Ibilbideak

Athekagaitza, Atharriko lepoa, Atharriko gaina, Legarreko lepoa, Urtzumuko talaia, Itsasu

  • Herrialdea: Lapurdi
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Athekagaitza, Atharriko lepoa, Atharriko gaina, Legarreko lepoa, Urtzumuko talaia, Itsasu
  • Distantzia: 10,5 km. 3 ordu eta 32 mn.
  • Ingurunea: Atharri eta Arrokagarai muinoen artean Athekagaitzeko arroila dago. Kondaira eta pasarte ugariren ametsezko tokia izaki, ibiltaria geldoki abiatuko da Errolan harria bisitatzeko asmoz. Gero, Atharri eta Urtzumuko talaietatik pasatuta, ingurubira eder bat osatuko du.
  • Abiapuntua: Itsasu

UDAKO SERIEA. Iragana, harrietan irarrita (V). Athekagaitza.

Athekagaitzeko leihoa

Atharri eta Arrokagarai muinoen artean Athekagaitzeko arroila dago. Kondaira eta pasarte ugariren ametsezko tokia izaki, ibiltaria geldoki abiatuko da Errolan harria bisitatzeko asmoz. Gero, Atharri eta Urtzumuko talaietatik pasatuta, ingurubira eder bat osatuko du.
Kuartzita urdinez eta gaztainondoz jantziko dira Latseko bazterrak.
Kuartzita urdinez eta gaztainondoz jantziko dira Latseko bazterrak. JOSEAN GIL-GARCIA

2022-07-23 / Josean Gil-Garcia

Itsasu herria Lapurdiko hegoaldeko udalerri pintoreskoa da. Bi gune nagusi kausituko ditu bisitariak Errobi ibaiaren magalera iritsitakoan. Lehena, pilotalekuaren eta herriko etxearen inguruan dago, etxe dotorez apaindua. Bigarrena, beherago, San Fruktuoso elizaren inguruan. Eskolak, hilerria eta Iparraldeko lehen Aberri Eguna gogora dakarren mugarria antzemango ditu han behean, Errobi ibaiak sorrarazten duen haitzartearen atarian. Dudarik gabe, Itsasuko arroila akuilu ezin hobea da eskualdeko turismoa sustatzeko; izan ere, hamaika bisitari abiatu ohi dira Errolan harria bisitatzeko gogo biziz.

Artzamendi eta Mondarrain tontor ezagunak udalerriaren hegoaldean agertuko dira. Tentagarriak, zinez, Itsasu inguruko bazterrak deskubrituko badira. Halere, oinezkoarentzat proposamen egokiagoak badaude inguruan, hain zorrotzak ez direnak: Atharri, Kondixingogaina eta Urtzumu, esaterako. Itsasu inguruan zirkuitu interesgarri bat osatzeko aukera polita emango dute muino horiek.

Fruitu txiki gorrixkak ahogozatzeko parada ere bada Itsasun. Urtero-urtero gereziaren besta antolatzen baita. Plazak eta karrikak bisitariz mukuru jartzen dira orduan. Alta bada, jende andana hurbiltzen da gereziaren laborea bertatik bertara ikusteko asmoz. Ekaineko lehen igandea gorriz markatzen da egutegian, hortaz, gereziak miresteko aztura aspaldikoa baita. Izan ere, gerezien garrantzia agerikoa da, eta herriko armarrian ere protagonismoa hartzen dute.

Begiak ez ezik, gainerako zentzumenak ere dantzan jarriko ditu festazaleak fruitu mamitsu eta azukretsua ahoratzean. Marmeladan jarrita ala hutsa. Egun seinalatuan, egitarau oparoa antolatzen da musika, dantzak eta gastronomia uztartuta. Beraz, Ezpeletako piperraren sor-marka ez ezik, peloa, xapata eta beltxa gerezi barietateak ere franko ezagunak dira itsasuarren artean. Milaka gereziondo erroitzen dira mendi hegaletan, eta urteko produkzioa 15-20 tona ingurukoa izaten da.

Harrizko leihoa

Athekagaitzeko leihora doan ibilbidea Itsasu herriko plaza nagusian hasiko da, pilotalekua eta Hotel du Fronton altxatzen diren lekuan. Arrabota eskuinaldean lagata, karrika nagusitik goratasuna galtzen hasiko da ibiltaria. Balaki trinketa aurrez aurre dela, eskuinera egin eta San Fruktuoso elizarantz joko du. Metro batzuk karrika horretan, eta berriz hartuko du eskuinera, elizako bideari oratuta. Asfaltoan behera egiten ari dela, Arrokagarai eta Atharri muino luzeen artetik irekitzen den arroila xumea antzemango du. Muino bien artean, Artzamendi erraldoia. Athekagaitzeko leihoa zokogune horretan dagoenez, haranzko pausoak emango ditu oinezkoak, paraje magikoak sorginduta.

Esponda baserriaren parean (1690), ezkerreko karrikari oratuko zaio ibiltaria, Bidarteko eta Berrueteneko bideei muzin eginda. San Josep eskola atzean utzi eta berehala, eliza ondoan izango da. Atharriko patarra adierazten duen seinaleari jaramonik egin gabe, pauso zuzenak egingo ditu Pas de Roland edo Athekagaitzeko harriaren aldera. Errobi ibaia jauzika doan bezalaxe, hola abiatuko da. Bide zaharra galipotez beztitzen baita, turisten autoetatik itzurian ibiliko da erne-erne, harik eta harri sonatuaren alboan jarri arte. Orduan, bai sosegua! Harriaren azpiko pasabidea Errobi arroilaren hasieran ikusiko du. Leihoa eta guzti. Errolanek egin omen zuen zulo hori, seguru asko ezpata ezaguna eskuan zuela.

Dena dela, harri sendoak bertan dirau, tinko-tinko, bisitarien aiduru, Errobi biziaren altzoan altxarazita. Arroilara gerturatu ahala antzeman badaiteke ere, Athekagaitzeko bazterra ezin liteke txundigarriagorik. Alta bada, gertakarien kronologiak begirada hainbat mende atzerago botatzera behartuko du. Kondairaren arabera, parajeotan ibili zen Errolan, Karlomagnoren iloba. Jenio indartsua izan omen zen hura, eta ezaguna egin zen harri izugarriak jaurtitzen zituelako mendi punta batetik bestera. Itsasuko inguruan, ordea, tradizioak jasotako elezaharrek erraldoitzat hartzen dute Errolan ahalguztiduna.

Atharriko gaina

Latseko auzotik hur-hur, atseden hartzeko gonbita egingo du hondartza xumeak. Bordagaineko errekak eta Errobi zabalak bat egiten duten bazterrean, hain zuzen, sosegurako deia egingo du ur emariak. Oin punttak busti ez ezik, soina freskatzeko aukera ere baliatu izan du orain arte haraino gerturatzen zen orok. Bizkitartean, zoriak lagunduta, ur laster bizian behera joan ohi diren txalupak igarotzen ikusteko paradaz gozatuko du. Ibaia gurutzatu gabe, Bidarrai aldera egin gabe, Atharriko lepora doan bidea hartuko du. Auzoa igaro berritan, Heleteneko patar ezti bati goiti jarraituko du. Malda amaituta, asfaltoa utzi, eta, kuartzitaz eta eskistoz osatutako harbide baten moldean, Atharriko lepora doan zidorrari oratuko zaio.

Haritzen eta gaztainondoen babesean, goratasuna hartuz joango da, Bordagaineko errekak irekitako ibar xumearen gainean ikuspegi ederrak dituelarik. Bide sardara iristean, xenda nagusitik irten eta eskuinetik gora egingo du, Atharriko lepora iristeko. Patar xumearen abaroan egonda, ziztuan kokatuko da goialdea janzten duen zelaian. Porlanez egindako gurutze bat ikusiko du lepoan. Ezkondrai tontorra eta, gorago, Mondarrain handia bistaratuko ditu hegoaldean. Ezkerrera egingo du lepoan, eta mendebaldera emango ditu pausoak. Iraztorra alde bietan duela, hinki-hankarik egin gabe tontorrera joko du zuzen-zuzen. Antena txiki bat dago Atharriko gailurrean. Garo artetik doan zidorrari jarraituko dio gero. Berehala, Legarreko lepora iritsiko da. Zuharretako lepora eta Mondarrain mendi ezagunera doan bidegurutze sonatuan dago. Ezkondrai tontor piramidalari bizkarra emanez, eskuinera hartu eta Gerastoko bideari jarraituta, Haraneko baserri multzorantz abiatuko da, aldats behera. Errepidean sigi-saga, Haraneko bordara iritsiko da aurrena. Panparrin (Pamparinia) etxe ikusgarrira hurrena, eta Basaburuko errepidera azkena.

Itsasuko aerodromoa

Haraneako lepoan, errepidea gurutzatu, eta Urtzumuko itzuliari ekingo dio. Lehen bidebanatzean, bide patartsua laga eta haren eskuinetik doan bide samurretik jarraituko du. Eskisto eta konglomeratuak basabidean zapalduta, Kondixingogainera iritsiko da, hots, Urtzumu mendiko hego-mendebaldeko goi ordokira. Hiru pago dotore ikusiko dira han. Zelaiko Itur Xokoan altxatzen den ur biltegia inguratu ostean, eskuinera hartu eta Urtzumuko bideari helduta, Itsasuko aerodromora iritsiko da.

Aerodromoko hangarraren parean, Touring Club de France elkarteak 1925ean jarritako mapa harria ikusiko du, baita atseden hartzeko parke bat ere. Errepide estuan aurrera eginda, Maxarrea baserri ondotik igarota, gaztainondoak eta haritzak bidaide, Itsasuko plazan amaituko du ibiltariak Athekagaitzeko ingurubira.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (eta VI): Ebro ibaiaren ingurua.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather