Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Armañongo parke naturala, pedalkadaka

Ezustez betetako eskualdea zeharkatuko dugu ibilbide honetan. Turtzioztik abiatuko gara, eta toki berean amaituko dugu.
Lepoan geldiune bat egingo dugu, Karrantza harana miresteko.
Lepoan geldiune bat egingo dugu, Karrantza harana miresteko. IVAN RUIZ

2022-09-20 / Ivan Ruiz

Bizkaiko mendebaldean, Aguera eta Karrantza ibaien artean, Armañongo parke naturala dago; bertan daude barrunbe garrantzitsuenetako batzuk: hala nola Pozalagua, Ventalaperra eta Torca del Carlista haitzuloak. Enkarterrietako Karrantza eta Turtzioz udalerrien artean luzatzen dira lur horiek, eta nekez komunikatzen dira probintziako gainerako herriekin, errepide bihurgunetsu bat bitarteko. Ezagut dezagun, bada, sorpresaz beteriko eskualde bakartu hau gure zaldi gurpildunaren gainean.

Turtziozko zezen plazan hasten da gure ibilbidea (145 metro). Aguera ibaia zeharkatuz, Cuetora daraman errepidea jarraituko dugu aldapa gora. Bertara iristean, putzu barroko bat ikusteko aukera izango dugu, Burgosko artzapezpikuaren jauregiaren azken zirrikitua. 200 metro gorago, Santa Elisabet baseliza (XVII. mendea) eta horri atxikitako zezen plaza aurkituko ditugu. GR-123ari (Bizkaiko Itzulia) jarraitzen ari gatzaizkio.

Lehenengo bidegurutzean zuzen jarraitu, eta bigarrengoan ezkerrera joko dugu, Armañon mendiaren eki magalean zehar aurrera eginez. Ia hiru kilometroren ostean, eskuinera dugun aldapari jarraituko diogu, Sorrondegi mendiaren iparrean kokatzen den lepora iristeko (645 metro); bertatik El Mazo haitzaren eta Pico del Carlista mendiaren artean dagoen arrakala nabarmentzen da.

Norantza aldatuko dugu orain, iparrerantz, Armañon mendiaren mendebal hegala zeharkatzeko. Eskuinean, La Lama trikuharria eta ezkerrean Sopeñako artadia lagako ditugu. Bidea mendebalderantz biratuz doa ondoren, eta GR-123a Ranerorako norantzari jarraituz, mendilerro belartsuan aurrera egingo dugu Carcelares gainara iristeko (719 metro). Horren inguruan, Galupako trikuharriak aurkituko ditugu.

Jaitsierak harkaitz bereizgarri batera garamatza, eta ezkerretik inguratuko dugu, Santecillara jaisten den pista hartuta. Bertara iristean, bihurgune itxi batean, eskuinera joko dugu hormigoizko pista batetik. Ranerora daraman hartxintxarrezko bide lasai bihurtzen da ondoren.

Raneron ura hartzeko aukera izango dugu, Pozalaguako haitzulora daraman errepide aldapatsu gogorrari ekin baino lehen. Pico del Carlista mendiaren azpian aurkituko dugu kobazulo famatuaren sarrera, mundu osoko estalaktita eszentrikoen kontzentraziorik handienetako bat edukitzeagatik ezaguna. Sarreraren eskuinaldean, kalitate akustiko handiko anfiteatroa dago. Kontrako muturrean, berriz, Armañongo parketxea dago, eta horrek haranaren ikuspegi ikusgarria eskainiko du.

Atseden nahiko hartu ondoren, itzulerari ekin behar diogu; horretarako, Santecillara bueltatu, eta mendilerrotik jaisteko eraibilitako bidea hartuko dugu, lehenengo bidegurutzean eskuinera jota, altuera mantentzen duen pistatik jarraitzeko. Bide horrek Sopeñako artadia zeharkatu, eta ondoren, jaitsiera bizkor batean Paulesera garamatza. Han, Herbosora daraman hartxintxarrezko pista hartu, eta Angulo jauregira iristean, ezkerrean dugun basabidea hartuko dugu.

Igoera hori gaindituta, Gertakari Onaren Andra Marira iritsiko gara, Karrantzako zaindaria. Olgetarako parkera iritsi baino lehen, ezkerrera biratuko dugu (PR-BI 121, La Lama), aldapan gora eginez lepora heldu eta isurialdez aldatzeko. Behin jaitsiera hasita, lehenengo bidegurutzean zuzen jarraitu, eta hurrengo bietan ezkerrera eginez, baserri batera heldu, eta eukalipto basoan murgilduko gara. Jaitsiera nabarmentzen da gero; eskerrak zatirik zailenetan porlanezko lurzorua dagoela. Hala, bideak ziztu bizian eramango gaitu, Turtziozen bertan amaitzen den arte. Bertan dago gure helmuga.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather