Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Mendi ibilbideak

Besadegitik Aranora

Adarra eta Arano arteko gandor belartsuan zehar, iruinarri, harrespil eta trikuharri ugari daude barreiaturik.
Añarbeko urtegia, Aranomenditik.
Añarbeko urtegia, Aranomenditik. MIKEL ARRIZABALAGA

2022-09-13 / Mikel Arrizabalaga

Adarra-Mandoegiko mendilerroan, estazio megalitiko multzo handia zabaltzen da. Guztira 22 ezagutzen dira, eta horietako batzuk ondo kontserbaturik daude. Gure arbasoek, mendi horien magal eta muinoetan barreiaturik utzitako lekuko garrantzitsu batzuk ezagutuko ditugu ibilaldi honetan.

Adarrara igotzeko, ohiko bidetik abiatuko gara, baserri-jatetxearen aurrean dagoen plazatxoari bizkarra eman, eta Aldapeta baserrira doan porlanezko pista hartuko dugu. Pista utzi, eta eskuinera langa bat zeharkatuko dugu. Pagoz eta haritzez osatutako baso txiki batean murgilduko gara jarraian. Maldan gora, pinudiak eta pagadiak zeharkatuz, errekaren ondora helduko gara bidea bitan banatuz. Erreka zeharkatu, eta oso nabarmena den xendari jarraituko diogu zelai batera heldu arte. Hortik aurrera, Adarrako ekialdeko hegala zeharkatzen duen bide nabarmenari jarraituko diogu Etenetako leporaino. Heldu aurretik iturri bat ikusiko dugu.

Lepora iritsi, eta bertan ikusiko ditugun Burdin Aroko mairu baratze desberdinen aztarnen artean Eteneta I-ekoa da nabarmentzen dena, eta erdian, zutik, bi metro eta erdi pasatxo dituen iruinarri bikain bat ikusiko dugu. Parean ikusiko dugun xendari jarraituko diogu eskuinera jota, eta Oindora doana saihestu. Laster, Otsolepora iristean, Zaburu inguratzen duen bidea utzi, eta gailurrera igotzeko eskuinera ateratzen den xenda segituko dugu. Ondoren, Akelarreko lepora jaitsi, Antxistako trikuharritik gertu pasatu, eta Azketara doan bidean barna aurrera egingo dugu. Ez da derrigorrez gailurrera igo behar, hura inguratzen duen bide eroso bat baitago.

Azketatik, izen bera daraman lepora jaitsi, eta Etzalako lepora iristean, Leunetara igotzen hasiko gara. Errekarteko leporantz segituko dugu lehenbizi, Abadekurutz eta Mandoegirantz doan bidea utziko dugu. Oso nabarmena den xendatik, hogei mairu-baratze baino gehiagoz osatutako Errekalekuko ingurune megalitikora jaitsiko gara. Horietako batzuk nahikoa osaturik daude, eta erraz nabarmentzen dira bidearen alboan. Lepo horretatik, eta Aranotik datorren pista ezkerrera lagata, Arriurdingainerantz abiatuko gara.

Tontorretik, eta mairu baratzez beterik dagoen xendari jarraituz, Oraunera helduko gara, eta berriro bat egingo dugu pistarekin. Hura utzi, eta Aranomendirantz igoko gara. Mendi horrek, Añarbe eta Artikutzako urtegien inguruan dauden parajeen ikuspegi ederra eskainiko digu. Helmugatik gertu gaude, baina jaisten hasi aurretik, Jaun Donosti ermitaren ondora iritsiko gara. Herrira heltzeko aldapa pikoari jarraitu, Perutxo eta Olaso baserrien ondotik pasatu, eta Aranoko plazan berehala izango gara.

Nafarroako udalerri hori Gipuzkoako mugan dago. Baso eta larre ugari ditu, eta hango jarduera nagusiak basogintza eta abeltzaintza dira. Ezaguna da Pazko asteko hamargarren egunean urtero egin ohi zen ibilaldia, herria inguratzen duten mendietan barna. Gurutze bidea egiten zutenak leku gorenetan jarrita zeuden egurrezko gurutzeen aurrean geratzen ziren otoitz egiten. Egun, oraindik usadio horren aztarnak ikus ditzakegu, Jaun Donosti, Ontzorrozkogaña, Unamuno, Garagartza eta Intzingo lepoan (egurrezko gurutze zaharrak).

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather