Ibilbideak

Arantzazu, Iritegi iturburua, Akueegi errota, Gesaltza auzoa, Albitxuri baserria, Karoigaingo etxola,

  • Herrialdea: GIPUZKOA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Arantzazu, Iritegi iturburua, Akueegi errota, Gesaltza auzoa, Albitxuri baserria, Karoigaingo etxola,
  • Distantzia: 6,5 km. 2 ordu eta 15 mn.
  • Ingurunea: Arantzazuko talaiatik paisaia oparoaz jabetuko da ibiltaria. Ibarretik behera lerratzen den ibai jostaria izango du bidaide gogaide, baita arkitektura ederreko baserriak ere.
  • Abiapuntua: Arantzazu

UDAKO SERIEA. Iragana, harrietan irarrita (III). Arantzazu.

Arantzazuko karstaren aitzakian

Arantzazuko talaiatik paisaia oparoaz jabetuko da ibiltaria. Ibarretik behera lerratzen den ibai jostaria izango du bidaide gogaide, baita arkitektura ederreko baserriak ere.
Akuegiko errotatik gertu, ibaiak jauzi dotorea egiten du.
Akuegiko errotatik gertu, ibaiak jauzi dotorea egiten du. JOSEAN GIL-GARCIA

2022-07-21 / Josean Gil-Garcia

Arantzazuko monumentu naturalak (Oñati, Gipiuzkoa) ez du haranen ohiko diseinu monotonorik, ez eta haitz segida ordenaturik ere. Baina geologiaren apetek nahi izan dute mendi lerro batzuek hantxe bertan topo egitea, estropezurik gabe, Arantzazu bera Euskal Herriko naturaren sorlekua edo sehaska balitz bezala. Basilikaren ondoan, berriz, bi dorre bikiek erakarriko dute ibiltariaren arreta. Begi bazterretik ikusita, miretsita geratuko da Oteizaren harrizko hamalau eusleak ikustean. Kulturan, artean, tradizioan eta pagadietan barneratzen diren harbide bitxiak gurutzatzen dira Arantzazun. Natura ondasunen bila abiatuko da ibiltaria, paisaia paregabeaz gozatzeko asmoz.

Fenomeno guztietatik harridura sorrarazten duena Gesaltza-Arrikrutzeko konplexu karstikoa da. Sareak hamalau kilometroko garapena dauka eta, geologoen aburuz, Euskal Herriko parajerik ikusgarrienetako bat osatzen du. Azalean baino, lur azpian errainu magikoagoa eraikitzen du. Baina, paradoxikoa bada ere, Arantzazu ibaiak lehor-lehor egiten du bidaia, goibeltasunez beterik. Euriari euri aritzen duenean, ordea, jauzika eta saltoka abiarazten da Arantzazukoa, lurrazaletik sartu-irten arina eginez. Xirmi-xarma desagertua batzuetan.

Gesaltzako ur-zuloa

Gesaltza auzoaren ondoan, kar harrizko horma bertikal grisaxkak ikusiko ditu ibiltariak. Eta hormatzarron oinarrian, ur zulo erraldoi bat. Gipuzkoan zabalenetako bat omen da hura. Esploratzaile ausarta mira-mira eginda geratuko da konplexuak hartzen duen handitasunaren aurrean. Bisean bis, 50 metroko ezohiko isurbidea. Eta aho durduzagarriaren atarian, harrizko bloke handiak antzemango ditu. Aliziaren lurralde miresgarrian legez, bisitaria iratxoen pare ibiliko da.

Ur emari eskasa izaten du Arantzazukoak. Zulo barrenetik erbesteratu baino lehen, Iritegi iturbegiko emaria indar elektrikoa sortzeko baliatzen dute beheragoko zentral hidroelektrikoan. Horren ondorioz, ibaiko ohantzea harri koskorrez beztituta agertuko da sarri. Baina, begiak arranpalo, ibiltariak harago finkatuko du soa. Izan ere, ibaian goxo-goxo kulunkatzen den ur gardena ez baita tupustean lurruntzen, ez eta tak! betiko galtzen ere. Finean, ur bihurriek konplexu karstikoko galerietatik zehar jarraitzen dute harmonia adeitsuan.

Ura, haitzuloak eta konplexu karstikoaren funtzionamenduaz jabetzeaz gain, Aizkorri-Aratz natura parkeko beste altxor batzuk deskubrituko ditu ibiltariak, baserririk baserri ibiltzen den bitartean. Arantzazu ibaiaren altzoan asko dira-eta magalean uzkurtzen diren baserriak. Albitxuri eta Arrolakoak, beste batzuen artean.

Sigi-saga harbidean behera

Arantzazuko santutegiaren aurreko aparkaleku zabalean GR eta PR ugari daude. Horietako batzuk argibide tauletan ondo marraztuta agertuko dira. Erabat tentagarriak, Arantzazu ibaiaren arroila gainean amu gisa jarrita baitaude. Talaiatik bertatik paisaia astintzeak errespetu pixka bat ezartzen du. Izan ere, oinen azpian desnibel handia dago: ehun metro baino gehiagoko erorketa librea Arantzazuko ibairaino, ederki marraztuta Pirinioetako arroila zirraragarri baten moldean. Baina, zorionez, bisitariaren begiradak labirinto karstikoko zoko-mokoak zeharkatuko ditu talaia beretik, eta Aitzabal tontor piramidalean sosegu hartuko du. Hain da ederra!

Panorama ezin liluragarriagorik izaki, Artaso, zuhaitz motzen ibilbidea lagun hasiko du ibilbidea oinezkoak, PR zidorrari dagozkion seinaleak ardatz hartuta. Maldan behera abiatuko da kareharrizko eskailerak sendo-sendo zapalduta. Lizarrak, haritzak, hurritzak eta gaztainondo xumeak ondoan, sigi-saga egingo du bidexkan barna, Kantabriako Tresvisoko meatze bidean tipi-tapa ibiliko balitz bezala. Lau minutu hara eta hona, eta bidebanatze batera helduko da. Ezkerreko zidorra aukeratuko du, aldapatsua izanagatik ere, xenda garbi-garbi azalduko zaio-eta. Beraz, Kortakogain, Artaso eta Arrikrutz inguruko zidorrak bertan lagako ditu. Oraingoz.

Arantzazu ibai lehorraren aurrean, eskuinera jo eta, asfaltoa lagun, sakanean behera jarraituko du. Aurrerago, ibaia gurutzatzeko aukera ikusiko du. Joan-etorria egingo du hor, Iritegi iturburua ikusteko xedez. Beraz, ezkerraldean dagoen zubia gurutzatu eta alanbrea igarota, ibaira jaisten den zidorrari men egingo dio. Arantzazu ibaia elikatzen duen iturbegi emaritsua ikusiko du laster, hots, kareharrizko horma bertikaletik indarrez isuritako urre gardena.

Iturburua ikusi eta gero, bide nagusira irtengo da berriz. Asfaltoari atxikita minutu batez egingo du ondoren. Kortakogainera iritsi gabe, ezkerretik irteten den zidorrari men egingo dio. Hurritzak, pagoak eta astigarrak itzurtzen Akuegiko errotara iritsiko da azkenik. Suspirio bat entzungo da han, etxetzarretik hurrean. Aukera izenez gero, harri biribil eta labainkorren gainetik saltoak eginez, ur-jauziraino iritsiko da. Ur-masaren kolpeak basoaren iluntasuna urratzen du, baina ibilguan ez du errotarririk topatuko, aspaldi eten baitzuten bere jarduna.

Ibaian behera jarraituta, zentral hidroelektrikoraino gidatuko du bidexkak. Ur-masa bertan pilatzen da, dikearen atexkak noiz zabalduko zain. Ibaiko ura iraulka ibili ondoren, sosegua topatuko du orain, baina emariari dagokion ohantzetik aldenduta. Bahitutako urak ubidetik jarraituko du zoli, indar elektrikoa sorraraztera. Bidaia on!

Baserriz baserri

Bidexkak banantzen direnean, ibaira jaisten dena utzi, eta zehar-zehar jarraituko du, ubidearen menpe. Gesaltza auzora hurbildu ahala, paisaia handitu egiten da. Hormatzarren oinaldetik ur biziak erbesteratzen dira hinki-hankarik egin gabe. Euri jasa handiak gertatzen direnean, ibaiko urek, ez bat ez bi, aho aztoragarrian barrena bidaia iluna egingo dute. Ikaragarria, orduan!

Auzoa zeharkatu eta Arantzazura doan errepidera irtengo da jarraian. Asfaltoa zapaldu gabe, ordea, ezkerretik jarraituko du inguruko baserriak ezagutzeko asmoz. Aldats txiki bati aurre egin eta gero, Aitzabal eta Aizkirri baserrietara iritsiko da. Eta Albitxuri baserri ederrera pitin bat aurrerago. Albitxuri-Zabal baserri paretik igarota, Azpilletara doan bidea laga, eta zuzen egingo du, Arrola izeneko baserrirantz. Arrolako eraikinek osatzen duten plazatxoan, eskuinera egin eta, harbide zaharrari jarraituta, Karoigaingo etxolara iritsiko da. Maldan behera joko du han, Iritegiko iturbegia helburu. Langa bat igaro ostean, ezkerreko xendari oratu eta, harrizko eskaileretan saltoka ibili ostean, zelai batera irtengo da. Ezkerretik hartuko du han, eta, gaztainondoak lagun, Iritegiko iturburura doan bidearekin bat egingo du, arin-arin. Arantzazuko aparkalekura igo, eta Arantzazuko ingurubira ixteko, harbide harritsua baliatuko du berriz ere ibiltariak.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (IV): Leitzalarrea.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather