guztiz aldatu zen XX. mendea etortzearekin batera: zurezko hogei dorre altxatu zituzten basoan, betiere materiala arin-arin jaiste aldera. Euskal Herriko beste toki askotan bezala, aireko kableen eta balde lerroen bidez garraiatzen hasi zen materiala, harrobitik fabrikara. Ibiltariak aukera izango du ibilbidean dorre horietako bat ikusteko.

Padul herritik hurbil, Piquillos meategiko haitzuloak isil-misil jarraitzen du basoan. Horma urratuak meategira hurbiltzen denaren arreta erakarriko du. Buztin okreak eta igeltsu zuri, gorri eta beltzak elkartuko dira han, kanpoaldean, aho ilunaren atarian. Behiala egindako zauria itxiz joan da apurka-apurka, baita lurrazala orbaintzen ere.

Meategiko dorrea

Somo mendia Añanako diapiroaren hego-ekialdean dago, Padul herriko (Araba) bazter ezkutu batean, hain zuzen ere. Behiala, harrobi zaharra existitu zen han, aho ilunaren atarian. Zokogunea ezagutzeko, Padul herrira joango da ibiltaria. Pobestik etorrita, errepidearen ondoan utziko du autoa, herrigunera doan kalearen ertzean. Hala, Manzanera kalean aurrera egingo du astiro-astiro, alde bietan txaletak dituela. Bidebanatzean eskuinera egin, eta, Cabaña Rural seinalea ardatz hartuta, iturri publikora helduko da. Bisean bis, XX. mendeko turrusta biko iturri panpoxa.

Elizako plazan, ezkerrera hartu, eta harrobi edo meategi zaharrera doan bide zabalari ekingo zaio. Ez dago galtzerik: hartxintxarrezko bideak hegoaldera joko du zuzen-zuzen, Larrasa eta Somo mendien artean zabaltzen den basoaren aldera. Hasieran, arte xumeak bilduko dira basabidera, baina, ibilian-ibilian, ler gorriekin bat egingo du ibiltariak. Zirku baten moldean agertuko zaio paisaia berde-urdinxka. Inork ez luke esango igeltsutegi bat izan zela basoan ezkutatuta. Meategiak zurezko dorre batzuk izan zituen, eta, aireko tranbia baliatuta, herriraino garraiatzen zen mineral desiratua.

Eskuinaldera bihurgunea egin, eta, handik metro gutxira, bidebanatze batera helduko da. Aurrez aurre, magal gorrixka eta zurixka bat agertuko da. Haren oinaldean, igeltsutegian barneratzeko gonbit tentagarria. Orain dela urte gutxira arte, bi zulo beltz ikusi zitezkeen han, baina, azken urteotako euriteek luiziak sorrarazi ostean, aho horietako bat erabat estalita dago. Leize zulora iritsi gabe, eskuinera begiratuz gero, garai hartako dorre bat ikus daiteke, pinu gorri lirainek maskaratuta.

Santa Marina eta Somo

Haitzuloan sartzea aski arriskutsua da, meategiko obra zibila osatzen duen egitura multzoa ez baita uste bezain sendoa. Padulgoak ezin izan omen dio eutsi denboraren igarotze errukigabeari. Kanpoaldeko bisita amaituta, ibiltariak metro batzuk atzera egin, eta eskuinera hartuko du bidebanatzean. Aldats gora abiatuko da segidan, sigi-saga basabidean. Larrasako lepora helduko da ziztuan. Gain-gainean, goi tentsioko dorreak izango ditu. Lepo horretan, aukera dago Santa Marina baseliza bisitatzeko. Ezinbesteko bisita da parajeok ezagutu ezean. Caicedo Sopeña eta Castillo Sopeña herri barrutian dago tenplua, eta bertaratzen denak panoramika zabalaz gozatuko du.

Baseliza ikusteko, beraz, ibiltariak ezkerrera egingo du lepoan, eta, ehunka metro egin ostean, begi bistan izango ditu Erriberagoitiko zoko-mokoak. Aukera ona izango du talaiatik Badaia eta Arkamu mendigune sonatuen hegoaldeko magalak ikusteko. Eta multzo bien artean, mendigune karstikoa erabat erdibituta, nabarmen ikusiko du Tetxako arraila edo ebakia. Soa hegoaldera luzatuta, baina, Toloño eta Kodes handiek emekiro beteko dute urrutiko paisaia.

Ikuspegiaz bapo aseta, lepora bueltatuko da ibiltaria. Meategira jaitsi gabe, baina, gainaldeari gortea egiten dion basabideari oratuta jarraituko du. Aurrerago, basabide bat batuko zaio ezkerretik, baina, sestra kurbari men egin behar zaionez gero, Somo talaia inguratzeari eutsiko dio. Une batez, bide zabalak behera egingo du, Tejera mendate aldera —Gesaltzako mendatera—. Pitin bat lehenago, ordea, Castrejon muinoko bide sardara iritsiko da. Tarte hori aproposa iritsi da Somo mendian joan-etorria egiteko. Horiek horrela, ezkerrera egin eta aldapa pikoari aurre egingo dio serio demonio. Aldatsa amaitu bezain laster, ezkerretik doan zidorrak lagunduko du erpin geodesikoraino. Mendiak ikuspegirik eskaintzen ez duenez, Castrejon lepora bueltatuko da, bizkor-bizkor. Tejera mendatera doan pista bera baztertu, eta jaisten segituko du. Basabide bakarra denez, ibiltariak ez du egingo hinki-hankarik, minutu gutxiren buruan Padulgo elizako plazan izango da eta.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (II): Rellanos.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather