Ibilbideak

Lapuebla de Labarca, Remolinos parkea, Cortijoko saltoa, Rincon muinoa, Ebro ibaia

  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Lapuebla de Labarca, Remolinos parkea, Cortijoko saltoa, Rincon muinoa, Ebro ibaia
  • Distantzia: 21 km. 4 ordu eta 45 mn.
  • Ingurunea: Ibiltariak bapo-bapo gozatuko du Errioxako paisaia ikustean, mahasti itsasoa ondoan duela. Rincon eta Gazteluko talaiak ere bisitatuko ditu, El Cortijo auzoari gorte egiten dion trenbide berdea baliatuta.
  • Abiapuntua: Lapuebla de Labarca

UDAKO SERIEA. Iragana, harrietan irarrita (eta VI). Ebro .

Ebro ibaiaren abaroan

Ibiltariak bapo-bapo gozatuko du Errioxako paisaia ikustean, mahasti itsasoa ondoan duela. Rincon eta Gazteluko talaiak ere bisitatuko ditu, El Cortijo auzoari gorte egiten dion trenbide berdea baliatuta.
Ibai ondoko terrazetan, pilaketa alubialen gainean, mahastiak agertuko dira.
Ibai ondoko terrazetan, pilaketa alubialen gainean, mahastiak agertuko dira. JOSEAN GIL-GARCIA

2022-07-24 / Josean Gil-Garcia

Naturgune honetako protagonistak Ebro izena darama. Ibai emaritsua izaki, Arabako probintziako hegoaldea uretan mugatzen du horrek. Ur masa astitsua mendebaldetik ekialdera abiatzen ikusiko du ibiltariak, mantso-mantso, ur hegaztien konpainian. Ubarroi handia eta lertxuna, kasurako. Lehenak El Cortijoko aintzira hautatuko du, seguru asko errunaldia arrakastaz aurrera eramateko asmoz. Haren lumadia ez baita irazgaitza, hego beltzak zabal-zabal jarrita, adaska lehor baten gainean pausatuko da geldi-geldi, emeki-emeki. Eguzki amandrearen esanetara, une goxoa profitatuko du hegazti taldekoiak, betiere ilunabarrak aurrea hartu aurretik. Lertxun lirainak inguralde bera hautetsiko du. Horrek ere enbor lehor grisaxketan finkatuko du arreta. Pausaleku horiek baitira hegazti horrentzat talaia eta babesleku. Karranka erlatsa aireratuz, hegal eragite geldoa marraztuko du ibaiaren gainetik. Zapla-zapla uretan, barne-bilduan, naturarekin bat egingo du geldi-geldi, emeki-emeki.

Ur lasterraren alde bietan, antzerako substratuak, terrazak eta muinoak agertuko dira. Izan ere, mendeetan zehar eskualdeko paisaian eragin handia izan du Ebro ibaiak. Parajeotara aurreneko aldiz hurbiltzen denak ongi daki zer den so egitea paisaia ondulatuan barrena. Baina, gero, ibar xumeetan begirada zorroztuta, pikor fineko hareharrizko material ugari antzemango ditu han eta hemen, batik bat Ebro ibaiko ohantzera hurbiltzeko pausoak ematen dituen heinean. Alabaina, Errioxakoan ez da dena kolore okre-horixka; mahastiek hartutako ordokien gainean muino deigarri batzuk goitituta ikusiko ditu-eta: tontor batzuk piramideen antzo tupustean gailenduta antzemango ditu; eta beste batzuk, menturaz higadurari aurre egite aldera, mahai zabal batzuen itxura hartuta. Edonola ere, muino horietako lurzorua egongaitza izanagatik ere, besteak beste sastraka xerofiloak, artadi trinko xumeak eta, oro har, hegoaldeko klimari dagokion landaretza bitxiak jantzita agertuko dira.

Meandro itxurako eremua izaki, Ebro ibaiko pilaketa alubialak gertatuko dira han-hemenka, lurzoru hareatsuarekin batera. Meandroaz beste aldean, ordea, akaso ezponda bertikalak atentzioa emango dio behatzaileari. Remolinos atsedenlekuaren inguruan, uholde lautadaren gainetik galeria osatzen duten zuhaitzak ikusiko ditu bidaztiak. Beste batzuen artean, makalak, hosto txikiko lizarrak, sahatsak eta haltz beltz bakan batzuk.

Ebroko jauzia

Lapuebla de Labarca (Arabako Errioxa) herrian emango zaio hasiera ibilbideari. Herriko plazatik behera egingo du, Fuenmayor aldera, eta lehendabiziko bihurgunean gelditu egingo da. Izan ere, atsedenleku baten antzera kokatuta, Ignaziotar Bide sonatuari gorazarre egiteko parkea egokitu baitute. Errepidean behera jarraituko du gero, eta atxitamatxien inguruko xehetasunen berri izango du parke xumean. Ebro gaineko zubira iritsiko da jarraian. Tentu handiz, baina, errepidearen paraleloan jarraituko du, eta Geltokiko auzorantz (Fuenmayor, Errioxa) bideratuko ditu pausoak.

Castejon-Bilbo trenbidearen azpiko tuneletik igaro gabe, ezkerretik doan zidorrari men egin eta Ignaziotar Bideko tinda laranjako markei jarraituko die. Zuzen-zuzen joko du silo aldera, eta, espero duenaren kontrara, mahasti zabalean sartu gabe —debekatuta dago—, burdinbidearen ondoan ehunka metro egingo ditu hosto txikiko lizarrak eta intxaurrondoak bidaide dituela. Haien hostoek seguru asko ez dute dardaraka hasteko ere indar nahikorik izango; izan ere, bero sapa itsaskorra gertatzen denean —uda partean, batik bat— ezer gutxi mugituko da parajeotan. Une batez, trenbidea gurutzatuko du, eta Molino Quemado izena hartzen duen bidetik jarraituko du, astiro-astiro.

Mahastiak alde bietan dituela, bidebanatze batera helduko da. Ignaziotar Bidea lagatzeko unea izango da orduan. Ezkerrera egin, eta Remolinos bidearen esanetara jarriko da ibiltaria. Bihurgune helikoidal batek trenbidearen azpiko tunelean utziko du oinezkoa. Hango ilunpean barneratzearekin batera, irudipen arraro samarra izango du. Izan ere, buru gainetik trenak igarotzen diren bitartean, ur-masa ondoko aintziran bil-bil egina ikusiko du. Baita El Cortijoko presa uhateduna ur lasterra baretzen ere. Aurrerago, urtegiko uhatetik datorren jauzi hotsa entzungo da. Isil-isil jarraituko du haraino, ur emariaren paraleloan doan nekazari bideari helduta. Bizkitartean, urtegia bisitatzen duten hegaztien urrumaz gozatuko du.

Rincon eta Gaztelua

Saltoko uhate multzoa ezkerraldean duela, ikusiko du gaur egungo trenek bestelako trazadura daramatela. Laster jakingo du Castejon eta Bilbo lotzeko asmoz 1863an inauguratutako trenbidea El Cortijo auzoan gelditu zela aurreneko aldiz, 1934an. Baina, gauzak zer diren gero, zerbitzua hainbat hamarkadatan eman eta gero, Ebro ibaiko meandroak inposatutako bihurgunea bazterrean geratu zen betiko. Gaur egun, beraz, Ribapedron azpitik jarraitzen du tren arinak.

Eskuin-ezker egin gabe, ibiltariak aurrez aurre duen tunel xumea hautatuko du. Aho ilunetik irtenda, ezkerrera egin eta utzietsitako trenbide berdera igoko da. Remansoko begiratokia aproposa da Ebroko ura ikuskatzeko, baita El Cortijoko zentral hidroelektrikorako eraikitako zazpi uhateetan arreta fintzeko ere. Iparralderako urratsak egingo ditu ondoren, eta bigarren behatokira helduko da. Toloño eta Kodes mendilerroei begira jarraituko du. El Cortijo auzotik hurbil-hurbil, bidea gotortu eta behialako geralekura iritsiko da. Markesina atzean utzi eta errepidean gora egingo du gero, elizako plazara iristeko.

El Cortijo auzoan hasita, Gaztelua eta Rincon gainetara igotzea erraza da. Lehena karlistada garaiko dorre optikoa da, talaia ederra Arabako eta Errioxako bazterrak hartzen dituen mahasti itsasoaz gozatzeko. Auzoko igerilekuetatik gora eginda, erraz asmatuko du ibiltariak tontorrerainoko bidea.

Rincon muino piramidala bisitatuko bada, ordea, hobe da auzoan sartu eta pilotalekuaren atzetik jarraitzea. Gero, Logroñoko hiribidean aurrera egingo du, bihurgunera iritsi arte. Orduan, asfaltoa laga, eta, Toloño mendigunean begirada jarrita, trenbide berdearen gainetik igaroko da. Bidebanatzearen erdi-erdian, Jesus Barcenas bizilagunak egokitutako eguzki erloju bitxia ikusiko du. Eskuinetik segituko du orduan, Mantible zubi erromatarra helburu duen nekazari bideari ekinez. Azkenik, tontorrera zuzen-zuzen egingo du, muinoaren ertzetik bertatik doan zidorrari ondo-ondo atxikita.

Demanda eta Toloño mendilerroen arteko paisaia zabalaz gozatu ostean, tontorretik jaitsi, eta, ibilbide berdea lagun, Lapuebla de Labarcarako bideari oratuko zaio berriz ere.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather