Ibilbideak

Ixkibar, Urdola, Izaieta, Leitzalarrea

  • Herrialdea: NAFARROA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ixkibar, Urdola, Izaieta, Leitzalarrea
  • Distantzia: 6,6 km. 2 ordu.
  • Ingurunea: Euskara, mitologia, artea, historia eta natura deskubritzeko toki aproposa aurkituko du ibiltariak Leitza herrian. Gero, harriari gorazarre egiteko, sartu-irtena egingo du 'Peru Harri' deritzon museoan, zer ikasia eta zer ikusia du-eta bertan.
  • Abiapuntua: Ixkibar

UDAKO SERIEA. Iragana, harrietan irarrita (IV). Leitza.

Leitza, harriaren gorazarretan

Euskara, mitologia, artea, historia eta natura deskubritzeko toki aproposa aurkituko du ibiltariak Leitza herrian. Gero, harriari gorazarre egiteko, sartu-irtena egingo du 'Peru Harri' deritzon museoan, zer ikasia eta zer ikusia du-eta bertan.
Harriaren munduan murgiltzeko aukera dago Peru harri museoan.
Harriaren munduan murgiltzeko aukera dago Peru harri museoan. JOSEAN GIL-GARCIA

2022-07-22 / Josean Gil-Garcia

Leitza (Nafarroa) ibarreko bazter liluragarrian harriari eskainitako toki berezi bat dago: Peru Harri izenekoa. 2010etik hona sona handia hartu du paraje horrek. Behin kareharrizko arkuaren azpitik igarota, artez eta kulturaz beztituriko gune horrek sorgindua sentituko da bisitaria. Muinoaren oinaldean ikusiko duen 300 urte baino gehiagoko baserri zaharberrituak arreta guztia erakarriko dio. Etxe barruko hiru solairuetan, argazkiak, txapelketetan erabilitako arropak, oroitzapenak eta, batez bere, harri puska ugari ikusiko ditu. Lan eskergaren egileak Iñaki Perurena eta haren familia dira. Museoan, beraz, ez dago motiborik etsipenerako. Harrizko artelanez osatutako itsasoan ilusioa eta pasioa ezinbestekoak dira, eta ontziburuak ahaleginak egingo ditu emozioari eusteko. Ezin esanguratsuagoa Perurenak harriari eskainitako bertsoa: «Zu zera nire bidelagun, baita bide luzeetan ere. Zu zara nire ametsen ispilu, zu zara nire leiho ta zu zera nire kabi. Zu zara amestutako egiaren egiazko ametsa».

Lemari maisukiro eraginda, hortaz, toki batetik bestera gidatzen du Perurenak turista saldoa. Katapulta aldera, aurrenik. Txikitxoek ere parte hartzen dute afera horretan. Tirriki-tarraka bada ere, kablea ardatzera eramatea lortzen dute azkenik. Gero, xuxurla estrainio baten ondoren, hatsa zintzurrean trabatzeko moduko isilunea nagusi dela, harrizko bola handia zerua zeharkatzera abiatzen da, tximista baten antzo. Parabola zabal eta nabarmena marraztuta, harriak eremuko soropila joko du azkenik, jendetzaren txaloen artean.

Naturarekin eta mitologiarekin topo egiteko leku aproposa da Leitzakoa. Baina ez da toki bakarra. Leitzatik kilometro batzuetara, Leitzalarrea izeneko basoa dago. Leku bakartua bezain ederra da, paseatzeko eta naturarekin ontzak egiteko aproposa. Leitzalarrekoan, aspaldiko izeidi bat hazten da. Ibiltaria monumentu natural hura ezagutzera abiatuko da Ixkibarreko atsedenlekuan abioa hartuta. Parkean barrena sakabanatutako monumentu megalitikoek argi asko erakusten dute gizakiaren presentziaren antzinatasuna.

Leitzalarreko parkea

Ibiltariak, Leitza herrian, Donostiarako errepidea hartuko du aurrena; Plazaolara doan asfaltoa hurrena; eta, azkenik, Leitzalarrea seinaleari men egingo dio. Guztira hamar kilo metro inguru autoan, errepide estuak eskaintzen dion paisaia dotoreaz bapo gozatuta. Hala, pago lirain eta haritz zimurtsuen artetik, Ixkibar izena hartzen duen parajeko atsedenlekura iritsiko da. Bide seinaleak ikusiko ditu basabide bazterrean. Eskuineko zidorrari ekingo dio, hots, SL-NA 284 kodea egokitu zaion ibili laburreko xendari. Hari segika, Leitzalarreko hainbat zoko-moko bisitatuko ditu: Aritzaundi, Urdola eta Sarasain, besteak beste.

Olanzko erreka eskuinean duela, geldoki hasiko da, basoa inola ere ez lozorrotik atera gabe. Ibilian hasi eta metro gutxira, Olantzeko bazterrean, ezkerretik doan xendari men egingo dio. Alertze basoaren babespean, Aritzaundira iritsiko da. Oroitarri batek azalduko du haritz sendo bat izan zela han. Harriko epitafioak gogora dakar 1888ko martxoko elurte oparoaren afera. Maindire zuria hain astuna izan zen, non errotik atera baitzituen ama lurrarekiko lotura estuak. Haritz zaharraren zainen ondoan haritz berri bat ikus daiteke egun, behialakoa ordezkatuz.

Sosegua hartu ondoren, eskuineko bidetik jarraituko du, malda samurraren abaroan. Basabideak eskuinera egiten duenean, ibiltariak zuzen joko du goratasuna hartzen segitzeko gogoz. Pagadia atzean utzi berritan, bidebanatze bat ikusiko du. Ezkerreko bideari ekingo zaio han, eta, tamaina ederreko haritzak gogaide, burdinazko barrera baten aurrean geldituko da. Zeharkatu ondoren, Urdolako zelaia aurrez aurre izango du. Bidexkak gainaldera zuzen jo gabe, zehar-zehar abiatuko da, ofitazko mazelari gortea eginez. Zinez eskertuko du xendaren deliberamendua. Izan ere, hanka punttak belardian murgiltzeko aukera baliatuta, paraje ederra korritzeko abaguneaz ederki gozatuko du ibiltariak. Aurrerago, basoaren iluntasunean berriz sartu aurretik, agindu bi beteko ditu bide batez: muinoko sabaian atanda edo mapa harri bat ikusiko du Leitzalarrea inguratzen duten bazterrak eta mendiak identifikatzeko; urrutiago, muinoaren muturrean, Urdolako harrespila antzemango du.

Izaieta, izei batzarra

Mapa harritik ehun bat metro aurrera egingo du, Urdolako gainari bizkarra emanez. Basoaren atarian ikusiko duen hesia gurutzatu gabe, pagadiaren ertzetik jarraituko du, ipar-ekialderantz urratsak eginez. Etxola erori baten inguruan, bideak eskuinera egin, eta, alanbre bat igarota, Urdolabarrenean zehar gidatuko du ibiltaria. Aldapa behera gozatu ondoren, basabide batera irtengo da. Ezkerretik jarraituko du aurrera. Errekaren ondora iritsita, eskuineko bidea hautatu, eta Sarasain iturrira helduko da. Basabide nagusitik jarraitu gabe, noranzkoa aldatuko du. Hala, Koskain aldera egingo du, hareharri gorri eta grisez jantzitako harbidean gora. Olaetako errekasto xumea gurutzatu ondoren, hariztiaren domeinuan sartuko da.

Koskaingo aterpetxera helduko da ziztuan. Etxearen atzealdetik doan bidexkari jaramon egingo dio ibiltariak. Errekastoa ondoan duelarik, pago eta haritzak itzuriko ditu, harik eta basabidera berriz irten arte. Orduan, ezkerrera hartuko du han, eta Izaieta monumentu naturala hazten den lekurantz abiatuko da. Aldats xumearen bukaeran Sarasain Bizkarrera helduko da. Pistatik hur-hurrean, izen bera daraman mairu baratzea ikusteko aukera izango du.

Lepoko bidebanatzean, beraz, eskuinekoa hartu eta minutu gutxiren buruan Izaietako basora helduko da. Parkearen sarreran azaltzen denez, Izeia esaten diote 1832ko izei talde horri. Garai hartako haztegi batetik geratzen diren aleak dira. Udegiko eta Egimearreko errekastoek mugatuta, naturazaleak, izei zuri erraldoiak ez ezik, bertantxe hazten diren espezie ugari ere ikusiko ditu. Bisita egin ostean, bide nagusira irten, eta basabidean aurrera egingo du Sagarmiako errekari begirik kendu gabe. Laster batean iritsiko da Ixkibarreko atsedenlekura, eta Leitzalarrean barnako ingurubira amaituko du.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (V): Atakagaitzeko harri zulatua.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather