Ibilbideak

Lanestosa, Kobenkoba, Severina haitzuloa, Peña del Moro, Uraren haitzuloa

  • Herrialdea: BIZKAIA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Lanestosa, Kobenkoba, Severina haitzuloa, Peña del Moro, Uraren haitzuloa
  • Distantzia: 9,5 km. 3 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Udalerri txikia bezain erakargarria da Lanestosa. Kantabriako mugarako bidean, landaretza oparoa ikusiko du bidaztiak, baita behialako meatze, harbide eta haitzulo sakonak ere.
  • Abiapuntua: Lanestosa

UDAKO SERIEA. Iragana, harrietan irarrita (II). Rellanos.

Lanestosa malkartsuan barrena

Udalerri txikia bezain erakargarria da Lanestosa. Kantabriako mugarako bidean, landaretza oparoa ikusiko du bidaztiak, baita behialako meatze, harbide eta haitzulo sakonak ere.
Lobera haitza eta Kantabriako gainak eder-eder ikusten dira pasarelatik.
Lobera haitza eta Kantabriako gainak eder-eder ikusten dira pasarelatik. JOSEAN GIL-GARCIA

2022-07-20 / Josean Gil-Garcia

Lanestosa Bizkaiko udalerri bat da, Enkarterriko mendebaldeko bazterrean zabaltzen dena. Lope Diaz de Haro Bizkaiko jaunak hiribilduaren sortze akta eman zion 1287ko ekainaren 6an. Hala diote dokumentu zaharrek. Zein izan zen jaun haren asmoa? Bada, Lanestosan aspaldi erabilitako harbide urratu baten ondoan populazioa egonkortzea. Eta ametsa erdietsi zuen. Data kontuan hartuta, esan daiteke Lanestosa Bizkaiko hiribildurik zaharrenetako bat dela. Errege Bide zaharraren ondoan antolatutako hiribildu linealaren eredu ezin hobea da Lanestosa. Izan ere, Calera ibaiaren paraleloan doazen hiru kale luzeetan antolatzen da herrigunea. Beste kale batzuek aurrekoak ebaki eta, horren ondorioz, plaza bi sorrarazten dira, sare baten antzo. Ederra, Erdi Aroko giroaz gozatzeko.

Gaztelatik itsasora iristeko bide naturala zenez, arraina garraiatzen zen barrualdera, Los Tornos mendatea zeharkatuta. Lanestosar ugari bidetik eta mandazainei eta ibiltariei emandako zerbitzu eta arretatik bizi izan ziren denbora luzez. Mende batzuk geroago, ordea, Peña del Moro haitzaren geomorfologia malkartsuan jartzen hasi zen arreta. Mendi erraiak ikuskatu ziren XIX. mendetik aurrera. Horren harira, hondeatze lanen arrasto ugari ikusiko dira Kobenkobatik Peña del Moro talaiarainoko tartean. Arrakala beldurgarriak ere antzemango dira goialdeko ordokian.

Kobenkoba

Txomin meategiko sozietatea izan zen ama lurraren erraietatik ateratzen ziren berunaren eta zinkaren ustiapenaren onuraduna. Ez ziren mineral bakarrak, baina bai garrantzitsuenak. Lanestosatik ipar-ekialdera sakabanatuta dauden galeriok konplexu handi bat osatu dute, kanpoaldera iristen ez ziren tximinia franko direla. Lanestosako parajea, zalantzarik gabe, espeleologiaren mundurako parerik gabeko erreinu bilakatu da azkenaldion. Ustekabeak sortzen dituen mundu liluragarria: galeriak eta leizeak kateatu egiten dira harkaitz masaren azpian. Hori dela eta, espeleologoek goxo-goxo amore ematen diote lur azpiko xarmari.

Argiaren urratzaileak diren leize zuloetan barneratu gabe, ibiltariak badu zer ikusia Lanestosa inguruan. Besteak beste, Kobenkoba haitzulo sonatua ezagutu dezake. Europako Paleolitoko labar artearen lehen interpretazio zentroa da hura. Pandemiak eraginda, ordea, arreta itzali omen zaio haitzuloari. Barrualdea ezagutzeko parada izan duena mira-mira eginda geratu izan da erakusketa gelak eta galeria argiztatuak ikustean. Harpe barreneko ibilbide erosoa eginda, lehen gizakien garaiko artelan bitxiak bertatik bertara ikusteko aukera izan da.

Rellanos bidea hartuta, baina, Severina haitzuloa ere bisitatzeko aukera dago. Kobenkobatik ehunka metrora, kareharrizko harbideak behera egiten duenean, basoan gora egin eta, tupustean, 18 metro zabal eta 3 metro garai den harpe handia ikusi daiteke. Harpeko sarreran egindako indusketei esker, hainbat orein hezur topatu dituzte.

Lanestosako zidorrak

Lanestosa (Bizkaia) hiribilduan hasiko da tipi-tapa ibiltaria. San Pedro elizaren aurretik igaro, eta, Dantzari plaza burutik buru zeharkatuta, Karrantza aldera egingo du, Bi-3622 errepidea lagun. Metro batzuk egin ostean, bihurgunean bertan, Lanestosa inguruan egin daitezkeen zidorren mapa eta Kobenkoba haitzulo sonatuaren inguruko jakingarriak agertuko dira argibide taula batean. Halere, denboraren igarotzeak min egin dio informazio taula maiztuari, eta nekez irakur daiteke bertan idatzitakoa. Asfaltoa lagako du han, eta ezkerretik abiarazten den kalexkatik ekingo du zuzenean. Arbelaizko lauzez jantziko da pasealekua. Harbide modernoan gora abiatuko da gero, Calera ibaian zehar hedaturiko baserri multzo aparta begi bistan duelarik.

Haritzak, arteak, hurritzak, lizarrak eta gaztainondoak, besteak beste, modu mardulean bilduko dira galtzadara, eguneko argitasunaren urratzaileen antzera. Erdi Aroko xarmaren eraginez, kalexka gotortu eta bi harresien artetik goratasuna hartzen lagunduko du. Lehen aldatsa amaituta, ordea, deskantsua hartzeko parada izango da. Judios meategi eta haitzuloa agertuko dira laster eskuinaldean, bide ondoan, ahoa zaintzen duten akazien eta lizarren abaroan. Tunelari freskotasuna dariola, tentagarri egingo zaio ibiltariari, mendigunearen barruko osteratxo laburra egin daiteke eta. Bide nagusian, berriz, Kobenkobako Europako arte paleolitikoaren interpretazio zentrora iritsiko da. Paradoxikoa bada ere, burdin sare ahalguztidun batek babestua agertuko da haitzulo ezagunaren atari magikoa. Historiaurrea pandemiak eragindako lozorroan erori izan balitz bezala.

Xendan aurrera egingo du jarraian. Rellanos izena hartu duen ibilbideari men eginez, eskuinetik jarraituko du lehen bidebanatzean. Aurrerago, meategietara doan basabidea bazter utzi, eta ezkerretik jarraituko du, arte trinkoez jantzitako mendi hegala zeharkatuta. Artadian barrena doalarik, ezustekoa azalduko da berehalakoan, harbideak behera egiten duen unean. Orduan, mendian gora egin ordez, harbide zaharrak behera joko du. Artaditik irteteko zorian, aitzitik, bidexkak eskuinera eta gora egingo du, aurrez aurre hazten den pinudira gerturatu gabe.

Eskaileretan gora

Aldez aurretik abisua eman gabe, mendi hegaleko hezetasuna eta freskura aprobetxatuz hazten diren pago ikaragarrien itzalak besarkatu egingo du ibiltaria. Hinki-hankarik egin gabe, aldatsean gora egingo du, gain-gainetik eguterari eta tenperatura epelari aurre egiteko gai diren arte bihurriak utzita. Aldapa amaituta, basabide batera irtengo da. Bide zabalaren erosotasuna alde batera lagata, gora egiteari eutsiko dio. Hala, paraje karstikoan barrena egingo ditu urrats ederrak, pago segailek bidezidorra ederragotzen dutela. Artadian sartu-irtena egin ostean, mira eginda geratuko da harrizko gandorrak eta orratz zorrotzez osatutako aldapa formako pila handiak ikustean. Harritzan gora egingo du orduan, pasarela estonagarri bat luzatzen den balkoira iristeko asmoz. Barandaren eskutik Kantabria eta Bizkaiko mendebaldeko bazterrak deskubritzeko so egingo du, Lobera haitza eta Ramales de la Victoria herriaren gainean altxaturiko tontor ezagunak bistan izango ditu eta.

Korridore batek belarrez tapizaturiko goi lautadara iritsiko da gero. Horrekin batera, sosegua eta lasaitasuna. Hurbil-hurbil, Peña del Moro gandor karstikoa ikusiko du. Bertaratzeko, hobe meategietako zuloguneak, pitzadura eta arrakala durduzagarriak alboan utzi eta basabide nagusia abandonatu gabe jarraitzea. Ehunka metro aurrerago, bideak eskuinera egiten duenean —honaino itzuliko da ibiltaria Moro haitzera iritsi ostean—, tinda urdinez markatutako xenda bat ikusiko du ezkerretik. Hari segika, lurrikaren detekzio sareko estazioa ezkerrean utzi eta meatze bideari oratuko zaio zalea. Hala, meategietako bidezidorra lagun, tontorraren oinarrira iritsiko da. Harbideari jaramon eginda, zuzen-zuzen joko du lepo aldera. Buru biko mendia denez, lepo gainean altxatzen diren tontor bietara iritsiko da, Kantabria aldeko paisaia ederra baita handik goitik.

Tontorretik estazio sismikora itzuliko da gero, eta bide nagusira irtengo da. Bide nagusia alboan utzi gabe jarraituko du, harik eta errepidera irten arte. Orduan, asfaltoa zapaldu gabe, berriz egingo du eskuinera, eta zehar-zahar jarraituko. Etxola baten aurrera iristean, maldan behera abiatuko da. Azkenik, ur biltegiaren aurretik igaro ostean, amaiera emango zaio Lanestosako ingurubirari.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (III): Arantzazu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather